NAIZ

Azken ostiraleko mezua: «Espetxe politikak salbuespen legeen menpe jarraitzen du»

Azken asteetan baimenei eta hirugarren graduei auztiegietatik jarri zaizkien oztopoek «bizikidetza zailtzen dutela» adierazi dute Etxeratek eta Sarek. Honen aurrean «mobilizatzen jarraitzeko beharra» azpimarratu eta zentzu horretan kokatu dute apirileko azken ostiraleko jarduna.

Bilbon, martxoko azken ostiralean, egindako mobilizazioa.
Bilbon, martxoko azken ostiralean, egindako mobilizazioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ostiral honetan, apirilaren azken ostirala izanik, berriro ere elkarretaratzeak izango dira Euskal Herriko hainbat plazetan, Sare eta Etxerat elkarteek deituta.

«Euskal presoei gainerakoei baino baldintza zorrotzagoak eskatzen zaizkie. Espetxeetako ibilbide juridikoan ematen duten edozein urrats geldiarazi egiten duten lekuz kanpoko baldintzek, garai berriari ez dagozkionak. Errealitate hori errepikakorra da, eta Euskal Herrian bizirik dirauen errealitate gogorra islatzen du, bizikidetza eraikitzea zailtzen duena, eta honek egiaztatzen du espainiar Estatuak ez duela borondate politikorik euskal presoei politika normalizatua aplikatzeko», adierazi dute Etxeratek eta Sarek ohar baten bidez.

Zentzu horretan kokatu dituzte azken asteetako irteera baimenei eta hirugarren graduei jarri zaizkien oztopoak. «Aplikatzen zaien espetxe-politikaren norabideak auzitegien eta salbuespen legeen menpe jarraitzen du. Errezeta zaharrak, biktimen zenbait elkartek eta sektore politiko ultraeskuindarrek, Espainian errotuta daudenak, mendeku gisa salbuespenezkotasuna eta zigorra betikotzeko egiten duten presioarekin bat etorriz», gehitu du euskal preso eta iheslari politikoen senideen elkarteak.

Oraindik 85 euskal preso daude Euskal Herritik kanpoko espetxeetan. «Euskal kartzeletan egon beharko lukete. Espetxe-legeria arrunta aplikatuko balitzaie, euskal preso gehienek askatasuna ezagutu beharko lukete, modu batean edo bestean». Hor kokatu dute, adibidez,  Joseba Arregiren kasua. «75 urte, multipatologiak dituelarik eta 30 urte espetxean daramatzala, oñatiarrak Espainiako zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2019an, ez zaizkio zenbatu Frantziako zigorraren 10 urteak, eta, orain, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Martuteneko espetxeak emandako hirugarren graduaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du».

Etxeratek eta Sarek azpimarratu duenez, «euskal gizartera itzultzeko denbora kentzen ari zaizkie beraiei, haien senideei eta ingurukoei». Eta gogora ekarri dute «eskubideez ari garela, Anjel Aldana eta Txetxu Urteaga euskal deportatuei uko egin zieten eskubide berberez, duela 6 eta 2 urte hil zirenak etxera itzuli gabe».

Presoez gain, 33 erbesteratuen itzulerari ere eragiten diola aipatu dute. «Nekane Txapartegik bezala, etorkizuneko euskal gizartea eraikitzen laguntzeko eskubidea dute».

Hau aldatzeko mobilizatzen jarraitzeko «garrantzia» azpimarratu du Etxeratek eta Sarek. «Data garrantzitsuak hurbiltzen ari dira kalera irteten jarraitzeko eta blokeoarekin amaitzea lortzeko».