NAIZ

Julen Zubero bizkaitarrak irabazi du Titan Deserteko bigarren etapa: «Ezustekoa izan da»

Julen Zubero bizkaitarrak irabazi du Titan Deserteko bigarren etapa, Merzouga eta Ksar Jdaid artean lehiatu dena, Marokon. 40 gradoko tenperatura jasan behar izan dute txirrindulariek 102 kilometroko luzera eduki duen lasterketan. Haimar Zubeldia zazpigarrena izan da.

Julen Zubero garaipena ospatzen.
Julen Zubero garaipena ospatzen. (TITAN DESERT)

«Irabaztea ezustekoa izan da», adierazi du Julen Zuberoko etapa garaipena erdietsi ostean. Igandean hasi zen Titan Desert famatua, Marokoko desertuan sei etapatan lehiatzen den txirrindularitza txapelketa eta asteleheneko bigarren etapan, bizkaitarra izan da indartsuena helmugara batera iritsi den 7 txirrindulariko multzoan.

Zailtasunez betea egon da Merzouga eta Ksar Jdaid artean lehiatu den lasterketa, 102 kilometroko luzera eduki duena. «Desertu infinituan» zehar ibili dira txirrindulariak, 40 gradoko tenperaturan eta harri-bide, ibai eta portu handietako jaitsierak gainditu beharrean. Hala, oso parekatua egon da lasterketa hasi eta buka. Esprintean erabaki da etapa, zazpi txirrindulari batera iritsi baitira helmugara.

Bizkaitarraren gurpilak pasa zuen helmuga marra lehendabizi (3:24.35 denborarekin), Konny Looser, Francisco Herrero liderra, Oriol Colome, Guillem Muñoz, Oscar Carrasco eta Haimar Zubeldiaren aurretik.

Zuberok jada Titan Deserteko hirugarren etapa garaipena erdietsi du eta onartu du ezustean harrapatu duela garaipenak. Nolanahi ere, adierazi du etapa hau dela bere gusokoena «guztiok baliabide berdinek lehiatzen garelako». Izan ere, gaua pasatzeko baliabideak, besteak beste, beraiekin eraman behar izan dituzte eta arreta mekanikorik jaso gabe eta fisioterapeutak hartatu gabe, helmugara iritsi arte.

Liderraren maillot gorria Francisco Herrerok mantentzen du eta bigarren Konny Looser suitzarra dago, denbora berdinarekin. 53 segundora, hirugarren, kokatu da Julen Zubero garaipen honekin.

«Txapelketa oso parekatuta dago. Hasieran multzoan joaten gara denok baina gero jendea erortzen doa. Indartsuenak geratuko dira eta ni ez naiz horietako bat. Ez dut uste irabaziko dudanik. Etaparen bat irabazten nentorren, ez txapelketa irabaztera», adierazi du Zuberok.

Emakumeetan ere berdintasuna

Emakumeen kategorian ere oso parekatua izan da bigarren etapa. Namibiako Vera Looser izan da garailea, esprintean, Anna Ramirez katalana eta Gertrud Hildegunn norvegiarraren aurretik. Liderraren maillot urdina Ramirezena da oraingoz eta gaur esprintean izan diren beste bi txirrindulariek osatzen dute behin-behineko podiuma.

Asteazken honetan, Titan Deserteko etaparik luzeena lehiatuko da Ksar Jdaid eta Fezzou artean (125 kilometro). Bi igoera izango ditu eta minutu bateko bonifikazioa izango dute.