NAIZ
Iruñea

PAI programa eredu bihurtzea «berdintasunaren aurkako azken kolpe» gisa definitu du Kontseiluak

Kontseiluak «oso larritzat» jo du nafar Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartu berri duen erabakia. Larunbat honetan Iruñean egingo duten mobilizaziorako arrazoiak «ugaritzen» ari direla azpimarratu dute.

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du PAI eredua salatzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du PAI eredua salatzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpe bat da». Horrela definitu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, nafar Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzearen alde egin izana. Iruñean egin dute gaur agerraldia, larunbatean mobilizazioa abiatuko duten leku berean, Antoniutti parkean. Bertan izan dira AEK, IKA, Sortzen, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Emun eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideak ere.

Nafar Parlamentuaren erabakia «oso larria» dela adierazi du Bilbaok. «Egungo hezkuntza ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskara ezagutzeko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu. Horren aurrean, ingelesa ezagutzeko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da», nabarmendu du.

Bilbaok gogoan izan ditu PAI Nafarroara iritsi zenean, orduan lehendakari zen Yolanda Barcinak telebistan argi esan zuela «euskararen hedapena gelditzea» zuela helburu. «Argi geratu da PAIrena bezalako ereduak ezarri nahi izan diren lurraldeetan, hizkuntza gutxituaren irakaskuntzari aurre egiteko estrategiaren baitan kokatu izan dela, eta Nafarroan ere horrela izan zen, eta horrela da», adierazi du Balear irlak edo Valentziako kasuak gogora ekarriz.

Bestetik euskara merezimendu gisa arautzeko eta PAI eredu bihurtzeko prozesuek izan dituzten abiadura kontrajarriak ere deitoratu ditu. «Hor ere ikusten dugu, intentzionalitate maltzurra erakusten dutela zenbait alderdik, bereziki euskararen kontrako neurriak jokoan daudenean».

Zentzu horretan gogoratu du larunbateko mobilizazioa deitzeko arrazoia nafar Gobernuak «euskara eta euskaldunak zokoratuko dituen araudia onartu nahi duela» dela.

Azken egunotan manifestazioari begirako atxikimendu gehiago heldu direla azaldu du Kontseiluko eledunak: «Batetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek dekretua aldatzeko eskaerak bidaltzen dizkigutela Nafarroa osotik. Une honetan, Gobernuari helarazteko 500 eskaera berri ditugu. Bigarrenik, askotariko eragileen atxikimenduak iristen ari dira». Besteak beste, Duguna Dantza Taldea, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Eskubide Sozialen Karta, EHGAM, Pantailak Euskaraz eta Sasoia Elkartea aipatu ditu, baita Nafarroako 28 udal teknikarik ere bat egin dutela.