Torturaren biktimentzako babesa eskatu dio Foro Sozialak Kongresu espainoleko presidente Meritxell Bateti Voxeko diputatu Macarena Olonak hauen kontra trufa egin zuelako. Gertatutako larritzat jo ondoren Lakua eta Nafarroako gobernuentzat torturaren gainean prestaturiko txostenak Bateti bidaliko dizkiotela azaldu du Foroak.
Ildo beretik, Lakua eta Nafarroako gobernuei esakera argi bat luzatu die: biktimei babesa adieraztea.
«Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar baditugu. Aurrera egin behar dugu oraindik existitzen diren bereizkeria-dinamika gurutzatuak gainditzen, eta, horretarako, beharrezkoa da biktima bakoitzak izan dezakeen sentimenduarekin enpatizatzea, errespetatzea eta gure egitea», adierazi du Foro Sozialak ohar batean.
Foroak gogoratu duenez 4.113 pertsona dira ofizialki torturaren biktimak eta bai EAEn bai Nafarroan aitorpen ofiziala noiz helduko den zain daude.
Guardia zibilen abokatua
Olonak esandakoak ari larriagoak direla gaineratu du Foroak. Izan ere, Voxeko diputatua Estatuko abokatu da ogibidez. «Torturaren kontakizun beldurgarriak entzun ditu diputatu honek epaitegietan, besteak beste, Sandra Barrenetxearen tortura kasuan guardia zibilen abokatu izan baitzen», nabarmendu du.
Honekin batera, duela bi hilabete Kongresuan bertan torturaturako pertsonen ordezkaritza batek bere testigantza eman zuen. Otsailaren 23an izan zen Egiari Zor fundazioaren eskutik.