Bidea ezin zailagoa bada ere, Gernikak lehen mailari eusteko duen azken aukerari eutsi nahi dio, zaleen babesarekin, igande eguerdi honetan Urbietan (12.00). Nahita ere, egoera ezin makurragoa da basurdeentzat, El Salvador liderrari irabaztea gutxi ez eta jokoan ezer ez duen Les Abellesek La Vilari irabaztea behar baitute. Baina zaila izanda ezinezkorik ez denez, azken postu horretatik ihes egin eta promozioa jokatzea da oraintxe bizkaitarrek buruan duten bakarra.
Cienciasen aurka duela bi aste jasotako porrot mingarria ahaztuta, Gorka Argulenak azken hatsa emateko prest dira, nahiz eta zenbakiak zeharo kontra izan. Esaterako, 2015eko maitzetik ez dira El Salvadorri irabazteko gai izan, azken zortzi partidak Gaztela-Leongoentzat izan dira eta denboraldi guztian bi partida baino ez dituzte irabazi Urbietan. Gainera, igandekoa partida garrantzitsua da Valladolidekoentzat, ligako lehen postuari eusteko garaipena behar dutelako play offei begira. Baina zauritako basurdea beti izaten da arriskutsuagoa eta ziur barruan duten guztia emango dutela.
Ordizia, duenari eustea
Egoera askoz lasaiagoa izan arren, ordu berean Ordiziak ere partida garrantzitsua jokatuko du Altamiran (12.00). Goerritarrak dira, etxean partidarik galdu ez duten hiru tadeetako bat eta final laurdenetan etxean aritzearen abantailaz gozatu ahal izateko behar beharrezkoa dute garaipena laugarren postuari eusteko. Parean lehen postuari begira dagoen talde bat izango dute, Santboiana. Kataluniarrak begi bat Altamiran eta bestea Urbietan izango dute, Ordiziren aurkako euren partida irabazteaz gain, Gernikak El Salvadorri irabaztea behar dutelako liga erregularreko lehen postua eskuratzeko.
Kasu honetan, aurrekariak goierritarren aldekoak dira, Sergi Guerrerorenek 2015etik ez baitute Ordizian irabazi.