NAIZ

Jesus Mari Altable iruindarra aske geratu da, 27 urte eta erdiko espetxealdia beteta

Jesus Mari ‘Txuma’ Altable preso iruindarra aske geratu da astelehen goiz honetan, 27 urte eta erdiko espetxealdiaren ondoren, Etxeratek berri eman duenez.

Jesus Mari Altable senide eta lagunekin, aske geratu ondoren.
Jesus Mari Altable senide eta lagunekin, aske geratu ondoren. (ETXERAT)

Jesus Mari ‘Txuma’ Altable preso txantrearra aske geratu da astelehen goiz honetan, 27 urte eta erdiko kartzelaldiaren ostean. Iruñeko espetxetik atera da eta han zituen zain senide eta lagunak, harrera egiteko.

Altable 1994an atxilotu zuten Estatu frantsesean, Alberto Lopez de Lacallerekin batera. Ezarri zioten espetxe zigorra bete ondoren, 1999an espainiaratu egin zuten. La Junquerako mugan entregatu zuten, anbulantzia batean, gose greban baitzegoen. Harekin batera Txema Olabarrieta espainiaratu zuten; hura ere gose greban zegoen.

Estatu espainiarrean 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea leporatuta. 2017ko azaroan oso gaixorik zegoen 92 urteko bere ama ikusteko baimena ukatu zioten. Castelloko espetxean zegoen orduan, Iruñetik 500 kilometrora; Nafarroako hiriburura lekualdatzeko eskatu zuen, ama bisitatu ahal izateko, baina ezezkoa jaso zuen. Erabakiaren aurkako helegitea jarri eta azkenean Espetxe Zaintzako epaileak baimena eman zion txantrearrari ama ikusi ahal izateko.

Castelloko kartzelatik Soriara eraman zuten 2020an, eta Soriatik Iruñera iaz.

Josu Urbieta, larunbatean

Altablez gain, azken egunotan beste euskal preso bat geratu da aske: Josu Urbieta azpeitiarrak joan zen larunbatean berreskuratu zuen askatasuna, hamabi urteko espetxealdiaren ostean. Mont de Marsaneko kartzelan zegoen eta Estatu frantsesetik kanporatu ondoren aske geratu zen.