Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Entrevue
Amaia Gonzalez de Garibay
Aula Valladolid taldeko jokalaria

«Erronka diren partidekin gehiago suspertzen gara; ez daukagu ezer galtzeko»

Amaia Gonzalez de Garibay (Valladolid, 1994) Aula Valladolid taldera itzuli zen 2020an, Zuazon bi urte eman ostean. Lasesarren jokatu zen Kopa aulkitik ikusi behar izan zuen, lesio bat tarteko, baina oso oroitzapen «hunkigarriak» ditu. Bera Bera izango du aurkari final-laurdenetan. 

Amaia Gonzalez de Garibay Rocasaren aurka aurtengo denboraldian.
Amaia Gonzalez de Garibay Rocasaren aurka aurtengo denboraldian. (Valentín GONZALEZ DE GARIBAY)

Kopa denboraldian zehar estimulu bat dela uste du Amaia Gonzalez de Garibayk. Partida batera, edonork eman dezake ezustekoren bat eta ezustekorik handiena bilatu nahiko du Aula Valladolidek ostiral honetan: etxeko taldea eta ligako liderra kanporatzea, alegia. Azken bi urteetan kale egin du Kopan talde donostiarrak baina, hala eta guztiz ere, «faborito handiena» da. Valladolid, bestalde, azken edizioan finalera iritsi zen, final-laurdenetan etxeko talde Rocasa gainditu ostean, hain zuzen ere. «Kopa beti da berezia», esan du Gonzalez de Garibayk.

Bera Bera, lehen aurkaria. Nola egin behar diozue aurre?

Ligako liderraren aurka lehen partida jokatzea zorte txarra izan daiteke; gainera, etxean jokatzen du eta edozeinentzat, eskubaloia apur bat jarraitzen duenarentzat, Bera Bera da faborito handiena. Baina, era berean, ez daukagu ezer galtzeko. Alde horretatik, partida erraza da, ze zerbait positiboa lortuz gero, are positiboagoa izango da. Uste dugu irabazteko aukerak baditugula, badakigu oso zaila izango dela beraiek etxean jokatzen dutelako eta seguru asko pabiloia bete egingo delako. Baina erronka diren partidekin beti gehiago suspertzen gara, ez daukagulako ezer galtzeko; are, beldur handiagoa ematen digute hasiera batean irabazteko derrigortasuna sentitzen dugun horiek.

Egokitu baino, Bera Bera izan zen zuek aukeratu zintuztena.

Zozketan aukeratzeko ahalmena izan zuen eta ez gintuen harritu, aurreko urtean ere etxeko taldeak gu aukeratu baikintuen. Badakit kanpotik talde irregular moduan ikusten gaituztela, ze batzuetan aurkari errazagoen aurka puntuak uzten ditugu, baina kontuan hartu behar da goialdeko taldeen aurka ere ondo lehiatzen garela. Puntu gutxi eskuratu ditugu, baina uste dut ostiralean aukerak ditugula. Guztia eman behar dugu, ze ez daukagu ezer galtzeko, eta beraientzat zailagoa izan daiteke etxean jokatzeagatik, horrek suposatzen duen presioarekin, beraiek ezinbestean irabazi egin behar baitute.

Beti esaten da Kopako partida zailena lehena izan ohi dela, baita Bera Bera berarentzat ere.

Bai, hori da. Beraiek dute presio handiena. Etxean jokatzen dute, pabiloia beteko dute eta azken bi urte konplikatuen ostean berezia izango da, bai, baina lehen partida irabazteko derrigortasuna daukate. Gainera, beraiek aukeratu dute lehen aurkaria zein izango zen. Beraien ustetan, aukeratu duten kuadroaren aldea errazagoa izan daiteke bestea baino. Beraien lekuan jarrita, erantzukizun handia dela esango nuke.

«Partida lehiakorrak ere jokatu ditugu goialdeko guztien aurka eta horrek esperantza puntu bat ematen digu ostiraleko partidara begira»

Nola egin diezaiokezue min?

Garrantzitsuena erasoan baloirik ez galtzea izango da, beraiek aukerarik izan ez dezaten hain mingarriak diren kontraerasoak sortzeko. Era berean, defentsan lan ona egin beharko dugu. Partida askotan aritu gara maila onean eta ea maila bera aurki dezakegun ostiralean. 

Zuk badakizu zer den talde antolatzailea izatea, Zuazon baitzeunden Lasesarren jokatu zenean. Nola oroitzen duzu?

Min hartua nengoen eta aulkitik ikusi behar izan nuen. Emozio berezi batekin oroitzen dut. Modu batean, helburua betetzeko erantzukizuna geneukan inguruko jendeak gogor lan egin baitzuen hain berezia den Kopa etxean joka genezan. Eta gehien oroitzen dudana erantzukizun hori da, erakusleiho ikaragarria baita. Horretaz gain, mugitu zen jende andana ere gogoratzen dut. Lasesarre beteta ikustea, entzutea finalerako sarrerak agortuta zeudela... Emozio handiko egunak izan ziren. Imajinatzen dut Donostian ere antzekoa izango dela.

Nola baloratzen duzu zure bigarren etapa Aula Valladoliden?

Oso gustura sentitzen naiz jokatzen. Fisikoki oso indartsu nago, baita joko aldetik ere; jada, aipatutako lesioa guztiz ahaztuta. Heldutasuna aurkitu dut nire jokoan, erregulartasun bat eta agian aurreko urteetan faltan sumatzen nuen egonkortasunarekin nabil. Adinak ere laguntzen du horretan. Oso pozik nago, segurtasunarekin jokatzen ari naiz eta partidaro maila, gutxi gorabehera, mantendu dezakedan konfiantzaz.

Eta nola baloratzen duzu taldearen jarduna? Ligan zortzigarrenak zarete lau partidaren faltan.

Bigarren itzuli eskasa egiten ari gara, lehen itzuli paregabea egin ostean. Bidean, utzi behar ez genituen puntuak galdu ditugu. Bestalde, lehia handiko partidak ere jokatu ditugu goialdeko guztien aurka eta horrek esperantza puntu bat ematen digu ostiraleko partidari begira. Bigarren itzulian lehenengoko erregulartasuna galdu dugu eta izan daiteke Lorenaren [Tellez] hutsuneagatik. Oso pieza garrantzitsua zen. Hutsune horri aurre egin behar izan diogu eta puntu asko galdu ditugu bidean. Horren isla da sailkapena. Dena dela, testuingurua ikusita, nire balorazioa positiboa da eta Kopa taldearentzat estimulu bat izan daiteke, ligan apenas daukagu-eta ezer jokoan.