Oihane Larretxea
DONOSTIA
Entrevue
Tytti Thusberg
Artista eta diseinatzailea

«Moda errespetatzen dut, baina nire bidea beste bat da, diseinua eta ekologismoarena»

Finlandian duela 52 urte sortua, badira bi hamarkada baino gehiago Tytti Thusberg artista eta disenatzailea Donostian bizi denetik. Jasangarritasun eta ekologismorik gabe ez du ulertzen bizitza ezta, honenbestez, bere ogibidea ere. Bilboko Fashion Revolution jardunaldietan parte hartuko du.

Tytti Thusberg disenatzailea da eta ekologismoa du iparrorratz.
Tytti Thusberg disenatzailea da eta ekologismoa du iparrorratz. (Jon URBE | FOKU)

Maiz adierazi du Tytti Thusbergek oso arraro egiten zaiola oraindik euskaraz zein ondo aritzen den aipatzea, beretzat «naturala» baita sustraiak botatzen diren herrian bertako hizkuntza ikastea. Duela bi hamarkada baino gehiago heldu zen Finlandiatik Donostiara eta orduz geroztik Egia auzoan bizi da. Bertan du bere estudioa ere, Ametzagaña kalean.

Atea gurutzatu baino lehen begirada zorrozten duenak ikusiko du bertan «emozio iraunkorrak» eskaintzen direla, hori baita posible den bide bakarra, Thusbergen ustez. Iraunkortasunak egingo du mundua bideragarria. Ekologismoa, naturarekiko maitasuna eta errespetua, materialen berrerabilpena eta kontsumitzeko beste moduak aldarrikatzen ditu, nekaezin. Dela egunerokoan, dela lanean. Prisma horretatik diseinatzen du eta ekoizten du. Hori oinarri izanda bizi da.

Bere sorterrian ardien artilea berreskuratu eta feltroa egiteko metodoa garatu zuen, eta asmakizun horrekin atzerriko herrialdeetara bidaiatu zuen, baita hainbat sari irabazi ere. Ditugun baliabideei nola atera ahalik eta etekin handiena zen buruan bueltaka zerabilen kezka. Orduan 90eko hamarkada zen eta, gaur, denbora luzea pasatu ondoren, bere horretan segitzen du. «Gure bizitzako gakoa da atzetik datozen pertsonei zerbait polita uztea, ezta?», dio, naturaltasunez.

Artilea egiteko metodoa asmatu zuen garai hartan, elkarrizketa asko egin zituen eta gogoan du bazegoela «modan oso-oso aditua» zen gizon bat. «Eskandalua iruditu zitzaion Finlandiatik nazioarteko lehiaketetara halako proiektu bat bidaltzea. Ez zuten ulertzen, ezta Finlandian ere, zein zen mezua. Eta mezua ez zen moda, baizik eta diseinua eta jasangarritasuna. Moda errespetatzen dut modu batean, eta sormen handia dago atzean, baina nire bidea beste bat da: izan zen eta oraindik ere bada artisautza sustatzea, eta diseinua arakatzea, beti ere ekologismoa begien bistatik galdu gabe», aldarrikatu du.

Joskintza artisauan formakuntza du, goi mailako joskintza eta diseinu eta patroigintza ikasketak eginak ditu, eta antzerki eta arte eszenikoetarako jantzigintzan espezializazioa ere badu Tytti Thusbergek. Errenterian ‘Dantzaz’ proiektua aurkeztu berri du, baina bere izena Euskal Herrian ekoiztu eta taularatu diren hamaika antzezlanekin lotuta dago.

Orain Bettina Szabo dantzari eta koreografo uruguaitarrarekin dabil elkarlanean, azken honek Remedios Varo margolari surrealistaren obran inspirazioa aurkitu ondoren. Material jasangarriak erabili ditu, eta dena hala egitea posible ez bada nahasketa egiten du bigarren eskuko dendetatik jantziak erosten eta moldatzen. «Oso prozesu mantsoak dira, materiala bilatu behar da lehendabizi, moldatu, egokitu, tintatu, josi, moztu… eta gero ikusi egin behar da agertoki gainean funtzionatzen duten jantziek edo ez», azaldu du.

Tytti Thusberg disenatzaile eta artista, Donostiako Egia auzoko estudioan. (Jon URBE/FOKU)

Tytti Thusbergek «elkarlanak» maite ditu, eta horiek modan hori «oso zaila» dela tamaltzen da. «Arte eszenikoetan beti elkarlana egiten dugu, edo musikan, baina moda irla arraroa da zentzu horretan, nahiko indibidualista da. Oso lehiakorra da, nahiz jendeak hori ukatzen duen. Nik baietz uste dut.  Saiatzen ari gara aldatzen, badaude marka eta jendea bide hori [kolaborazioena] hartzen duena, baina mundu zaila da. Hasieratik erabaki nuen moda munduan ez sartzea, ez moda soilan, erritmoak eta lehiakortasun horiek ez ditudalako konpartitzen. Eta oso gauza politak daude, baina alde nahiko ilunak ere».

