Dabid Lazkanoiturburu

Golob, Macron esloveniarra?

Robert Golob enpresaria eta politikari liberal-ekologistak, duela hilabete gutxira arte ia ia ezezaguna, aise irabazi ditu Esloveniako hauteskundeak, Janez Jansa lehen ministro ultra-eskuindarrari gailenduz.

Robert Golob Esloveniako lehen ministro berria.
Robert Golob Esloveniako lehen ministro berria. ( Jure MAKOVEC )

1967ko urtarrilaren 23an jaio zen Robert Golobek ingenieritza elektrikoaren ikasketak osatu zituen Liubliana hiriburuko unibertsitatean 1994an eta AEBek eskaini zioten beka bati esker Atlantako (Georgia) unibertsitatean egin zuen ikasketen doktoretza.

1999-2000 urte bitartean Ekonomia Ministeritzan Energia Estatu idazkaria izan zen. Baina goi politikan saiakera motz hori utzi eta 2002an bere enpresa sortu zuen, GEN-I argindar-hornitzailea.

16 urte luzez Esloveniako argindar-hornitzailerik handiena zuzendu ondoren Estatuak bere egin zuen GEN-I enpresa eta Golobek kargua galdu zuen.

Bitartean, bigarren lerroan bazen ere, politikan jarraitu zuen eta Zoran Janković Liublianako alkatearen Eslovenia Positiboa zentro-ezkerreko alderdiaren kide izan zen. Alderdiak zatiketa bat izan zuen eta Golob Alenka Bratušek 2013tik 2014ra bitartean lehen ministra izango zenak sortu zuen ZaAB alderdira pasa zen eta presidente-orde izendatu zuten.

2022an bere bideari ekitea erabaki zuen eta Parlamentuan ordezkaritzarik ez zuen Z.Dej alderdia bere gain hartu eta izena aldatu zion, Askatasun Mugimendua (Gibanje Svoboda) alegia, igandeko hauteskundeak aise irabazi dituena (bozen %34a eta 40 eserleku).

Mendebaldera begira

Golobek politika ekologistak eta liberalak martxan jarriko dituela agindu du eta Europako Batasunarekin harremanak konponduko dituela iragarri du.

Izan ere, EBatik aldentzea eta Mendebaldeko Europako baloreak, Eskubide Estatua tartean, baztertzea egotzi dio Jansari bi urtez boterean egon ondoren.

Demokrazia versus autoritarismoa eta hondamendi ekologikoa versus garapen sustengarria bidegurutze honetan, trantsizio berdea, ekonomia zirkularra eta digitalizazioa defendatzen du 1997tik hona Liublianako Elektroteknika fakultatean klaseak ematen ditu eguzki energian aditua den Golobek.

Bere ile-luze-zuriarekin, hiru seme-alaba dituen politikariak Alpeetako magalean dagoen 2 milioi biztanle dituen herrialdea goitik behera zeharkatu du bere kanpaina-autobusean, nerabea bailitzan.

Hala ere, eta Jansarekin alderatuta, bere zuhurtasuna txalotu du hauteslegoak. Twitterrean konturik ez du eta Facebook edo Instagram nahiago ditu.

Bere soldata dela eta, urtean 196.000 euro (Eslovaniako gutxiengo soldata hamar aldiz), kritikak pairatu ditu baina ez omen diote kalterik egin hauteskundeetan.

Hasieran askok neoliberalismoaren hautagaia zela uste zen arren, bere diskurtsoa moldatzen jakin izan du Golobek, batez ere osasunaren eta hezkuntzaren arloetan. Bide batez, hizlari bezala Viktor Orban hungariar lehen ministroa aitzindariduen Jansari erraz gailendu zaio.

«Hautatzen banaute demokraziarentzat pausu txiki bat izango da, baina Eskoveniarentzat aurrerapausu handia izango da», agindu zuen.

Alderdi Sozialdemokrataren eta Ezkerraren babesarekin gobernua osatu ahal izango du Golobek.