«Ni Bera Berara iritsi nintzenean, Kopako taldea zela esaten zen, ondo ematen zitzaiola txapelketa hau baina azken bi urteetan ez dugu hori erakutsi. Esentzia hori berreskuratzeko gogoz gaude», adierazi du Esther Arrojeriak astelehen honetan. Atzera kontaketa hasi da jada: lau egun barru, Illunben eskubaloia arnastuko da, «goi-mailako eskubaloia», Alba Menendezek zehaztu duen legez.
Zarauztarrak adierazi du gaur arte, Koparako prestaturiko «elastiko berezi hau» jantzi duen arte, ez zela guztiz kontziente data iristear zegoela. «Apenas lau egun falta dira, ilusio handiko egunak izango dira, oso kontzentratuta egon behar gara baina era berean, bideaz ere disfrutatu egin behar dugu».
Menendezen 12. Kopa txapelketa izango da datorrena eta ez du zalantzarik egin «bereziena» izango dela, «irabazi ditugun Kopei meriturik kendu gabe». «Horrelako partidak beti etxetik kanpo jokatzera ohituta gaude eta etxean jokatzea izugarria izango da. Gu pistan jokatzen eta disfrutatzen gaudenean gora begiratu eta zaleak gurekin disfrutatzen egotea, ikaragarria izango da», adierazi du.
Onartu du duela hiru urte Lasesarren irabazitako Kopan ere «etxean» bezala sentitu zirela baina oraingoan, Illunbe bezalako pabiloi batean jokatze hutsak, zirrara gehiago sortzen duela. Dagoeneko 2.000 bono saldu dira (hiru egunetako partida guztietara joateko sarrerak) eta azken astean jarri dituzte salgai sarrera indibidualak.
«Inoizko parekatuena»
Menendez zein Arrojeria bat etorri dira «Kopan, partida batera, edozer gerta daitekeela» iritzita. Talde gehienek «ez daukate ezer galtzeko eta hazi egiten dira», adierazi du usurbildarrak. Hala, ligan ondo moldatzen egoteak ez du zertan esan nahi, Kopan ere halaxe moldatuko direnik eta horren adibide hurbila dauka Bera Berak.
Azken bi urteetan final-laurdenetan eta finalerdietan kanporatua izan zen, bietan Elx taldearen eskutik. Arrojeriak ez daki «mendekua» den hitz egokiena, «arantza kentzea» izan daiteke agian, baina bai «gogoz gaude».
Paperaren gainean, Bera Berak aukeratutako bidea «eramangarriagoa» izan daitekeelaren ustea egon daiteke baina «jokatu egin behar da». Aula Valladolid izango da final-laurdenetako arerioa eta ligan aise menderatu badute ere, «azken urteetan buruko min dezente eman digun aurkaria» dela gogorarazi du Arrojeriak.
Lehen partida irabaziz gero, Atletico Guardes edo Granollers izango du aurkari finalerdietan eta Malaga, Rocasa, Elx edo La Calzadarekin final hipotetiko batean gurutzatuko litzateke.
«Inoizko Koparik parekatuena» delakoan dago Menendez. Zortzi taldeetatik, bostek badakite zer den Kopa irabaztea eta Aulak sekula irabazi ez duen arren, azken hiru urteetan bi finalera iritsi dela ohartarazi du kapitainak (iaz eta Lasesarreko Kopan).
Bera Bera ohituta dago presioa kudeatzera, Arrojeria adierazi bezala «merezita jarri izan digute faboritoaren deitura» eta uste du, etxean jokatzeak «alde positibo gehiago izango dituela negatiboak baino». «Uste dut pribilegioa dela zure zaleen aurrean horrelako txapelketa garrantzitsu bat jokatzea», nabarmendu du.