Arnaitz Gorriti

Unai Laso, Buruz Buruko finalerdietara Erik Jakaren gainetik pasa eta gero

Pilota bakarra galdu du Bizkarreta-Gerendiango aurrelariak eta lehenengo tantotik aurrera, Jaka airean eraman du. Emaitza honen ondorioz, Beñat Rezusta aukerarik gabe geratu da eta finalerdietako bigarren txartela Jaka eta Artolak elkarren aurka jokatu beharreko partida irabazlearentzat izango da.

Unai Lasoren euforia eta poza, Erik Jakarekikoak egin eta gero.
Unai Lasoren euforia eta poza, Erik Jakarekikoak egin eta gero. (Idoia ZABALETA / FOKU)

JAKA 5 - LASO 22

Unai Laso Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan dago dagoeneko, Erik Jaka –2020an Buruz Buruko txapeldun izan zen bera– airean eraman eta gero. Une hauetan, nornahi etorri lekioke Bizkarreta-Gerendiango pilotariarengana: etorri etorriko zaio, baina irabazteko, izerdia latz bota beharko du aurre egingo badio. Zapatu honetan Labrit pilotalekuan elkartu diren Lasoren zale ugariek gozatu galanta hartu dute.

«Izugarri pozik nago. Eroso eta gustora sentitu naiz kantxan eta ia dena ongi atera zait. Hori zen helburua eta lortutakoa lortuta, oso oso gustora nago», onartu du Unai Lasok partida amaitu berritan, irribarrea aurpegian kabitu ezinik.

«Jokorik gabe laga dut eta Erikek huts batzuek ere egin ditu. Oso sentsazio ona da hau, baina oso arraroa da, ez baita oso ohikoa halako partidak ateratzea», onartu du aurrelari nafarrak.

Txanponaren beste aldea Erik Jaka izan da. «Belarrondoko galanta hartuta goaz etxera, baina ligaxkaren parte onena orain datorkit: 5ean galduta ere Iñaki –Artolak– adina aukera ditudala finalerdietara iristeko», erantzun du Lizartzako aurrelariak.

«Partidan sartu ere ez»

Aurreneko sakea Lasok izan du, eta lehenengo tantoa ere berarentzat izan da; baina Jakak bana eta bina berdintzea lortu du. Kitto! Hortxe amaitu da neurketa, akordatzerako Unai Lasok 2-9 hanka egin baitu markagailuan. Etortzeko zegoen erauntsiaren aurreneko bolada.

«Kantxan jarri ere ez naizelako egin sentsazioa neukan. Agian sake labur horietako batzuekin zerbait gehiago egin nezakeela uste dut, baina hala ere, bigarren pilotakada airez errestatzen zazpi eta erdian edo zortzian jarri behar nintzen…», esan du, penatan, Erik Jakak.

Izan ere, Unai Laso gainetik pasa zaio. Piloteoa izan den aldi bakanetan ere –orotara 138 pilotakada izan dira– pilotari nafarrak oinetara jokatu dio Litzartzakoari –Jon Mariezkurrena botileroak hala aginduta– eta behin abantaila lortuta, eskuin esku fresko horrekin pilota nahi izan duen lekuan jarri dio. Pilotakada bi errebotera bota ditu Lasok eta aurrean akordatu zaizkion jokaldi guztiak errematatu ditu.

Orotara pilota bat bakarra galdu du Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak eta hantxe pare bat tanto lortu ditu Jakak, baina ez gehiago. «Inoiz tanto ilarak lortzen ditut, baina hemen ez zidan uzten eta ezin izan dut», onartu du galtzaileak.

Alperrik atsedenak edo geldialdiak Lizartzako aurrelariarentzat. Labriteko zaleak zoratzen jari dira Lasorekin eta ez da harritzekoa. 4-9tik 4-15era joan da, eta 5-15ekoaren ondotik, zuzenean 22ra.

«Berdin dio zeinen kontra jokatu beharko dudan finalerdietan. Ikusten da beste multzoan berdintasun handia dagoela eta egokitzen dena egokitzen dela, maila ikaragarria izango duela», adierazi du Unai Lasok.

Baina une hauetan, egiaz iakara ematen duen pilotarikrik inon baldin badago, Laso bera da, erakutsi duen joko apartari fisikoki bikain prestatuta dagoela gehiatu baitio. «Eskuak ongi dauzkat eta ez naiz asko desgastatu. Lau eta erdian eta binaka ere finalak jokatu ditut, eta frontoi osoan ere hala nahiko nuke», amaitu du nafarrak.

Labriteko emaitza honen ostean, bere aldetik, Beñat Rezusta matematikoki aukerarik gabe geratu dela suposatu du, Bergarako atzelariak Jaka eta Artolaren aurka galdu baitu aurreneko bi jardunaldietan. Aldiz, B multzoko bigarren postua Jakak eta Artolak elkarren aurka erabaki beharko du, Laso uneotan beste maila baten baitago.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 138.

Iraupena: 35:19 minutu.

Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-9, 3-9, 4-9, 4-15, 5-15, 5-22.

Sakez: 1 Jakak eta 6 Lasok.

Tantoak: 3 Jakak eta 13 Lasok.

Galdutakoak: 3 Jakak eta 1 Lasok.

Gorabeherak: Buruz buruko txapelketako final-laurdenetako bigarren jardunaldia, B multzoa. Sarrera ona Labrit pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.