NAIZ
Ondarroa

Eraikuntzako langile bat zendu da Ondarroan eta garraiolari bat Hernanin, lan istripu banatan

Eraikuntzako langile bat hil da Ondarroan, erradial batekin istripu bat izan ostean. Bestetik, Hernaniko Zikuñaga paper fabrikan ere ezbeharra izan da eta beste langile bat zendu da kamioi batek harrapatuta. Euskal Herrian aurten zendu diren 22 eta 23. beharginak dira.

Bi lan istripu jakinarazi dira gaur. Horietako bat Hernanin.
Bi lan istripu jakinarazi dira gaur. Horietako bat Hernanin. (Maialen ANDRES | FOKU)

35 urteko langile bat hil da Ondarroan, beste lan istripu baten ondorioz, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, hildakoa Zaragozakoa zen eta bost hilabete zeramatzan Zero Plus Nzeb Berrikuntzak enpresan lanean.

Bestetik, Hernaniko Zikuñaga paper fabrikan ere ezbeharra izan da eta 69 urteko langile bat zendu da bertan. Segurtasun Sailak adierazi duenez, fabrika atzean zamalanak egiteko dagoen bidean izan da istripua, kamioilari batek beste bat harrapatu ostean. Istripua 09:00ak aldera gertatu da, garraiolaria egurra kargatzeko zain zegoenean.

Ondarroako kasuan, antza denez, gorpua astelehen eguerdian topatu zuten, Alde Zaharreko Itsas Aurre kalean zaharberritzen ari diren etxe batean, baina oraingoz ez da zehaztu noiz gertatu zen istripua. Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, lan istripu baten ondorioz hil zen behargina.

Osalanen iturriek adierazi dutenez, langilea leiho baten markoa mozten ari zen erradial batekin lepoan ebaki bat egin zuenean. Lehen mailako igeltseroa zen. Osalanek hartu du bere gain ezbeharraren ikerketa.

Elkarretaratzea ostegunean

Hernaniko ezbeharraren berri izan aurretik LAB eta ELA sindikatuek nork bere aldetik salatu dutenez, Ondarroakoa Euskal Herrian aurten izan den 23. lan istripu hilgarria da. 23 horietatik zortzi eraikuntza lanetan zendu dira. «Egoera izugarri hau Euskal Herrian eman da asteburu hontan bertan, prekaritatea muturreraino iristen den herri honetan laneko segurtasunerako arauak etengabe urratzen direla argi erakutsiaz», adierazi du LABek.

Sindikatu honen iturrien arabera, Ondarroako istripua larunbatean gertatu zen baina langilea bakarrik ari zenez lanean, ez zuten astelehenera arte topatu. «Nola liteke gaur egun, obra batean langile bat bakarka aritzea? Non zegoen obrako koordinatzailea edo bertan behar lukeen errekurtso prebentiboa? Zergatik da horren erraza arau hauek ez betetzea patronalaren aldetik?», galdetu du.

«Langileek obran aparteko orduak modu estrukturalean sartu behar izaten dituzte eta gainera larunbatean lan eginda, asteko lan ordu kopurua izugarria da. Nekea arrisku faktore izanda, nork kontrolatzen du errealitate arriskutsu hau?», gaineratu dute. Eta zentzu horretan Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendu zaio LAB. «Patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki. Noiz aterako da laneko erailketen aurka?»

Segurtasun arauak betearazi

Hori dela-eta erakundeei «neurriak» eskatu dizkio LABek, «bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak betearaziz».

ELAk «gertatutakoa ikertzea» eskatu die erakundeei. «Eraikuntzaren sektorea da laneko prekarietateak eta, ondorioz, ezbehar tasak gehien kolpatzen dutenetako bat. Kasu honetan, langilea makina arriskutsuekin ebaketa lanak egiten ari zen asteburuan, eta etxebizitzan bakarrik. Enpresan bost hilabete baino ez zeramatzan, laguntza teknikorik eta giza laguntzarik gabe; hil eta egun batzuetara aurkitu baitute. Laneko prekarietatearen beste adibide tamalgarri bat da», adierazi du.

Era berean, erakundeek enpresei «prebentzioari buruzko araudia betetzeko» eskatu behar dietela nabarmendu du. «Beharrezko giza baliabideak, prestakuntza eta baliabide materialak jarri behar dira, kontrol eta ikuskapen gehiago eta hobeak egin behar dira, segurtasun neurriak kontrolatu behar dira, eta kontratazioan iruzur egitea saihestu».

Ostegunerako, 12:00etan, Ondarroako Itsas Aurreko enparantzan elkarretaratzea deitu dute eta bai LABek bai ELAk bertan parte-hartzeko deia egin dute.

LABen ohartarazpena Osalani Hernaniko istripuaz

Hernaniko istripuari dagokionez, berriz, LABek zera nabarmendu du: «Ezin dugu ulertu nola Zikuñaga enpresak koordinatu behar lukeen lan aktibitate eremu batean ez zegoen beharrezko prozedurarik eta berau betearazteko neurririk».

Istripua gertatu eta «berehala», Zikuñagak «ardura bere gain ez hartzeko eginiko mugimenduak» ikusi ditu LABek eta «irmoki» salatu nahi izan du. «Ez dugu onartuko Osalan eta inspekzioak istripu hau trafiko istripu bezala hartzea euren estatistikak leuntzeko», ohartarazi du.

Garraiolariaren heriotzaren arrazoia «enpresen arteko koordinazio gabezian» kokatu behar dela esan du eta istripu hau «guztiz ekidin zitekeela» salatu.

ELAk segurtasuna lehenesteko eskatu du

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die biktimaren gertuko pertsona guztiei eta, aldi berean, ezbeharraren zergatiak eta erantzukizunak argitzeko nahitaezko ikerketa egitea eskatu du.

Eman dituen datuen arabera, Gipuzkoan 2022an hil den zortzigarren langilea da, eta 24.a Hego Euskal Herrian. Lan istripuak %10 baino gehiago igo dira azken urtean eta egunero 235 pertsonak izaten dute lan istripu bat.

«Egoera oso larria da, eta ez da kasualitatea. Zuzeneko lotura du ez inbertitzearekin, prestakuntzarik ezarekin eta prebentzio eta babes neurri egokirik ezarekin. Patronalak, ordea, lan erreformak ez indargabetzeaz baliatzen jarraitzen du prekaritatea bultzatzeko, lan  aldintzak oro har hobetuz ezbehar tasak murriztea bere esku dagoen honetan».

Gaineratu duenez, patronala «oso eroso dago, Eusko Jaurlaritzaren adostasuna baitu. Gobernu honek beste alde batera begiratzen jarraitzen du, lan osasunera baliabide urriak bideratuz, Osalan eta Lan Ikuskaritza ia kolapsoan daudelarik, bitarteko faltagatik».

ELAk langileen segurtasuna lehenesteko eskatu du, onura ekonomikoaren gainetik, eta lan baldintzak kontrolatzeko bitarteko publikoak areagotzeko.