Jantzien iraunkortasuna, gutxiago erosteko

Hasierako urteez gogoan du zenbat «borrokatu» behar izan zuen egiten zuena azaltzeko, baina erantsi duenez, zorionez, jendearen kontzientziazioa aldatu egin da, hobera. Naturarekiko dugun ardura handitu egin da, eta horrek lagundu dio. Bigarren eskuko dendetan bilatzen ditu materialak eta oihalak, jantzi zaharrak desegin eta beste batzuk egiten ditu.

«Asko borrokatu nuen hastapenetan, beti azalpenak eman behar nituen, eta normala da, jendeak ez baitzuen oso ondo ulertzen. Nola zen posible moda kontsumitzeko modu hori? Baina badaude beste moduak, eta posible direla erakutsi nahi nuen. Ezin dugu kontsumitu gabe egon, ados, hori horrela izango da, baina nola kontsumitu?», galdetu du.

Hori mundu garaikidearen erronka handienetakoa da, eta egungo jendartean «oso barneratuta» dagoela uste du, baina «ez bakarrik modari esker, baizik beste mugimendu batzuei esker». Eta hor aipatu ditu slow food, slow life, slow fashion… «Mundua ulertzeko ikuspuntu bat da, orokorra, eta moda hor kokatu daiteke. Edozein pertsona ongi etorria da mugimendura, baina bereziki enpresa handiek gehiago egin dezakete, beraiek dute-eta gauzak aldatzeko boterea. Ez da beharrezkoa hainbeste jantzi eta gauza ekoiztea». Eta kontsumitzaileari dagokionez? «Zergatik ez duzu erosten zerbait hobea eta iraunkorragoa?», proposatu du.

Denborari ondo eusten dioten arropak erostera animatu nahi du jendea, horrela gutxiago erosteko beharra izango dugulako. «Hori oso ondo zekien Balenciagak: ikusi zeinen ondo eutsi dioten denborari bere diseinuek. Finlandian ere marka asko doaz norabide horretan. Nik beti esaten dut: aztertu zure estiloa eta horren arabera joan erosketak egitera, ez alderantziz. Ez zaitez joan ikustera zer dagoen modan, eta horren arabera erostera», aholkatu du.

‘Slow bag’

Bere estudioan ideia ugari sortzen da, eta bertatik ateratzen dira iristen zaizkion enkargu guztiak, beti ere arte eszenikoei lotuak. Ez ditu partikularrentzat jantziak egiten, ordu asko dira, eta ez dago artisau lan hori ordaintzeko modurik, bere ustez. Batzuetan, kontatu duenez, material batek eramaten du jantzi baten diseinura, eta beste batzuetan alderantziz suertatzen da: jantzia du buruan, eta aproposa zaion materialaren bilaketari ekiten dio

Lan hori guztia tartekatzen du segurtasun uhalekin egiten dituen poltsekin (‘slow bag’ deituak). Hainbat tamaina eta koloretan ekoizten ditu, eta beti ere eskaripean. Stock-a izateari uko egin zion hasieratik, hondakinak ekiditeko eta saltzen ez diren unitateak alferrik ez galtzeko. «Duela hamabost bat urte hasi nintzen poltsekin, senarraren familian bazegoelako kotxeak txikitzen zituen enpresa bat. Botatzen zituzten segurtasun uhalekin zer egin zitekeen aztertzen hasi nintzen orduan», gogoratu du.

Soineko eder bat egin zuela oroitzen du, baina berehala ohartu zen garbiketa lanak oso zailak zirela, materiala zikin heltzen zelako bere eskuetara. Bide horretatik segitu zuen, eta segurtasun uhalak ekoizten dituen fabrika batekin jarri zen harremanetan, hango soberakinak eskuratu nahian. Gaur egun, Balenciaga Museoan eta Alondegian ditu salgai, eta bere estudiora deituz gero ere egin daiteke eskaria.

Apirilaren 25etik 30era Bilboko Fashion Revolution jardunaldietan parte hartuko du, BBK Kuna aretoan. ‘La moda será verde o no será’ erakusketak bilduko ditu, besteak beste, Tytti Thusberg, SKFK moda etikoa eta jasangarria, Koopera eta Good Clothes Fair Pay. Arropa erosteko garaian, zentzuz jokatzea proposatzen du finlandiarrak, baina aldez aurretik beste keinu bat barneratzea eskatzen du: jantzien etiketei erreparatzea non egin diren eta zein materialez ekoiztu diren egiaztatzeko.

«Hor idatzita topatuko dugunak asko esango digu jantziaz. Material naturalen baten hautua egiten baduzu, bide onetik zoaz», adierazi du.