Bi urteko etenaldia gibelean utzita «Itzulera» lemapean Herri Urrats bestaren 39. edizioa ospatzen ari da gaur Senpereko lakuaren inguruan.
Goizeko hamarretan zabaldu da ibilbidea eta ordurako euskalzale anitz baziren, euskara mihian, zirkuitoa egiteko prest.
Ondoko orduetan giro eta jendetza handiagoa metatu da, eguzkia lagun, Herri Urratseko antolatzaileek antolaturiko gune eta animazio ezberdinetan.
Maskararik gabe eta ezpainetan irribarrea, horrela agurtu dira elkarri euskararen alde Ipar Euskal Herrian antolatzen den ekimen handia berriz gozatzera Senpererat bertaratu diren milaka eta mila euskalzale.
«Mugatik gertu bizi gara eta harreman handia dugu Ipar Euskal Herriarekin», aitortu du Senpereko aintzirara heldu berria den Iñakik. Erratzuarrak «txikitatik Herri Urratsera etorri den horietakoa» dela azaldu dio GARAri. Egun ederra pasatzeko asmoa dzuela gaineratu du, betiere Herri Urratsek duen helburu nagusia ahantzi gabe. «Gure ekarpena egitera gatoz, Nafarroa Oinezen eta bertze bestetan egiten dugun bezala, premia hor dagoelako», nabarmendu digu baztandarrak bere ibilbidearekin jarraitu aitzin.
Bizitzaren legea, 1984an ospatu zen lehenengo Herri Urrats hura gogoan du Etxartek. «Bertze urte batez hemen naiz, oraingoan bilobekin», nabarmendu digu. Izturitzeko emazteak Herri Urrats «bestarik ederrena» dela aldarrikatu digu, berehala. «Etxeko ttipi guztiak eman ditugu ikastoletan, eta kolegioan eta lizeoan gero, eta horrela behar da segitu, urratsez urrats», gaineratu du. Baxenabartarra, ezker-eskuin begira, etxeko gazteen beha zen. «Ontsalaz gaur egun ederra ospatuko dugu denok, gazteek eta ez hain gazteok, eta hori polita da, baina jakin behar dugu bihartik aitzin ere badugula lana, behar dugula beti pusatu eta pusatu, euskara biziarazteko».
«Zeuen urratsa geurea da. Ta itzulera denona». Zetak taldeko Pello Reparazek hitzok goxatu aitzin, «mendikateak lotuta», bakoitza bere bailaratik helduta mintzo dira bi txori nafar. Bata Erratzukoa, bertzea Izturitzekoa. Biak kalakan, Baigorriko artzainaren baimenarekin.
Bilboko June lagun batekin batera haur tropel txikia gobernatu nahian atzeman dugu. «Oso ederra da besta hau. Txikitan gurasoekin etortzen nintzen, ondoren autobusean nire kasa, eta orain etxeko txikiekin», azaldu digu ama gazteak, euskararen aldeko haria historiaz eta sentimenduz ehuntzeko lanaren garrantzia nabarmenduz. “Itzulera” zen Herri Urratsen 39. edizioaren lema eta, kantuz zein hitzez, Senperen antolaturiko euskaltzaleen topagunera berriz bueltatzeak sortutako zirrara aitortu ziguten berdin ibiltariek zein Seaskako buraso eta ikasle askok ere.
Horretan ere ura bere bidera itzuli da Ipar Euskal Herriko ikastoletako familia zabalarentzat, Herri Urratsen antolaketak animaleko ahalegina eskatzen baitu. Hilabete luzetako prestaketaren ostean lasterketa gainditzeko eguna da. 2.500 lagun baino gehiagok egin zuten lan hamaika zerbitzu bermatuz. Lan boluntario hori gabe ezinezkoa litzateke atzo bezalako besta bat ospatzea.
Eguzkia «ekaitza» uxatzeko
Eguraldi dotoreak erraztu du, bistan da, boluntarioen armadaren lana. Are, euskaltzaleen egarri eta gosea asetzeko erritmoa azkartzen lagundu du nonbait, arratsalde erditsuan dagoeneko existentziak agortzear baitziren ostatu eta salmenta postu gehienetan.
Izerdi patsetan ere, goizetik gora eta behera ibili diren haurrek dena eman dute puzgarrien desmuntaketaren une latza heldu bitartean. Beste hainbeste egin dute eszenatokien aurrean Herri Urratsek antolaturiko kontzertu maratoian murgildu diren gazteek.
Bosgarren kolegioa
Seaskako bosgarren kolegioa eraikitzeko baliatuko dute gaurko egunean zehar bilduko den dirutza. Hain zuzen 1984an ospatu zen lehenengo Herri Urrats besta Seaskaren lehenengo kolegioa, zehazki Kanboko Xalbador kolegioa eraikitzeko baliatu zen.
Ondoko urteetan Ziburuko Piarres Larzabal, Lartzabaleko Manex Erdozaintzi eta Baionako Estitxu Robles kolegioak zabaldu zituen Seaskak.
