NAIZ

Nafarroako PAIren legea ere salatuko du Euskara Aurrerak Donostian hilaren 21eko manifestazioan

Nafarroan onartu berri den PAIren legeak euskararen normalizazioaren kontra suposatzen duen atzerapausoa ere salatuko dute hilaren 21ean Donostian Euskara Aurrera ekimenak deitu duen mobilizazioan. «Gogor salatzen dugu euskarafobia», nabarmendu du taldeak.

Euskara Aurrera ekimenak hilaren 21eko manifestazioa aurkeztu zuen ekitaldia.
Euskara Aurrera ekimenak hilaren 21eko manifestazioa aurkeztu zuen ekitaldia. (Maialen ANDRES | FOKU)

Nafarroan PAIren lege berria onartu ondoren, arau honen kontra ere egingo du Euskara Aurrera ekimenak hilaren 21erako Donostian deitu duen manifestazioan.

«Batzuk eginahalak eta bi egiten ari dira euskara zokoratzeko, baina guk ez dugu guztion ondarea den hizkuntzaren aurkako inolako erasorik onartuko. Gogor salatzen dugu PAI sistema indartzeko egitasmoa, Nafarroan euskara are kinka larriagoan uzten duena. Gogor salatzen dugu euskarafobia, ezin baitugu onartu inork hizkuntza batekiko mespretxurik erakuts dezan», adierazi dute ohar batean.

«Nafarroan, euskararen aldeko aurrerapauso garrantzitsuak eman dira azken urteotan, D ereduko matrikulazio eskarien igoerak erakusten duen moduan. Horrez gain, gero eta adostasun zabalagoa dago hizkuntza zonifikazioa gainditzeko. Bistan da urrats horiei oztopoak jartzeko saiakera garbi bat dagoela abian, eta PAI sistema indartu badute euskarak aurrera egitea eragozteko asmoz egin dute», gaineratu dute.

«Aurreko batean esan genuen moduan, euskara galbidera zeraman joera ustez aldaezina itzultzea lortu dugu azken hamarkadetan egindako lanari esker. Baina gaur Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bideak aurrera segiko badu, mehatxu berriak eta beraz erronka berriak ditugu esku artean», adierazi dute.

Erasoak beharrean, euskararen normalizazioaren aldeko urratsak beharrezkoak direla esan eta gero, hilaren 21erako Donostian deituriko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Honekin batera, hurrengo larunbatean Kontseiluak Iruñeko Antoniutti parkean deituriko manifestaziora joateko deia ere egin Euskara Aurrerak.