NAIZ

Irungo Alarde Parekideak hiritar guztientzako alarde bat antolatzeko eskatu dio Udalari

23 urte dira Irunen bi alarde egiten direla: bata, emakumeak kantineren paperean baizik onartzen ez dituena; bestea, parte hartu nahi duen orori zabalik dagoena. Azken honen batzarrak hiritar guztientzako alarde bat antola dezala eskatu dio Jose Antonio Santano alkateari.

Irungo Alarde Parekidea, 2019ko ekainaren 30ean desfilatzen, txalo artean.
Irungo Alarde Parekidea, 2019ko ekainaren 30ean desfilatzen, txalo artean. (Jon URBE | FOKU)

Irungo Herriko Etxeak mendetan eta mendetan antolatu du alardea; kontzeju huts zelarik ere bai, eta XIX. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik eutsi dio gaur egun ezagutzen dugun erari. Alarde Parekiaren Batzarrak uste du «hiriak berriro merezi duela Udalak antolatutako alardea».

Izan ere, duela 23 urtetik bi alarde egiten dira hirian: bata, emakumeak kantineren paperean baizik onartzen ez dituena; bestea, publikoa, ez baztertzailea, Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoaz norbanako talde batek antolatua, parte hartu nahi duen orori irekia dagoena. Azken honen batzarrak hiritar guztientzako alarde bat antola dezala eskatu dio Jose Antonio Santano alkateari.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa, bai eta sexuagatik ezein bazterkeriaren debeku berariazkoa ere, toki erakundea barne den ordenamendu juridiko guztietan jasota dagoela oroitu du.

Halaber, Autonomia Estatutuak ere botere publikoen eginbeharra ezartzen duela agertu du, baldintzak sustatzekoa eta oztopoak gainditzekoa, pertsonek eta taldeek berdintasun benetako eta eraginkorra lor dezaten.

Zuzenean deitzen ditu arduradun politikoak

«Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna betebehar moral eta politikoa da, emakumeen eskubideak bermatzea dakarrena, bai eta pertsona guztientzako aukera berak eraikitzea ere». Beraz, batzarrak azpimarratu duenez, zuzenean deitzen ditu arduradun politikoak berdintasunaren oztopoak ezabatzeko lan egitera, jai giroan ere bai.

«Emakundek dioen bezala, berdintasuna elkarbizitzaren balio bat da, eta urteotan jendarte osoak, baita udal erakundeak berak ere, urratsak egin ditu aurrerantz berdintasunaren aldeko konpromisoan hainbat esparrutan. Horregatik, uste dugu iritsi dela konpromiso hori gure hiriko jaietan ere gauzatzeko tenorea; hain zuzen, Udalak alarde parekidea sustatu eta antolatuz», defendatu du.