Peio Jorajuriaren baieztatu duenez «nolabait berpizte bat» markatzen duen 2022ko Herri Urratsek jasoko duen sosa, berriz, aintziratik abantzu 300 metrotara dagoen lur-eremuan bosgarren kolegioa altxatzeko baliatuko du Seaskak.
Dominique Idiart Senpereko auzapezak «ohorea dela» beste behin ere Herri Urrats besta ospatzea azaldu du.
Era berean, heldu den urtean 200 bat ikasleekin zabalduko den kolegio berrira Senperen bertan eraikitzeak herriak ikastolekin duen aspaldiko harremana sakontzeko balioko duela uste du.
Oraindik ere azpiegitura egiteko bidean da, baina harrera ekimenean eginiko ekitaldian izan diren erakunde ezberdinetako ordezkariek, eta bereziki departamenduko buru den Jean Jacques Lasserrek, «aterabidean atzemanen direla» finantzamendu zein ikuspegi juridiko aldetik «ohi bezala, lan eta irudimenarekin gauzak aitzinera eramateko» jakitera eman dute.
Han izan dira, besteak beste, Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko burua eta Antton Kurutxarri EEPko presidentea. Baita EAEko gobernuko bozeramale den Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Hizkuntza sailburu, Jokin Bildarratz, eta Hizkuntza politikako sailburuorde Miren Dobaran.
Frederique Espagnacek euskararen konbentzio berria sinatzeari begira Akitania Berriako Eskualdearen sostengua ekarri du Alain Rousset presidentearen izenean.
Era berean, hizkuntz gutxituei oinarrizko berme juridikoa ematea xede zuen Molac legea balorean emanez azterketak euskaraz egiteko eskubidea defendatu du.
Antton Kurutxarrik horren harira oroitarazi duenez Estatuak badira hiru urte hartu zuen konpromisoa ez du bete.
Murgiltze ereduarentzat berme juridiko sendoa
Horrendako Etchegarayk Estatuaren jarrera salatu du eta euskaraz eta frantsesez egin duen hitzartzearen bidez aurki Parisen osatuko den gobernu berriari «murgiltze sistemaren berme juridikoa sendotzeko» berehalako exijentzia luzatu dio.
«Zertarako balio du konbentzio berri bat izenpetzea Estatuak badira hiru urte sinatu zen akordioa ez badu bete?» galdetu du, bere aldetik, Jorajuriak.
Desobedientzia deia orokorra egin du .@seaskaikastola ko lehendakariak brebetako zientzia froga euskaraz egiteko. Ikasleei, familiei, irakasleei eta baita erakundeei frantses Hezkuntza Ministerioak imposaturiko gibelatze onargaitzari aurre egiteko. #herriurrats pic.twitter.com/gxcC3efkra
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) May 8, 2022
Gauzak horrela, Jean-Michel Blanquer jarduneko Hezkuntza ministroaren hauspoan eman den «gibelatze onargaitza»ri aurre egiteko unea dela oharrarazi du.
Senpereko lakuan, banderola zein ikasle eta burasoen tixserten bidez gaur argiki ikusarazi den azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena aitzina eramateko jauzi berria iragarri du Seaskaren lehendakariak.
Ondoko asteotan ekimenak antolatuko dituzte aldarrikapena bultzatzeko. Hala ere kolegiotik lizeora igarotzeko ikasleek pasatu behar dute Brebeta azterketaren zientzia frogari buruz iragarpena egon du Jorajuriak. Desobedientzia ekimena plantan emanen dute.
Hartara deia luzatu diete ikasleei eta haien familiei zientzietako azterketa hori kosta ala kosta euskaraz idazteko, eta irakasleei Erretoretzatik zuzenketak bermatzeko jaso duten deialdiari muzin egiteko eskaera egin die. Finean, gaurko bestaren gorazarre egitera heldu diren erakunde ezberdinetako arduradun guztiei «plantan emanen diren desobedientzia ekimenak babesteko» gonbidapena luzatu die Seaskaren lehendakariak.
Bilan «goxoa»
Herri Urrats bere azken txanpan sartua zelarik behin-behineko bilana eskaini du Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. «Giroa ezin hobea izan da, eta gure aurreikuspen guztiak gainditu ditugu», aurreratu dio GARAri. «Egun osoan zehar parkingak beteta izan dira, besta gune ezberdinak jendez gainezka, berdin zikiro edo sagardotegian dena saldurik... Gure ohiko neurgailu horiek adierazten digute argi eta garbi pandemia aitzineko Herri Urratsetan jaso genuen jende kopurua azkar emendatu dela». Ipar Euskal Herriko ikastolen besta nagusiaren koordinatzailearen esanetan, egunak «zapore benetan goxoa» utzi du. Alde batetik, Seaskak bere bosgarren kolegioa egiteko behar zuen bultzada jaso duelako, eta, bestetik, «euskal komunitateak erantzun diolako ikastolek luzaturiko deiari, aurrean ditugun oztopoak altxatzeko indarra badagoela erakutsiz».