NAIZ

Genero-ikuspegiak kazetaritzan duen garrantzia nabarmendu dute Emakunde sarien banaketan

Iazko abuztuan zendu zen Lucia Martinez Odriozola kazetari eta irakasleari, ‘Pikara Magazine’ aldizkariari eta ‘Berria’ egunkariari Emakunde sariak emateko ekitaldian hedabideek gizartearen baloreak aldatzeko duten potentziala nabarmendu du Beatriz Artolazabal sailburuak.

Emakunde sariak banatzeko ekitaldia, Bilboko Euskalduna jauregian.
Emakunde sariak banatzeko ekitaldia, Bilboko Euskalduna jauregian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Euskalduna jauregian egin den sarien banaketa ekitaldian Beatriz Artolazabalek, Lakuako Berdintasun sailburuak, gogorarazi du hedabideek «balioak aldatzeko ahalmena» dutela eta komunikabideetan genero ikuspegia txertatuta izateak duen garrantzia azpimarratu du: «Bereziki beharrezkoa da, errealitatea sinplifikatu nahi duten berdintasunaren aurkako diskurtsoak agertzen diren garai honetan».

Era berean, sailburuak aitortu du berdintasunaren alorrean erronka handiak ditugula oraindik aurretik, eta «elkarrekin, herri gisa» egin behar dugula aurrera.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi du komunikazioaren arloan genero-ikuspegia duen unibertsitate-prestakuntzatik haren aplikazio praktikora doan katea saritu nahi izan dela eta epaimahaiaren arrazoiak azaldu ditu.

Bereziki, Lucia Martinez Odriozolak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako ekarpen aitzindari eta erreferentziala nabarmendu du epaimahaiak, bai eta kazetaritza generalistari eta kazetaritza espezializatuari egindako ekarpena ere.

EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Genero ikuspegia duen Kazetarien Euskal sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zen. Epaimahaiak nabarmendu du, gainera, Emakundeko Begira, Publizitate eta Komunikazio ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea izan zela 2013tik, eta, bertan, bere trebetasuna eta ezagutza eskaini zituela iazko abuztuan hil zen arte.

‘Pikara Magazine’ aldizkaria, bestalde, aldizkari feminista da, eta epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideekiko konpromisoagatik, batez ere berdintasunarekiko konpromisoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik.

Era berean, EAEn komunikazio eta publizitate ez-sexistarako kode deontologikoari eta autorregulazio-kodeari atxikitzeko sarearen parte dira.

Azkenik, ‘Berria’ egunkariak berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak, genero-ikuspegia erredakzio-lanean eguneroko praktika gisa txertatzen duen informazioaren bidez.

Bereziki azpimarratu dute indarkeria matxisten tratamenduari egiten dioten ekarpena. Estilo-liburuak egin ditu, berdintasun-planak diseinatu ditu, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu du, eta Begira Komunikazio eta Publizitate ez Sexisten Kode Deontologikoaren sareko kide da eta BAI Sareako kide ere bai, biak Emakundek sustatuak.

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea.

Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, hiru hautagaitzen artean banatuko da.