NAIZ

Erietxetik pasa da Asier Guridi errefuxiatua, Venezuelan egiten ari den protestaren ondorioz

Asier Guridi, bere egoeraren berri ematen Caracasen.
Asier Guridi, bere egoeraren berri ematen Caracasen. (Venezuelako Alderdi Komunista)

Nortasun juridikoa aldarrikatzeko egiten ari den gose greba dela eta, asteburu honetan Caracaseko erietxetik pasa da Asier Guridi errefuxiatu oñatiarra, haren egoera baloratzeko, sare sozialetan zabaldu denez. Bertan azterketak egin ostean, martxoaren 29an abiatu zuen barauarekin honekin jarraitzeko moduan dela eta horri eusten diola nabarmendu du gero Guridik berak sare sozialetan.

Egun horretatik ura besterik ez duela hartu zehaztu du errefuxiatuak. Ondorioz arazo fisikoak agertzen hasiak dira: botaka egiten du maiz, pisu galera nabaria da eta etzanda pasa behar du denbora gehiena. Kalean ari da protesta egiten, gainera, Caracasen Estatu espainolak duen Kontsulatuaren aurrean hain zuzen ere, honek dakartzan zailtasun bereziekin.

Nortasun juridikoa aspaldi ari da aldarrikatzen Asier Guridi Venezuelan. Une honetan errefuxiatu estatusa onartua du Venezuelan baina Estatu espainolak ez diola pasaporterik ematen salatzen du, nahiz eta orain Auzitegi Nazionalean bere kontrako auzibiderik ez dela egiaztatua duen.

Zenbait kalte eragiten diola egoera honek salatu du Guridik, bai berari, bai eta bere bikotekideari zein Euskal Herrian den bere 13 urteko semeari ere.

Pasaportea eskatu zuen espainiar Kontsulatuan baina ukatu egin zioten. Gauzak honela, Madrili ez ezik Venezuelako Gobernuari ere enplazamendua egiten dio, egoera bideratzen lagundu dezan. «Tortura txuri»tzat eta «heriotza zibil»tzat jo du jasaten ari den tratua.

20 urtetik gora daramatza Asier Guridi Zaloñak Euskal Herritik urrun. Aurretik bost urte eman zituen preso eta Guardia Zibilak eragindako torturak pairatu zituen.

Asier Guridi aspaldi dago euskal iheslari eta deportatuen kolektibotik kanpo, joan den apirilaren 10ean bere lagunek kaleratutako idazki batetik ondoriozta daitekeenez.

Gurutze Gorria eta fiskal nagusia

Gurutze Gorria ari da greba honen bilakaera tarteka kontrolatzen, baina arreta ez dela behar bezalakoa izaten ari salatu dute Guridiren protestarekin bat egiten duten zenbait eragilek.

Venezuelako Gobernuari dagokionez, azken egunetan zeharkako harreman batzuk egin ditu Guridirekin, beren egoeraren berri izateko, baina oraindik konponbiderik ez da aurreikusten. Hango fiskal nagusi den Tarek William Saaben jarrera kritikatu du Guridik.