NAIZ
Bilbo

Lakuari hezkuntzako langileen «benetako kontsolidazioa» exijitzeko mobilizatu da LAB

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Barakaldoko BECen, bertan Jokin Bildarratz, Lakuako Hezkuntza sailburua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetako zuzendariekin bildu dela aprobetxatuz, irakaskuntzako langileen «benetako kontsolidazioa» eskatzeko.

LABeko irakaskuntzako ordezkariak BECen aurrean egindako elkarretaratzean.
LABeko irakaskuntzako ordezkariak BECen aurrean egindako elkarretaratzean. (FOKU)

LABeko irakaskuntzako ordezkariek Barakaldoko BECen elkarretaratzea egin dute ostegun goiz honetan Lakuari hezkuntzako beharginen «benetako kontsolidazioa» exijitzeko. Izan ere, Jokin Bildarratz, Lakuako Hezkuntza sailburua, eskola publikoetako zuzendaritzekin bildu da BECen. Hitzordua aprobetxatuz, LAB ‘Benetako kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!’ lelopean kontzentratu da.

Sindikatuak azaldu duenez, irakaskuntza publikoan lanpostu gutxiegi eskaini dituelako interpelatu du Hezkuntza saila: «Abenduaren 28ko 20/2021 legeari lotuta egin beharreko egonkortze prozesuen inguruko negoziazioa amaitutzat eman eta kontsolidatuko diren lanpostuen kopuru ez-nahikoa eskaini baitu EAEko Hezkuntza Sailak».

Era berean, «aldebakarrez» negoziazioak amaitutzat eman dituela aurpegiratu dio LABek Hezkuntza Sailari. «Aste honetan, hitz egiten jarraitzeko oraindik hilabeteko epea dagoelarik, negoziazioak itxi ditu Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak, aldebakarrez, eta aukera galdu du, Madrilek ezarritakoaren mugatik haratago, EAEko Hezkuntza Publikoak dituen beharrei erantzuteko», kritikatu du sindikatuak.

Bestetik, LABek erantsi du bere aburuz, «egiturazkoak diren» lanpostu asko Lan Eskaintza Publikotik (LEP) at utziko dituela Lakuak. Adibide moduan, «iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren sukaldari eta garbitzaileen lan metaketa kontratuak, heziketa berezian jardun erdian egiten dituen obra eta zerbitzu kontratuak edo irakasleen zerbitzu-eginkizunak» aipatu ditu sindikatuak.

Bukatzeko, LABek azpimarratu du LEPean aurreikusitako lanpostuak ez direla «nahikoak» eta maiatzaren 31ra arteko negoziatzeko epea erabiltzeko eskatu dio Hezkuntza sailari.