Ohi baino beranduago, eta igandean partidarik jokatu gabe itxiko da Buruz Buruko final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia, astearte honetan, Legazpiko Urbeltz pilotalekuan (jaialdia 17.30ean hasten da eta hau bigarren partida izango da). Jokin Altunaren lesioak hankaz gora jarri zuen A multzoa eta gaur gauza asko argitu litezke jaietan den Urola Garaiko herrian jokatuko den partidan. Zabaleta gailentzen bada, Etxarrengoaren eta, osatuko balitz, egungo txapeldunaren artean egongo litzateke Joseba Ezkurdiarekin batera aurrera egiteko bigarren txartela. Errioxarra nagusitzen bada, aldiz, arbizuarraren laguntza beharko luke amezketarrak azken jardunaldian, aurrera egiteko.
Aurreko astean jasotako jipoi fisiko eta mentaletik osatzeko inoiz baino denbora gehiagorekin, Zabaleta eta Dariok ezin dute hutsik egin bihar Legazpin, eta euren helburuak gauzatzeko sakeak aparteko garrantzia izan lezake bihar, ziur aski, zirkuituko bi sakatzailerik onenak arituko baitira elkarren aurka.
Hankaz bizienetakoak direla dudarik ez da, baina lehen pilotakadari ematen dioten abiadura ere parekoa izaten da atzelari nafarraren eta aurrelari errioxarraren kasuan. «Orain arte erakutsi dugu biak sakatzen ongi moldatzen garela eta ikusiko da nork asmatzen duen gehiago. Nahiz eta tanto asko egin, aurrekoan –Ezkurdiaren aurka– ez nintzen pozik geratu sakearekin eta ea gehiago asmatzen dudan», azaldu zuen Zabaletak.
«Berdin dio nondik atera»
Egia da sakearen pasa sei eta erdira aurreratu izanak sakeari arrisku pixka bat kendu diola errestatzen ari denarentzat, baina Dariok argi dauka parean bera baino sakatzaile hobea izango duela. «Bere estatistikak behintzat nireak baino hobeak dira eta ematen dion abiadura izugarria da; berdin ematen dio lautik, bostetik edo seitik eta, zazpitik emango balio ere gai da erraz pasa egiteko», azaldu zuen errioxarrak.
Urrutira joan gabe, aurreko asteburuan Joseba Ezkurdia ezustean harrapatzen saiatu zen sakeari botea seian eraginda, baina arbizuarra ez zuen ustekabean harrapatu eta Ezkaraikoa ere prest da halako sorpresetarako. «Nirekin entrenatzen inoiz egin zuen; esaten zuen lau eta erditik ez zela erabat eroso sentitzen, baina gauza da pilota tiro bat bezala datorkizula edozein tokitatik jota ere», azaldu zuen aurrelariak.
Horren inguruan galdetuta, Zabaletak ez zion pista handirik eman nahi izan biharko bere aurkariari. «Dariorekin eta beste askorekin entrenatu dut sake hori, askotan entrenatu dudan gauza da eta min handia egin izan dut hortik aterata. Ikusiko dugu nondik egiten diogun min Dariori», bota zuen.
Altunaren erabakiaren zain
Amezketarrak ostegunean egingo du proba bat final-laurdenetako ligaxkan jokatzerik izango duen ikusteko. Ordura arte eskuak zainduz eta fisikoa lantzen jarraituko du. Oraingoz, hirugarren jardunaldiko partida bat finkatu dute enpresek: jokoan ezer ez duten Rezusta eta Lasoren artekoa, ostiralean, Baños de Rio Tobian. Azken jardunaldiko beste partiden egoitzak eta ordutegiak astearte honetako neurketaren ostean argituko dituztela espero da.