NAIZ
DONOSTIA

Pandemia garaian zabaldutako terraza bereziak kenduko ditu Donostiak

Pandemia garaian tabernen aforoek jasan zituzten murrizketei nolabait aurre egiteko, Donostiako Udalak espaloiaren alboan, aparkalekuetan, terraza bereziak ahalbidetzeko neurria onartu zuen. Garai hori atzean utzita, «zentzuzko epe batean» kenduarazi egingo dituela iragarri du Eneko Goia alkateak.

Eneko Goia alkateak iragarri du covid terrazak kentzeko garaia heldu dela.
Eneko Goia alkateak iragarri du covid terrazak kentzeko garaia heldu dela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Pandemiak egunerokoan eragin zituen murrizketek gure usadioetan ondorio zuzenak ekarri zituen; besteak beste, tabernetako aforoak mugatzea eta, honenbestez, bertara sartzeko arazoak izatea. Egoera berriari aurre egin nahian, eta ostalaritzari behin-behineko irtenbide bat eman asmoz, Donostiako Udalak neurri berezia onartu zuen 2020ko azaroan: espaloiaren alboan, bi aparkalekuk hartzen duten espazioan, terraza txikiak irekitzea.

Garai hori atzean utzita, eta ezarritako murrizketa guztiak indargabetu ostean, Eneko Goia Donostiako alkateak ostiral honetan iragarri duenez, covid-19aren pandemian tabernei galtzadetan eta autoentzat aparkalekuetan jartzeko baimena eman zitzaien terrazak «arrazoizko epe» batean ezabatuko dira. Zehazki noiz kenduko diren esan ez duen arren, bai baieztatu du ez dela «inoiz uda igaro arte luzatuko».

Hedabideei egindako adierazpenetan, esan du Udala datorren astean bilduko dela Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin gaiaz «hitz egiteko eta egoera normalera zentzuzko epea batean itzultzeko».

Goiak gogorarazi duenez, «ordenantza bat dago indarrean, eta nahitaez bete beharrekoa da». Hori dela-eta, hiriko auzo askotan jarri ziren terraza horiek kentzea «ez da iritzi kontua», baizik eta «ez aplikatzeko arrazoi justifikaturik gabe, aplikatu egingo da».

Terraza berezi hauen itxiera, honenbestez, epe ertain batean emango da, izan ere, iragan urtarrilaren amaieran ziren kentzekoak. Ordea, zenbait ostalarik haien kezka helarazi zioten Udalari, eta eskatu zuten luzapena onartu zitzaien. Parte Zaharrean Bizi elkarteak udazkenean eskatu zion alkateari behin-behineko terraza horiek kentzeko, baina honek ez zien jaramonik egin.