NAIZ

Araba Bizirik mugimenduak Gasteizko kaleak hartuko ditu larunbatean Tapia Legearen aurka

Araba Bizirik mugimenduak Tapia Legearen aurkako manifestazioa deitu du Gasteizen larunbaterako. Erakunde publikoek «proiektu erraldoien ezarpena bultzatzeko duten jarrera» salatuko du. 

 

Araba Bizirik mugimenduak Gasteizen eskainitako agerraldia.
Araba Bizirik mugimenduak Gasteizen eskainitako agerraldia. (ARABA BIZIRIK)

Araba Bizirik mugimenduak Gasteizko kaleak hartuko ditu datorren larunbatean Tapia Legeari ezetz esateko. Erakunde publikoek «proiektu erraldoien ezarpena bultzatzeko duten jarrera» salatuko du antolatutako manifestazioan; arratsaldeko 19.00etan abiatuko da Bilbo plazatik. 

Astearte honetan eskainitako agerraldian mugimenduko kideek azaldu dutenez, joan den urriaren 23an kalera atera ziren herrialdea pairatzen ari den «lapurreta» salatzeko. Martxan jarri nahi diren zentral eolikoak, fotovoltaikoak eta goi-tentsioko lineak kritikatu zituzten.

«Mehatxu horiek areagotu egin dira hilabete hauetan, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz», gaineratu dute, eta Ramiro Gonzalez, Arabako diputatu nagusia, eta Jose Antonio Galera, Ingurumen diputatua, «mendiak eta landa lurrak industrializatuko dituzten proiektu erraldoi horien alde» agertu direla ohartarazi dute. 

«Energia enpresa handien eta inbertsio funtsen mesederako soilik diren estrategiaren bi adibide aipatuko ditugu: lurralde osoan zehar banatutako zentral eolikoak edo zentral fotovoltaikoak ezartzeko plana, gaur egun landa lurra diren 1.300 hektarea baino gehiago erabiltzeko asmoa duena», azpimarratu dute.

Haien esanetan, «proiektu horiek ez dira alternatiba krisi ekologiko, sozial eta energetikoaren aurrean. Ez dira energetikoki eraginkorrak, horiek garatzeko energia fosil kopuru handiak bideratu behar baitira, eta ez dute energiaren kontsumorako eskubidea demokratizatzen».

«Inbertsoreentzat aldiz, baliabide natural publikoak eta Europatik datozen diru funtsak eskuratzeko modua dira. Hori da negozioa, eta Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira hori horrela izan dadin», adierazi dute.

«Frackingaren mehatxua»

Eta gaur egun franckingaren mehatxua «indarrean» dagoela esan dute: «EAJk ez dio uko egin egitasmo horri, eta presio egiten jarraitzen du teknika hori gure lurraldean garatu ahal izateko, nahiz eta gizartearen gehiengoaren oposizioa duen gaia izan».

Haien hitzetan, «EAJk azpiegitura handiak ezartzeko dituen planen aurkako jarrerak neutralizatzeko estrategia, Tapia Legea bezalako arauak onartzea da. Lege honek bertan behera uzten ditu udalen eskumenak, Hiri Antolamenduko Plan Orokorren (HAPO) gainetik pasatzen delarik».

«Lege honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeak alde batera utzita eta inolako aurkako jarrerarik aintzat hartu gabe, bere interesen barne dagoen edozein proiektu ezarri ahal izango du: zabortegiak, tratamendu industrialerako instalazioak, energia zentralak, nekazaritza edo abeltzaintza intentsiboko industriak edo garraio azpiegiturak», deitoratu dute.

Izan ere, «proiektu horiek era subjektibo eta autoritarioan ezarri ahal izateko interes publiko goreneko proiektua izendatuak izatea besterik ez da beharko, eta ekimen pribatuak ere halakotzat izendatu ahal izango dira. Beraz, golf zelai bat, turismo gune bat edo parke tematiko bat halakotzat sailkatuak izan daitezke».

«Administrazio Batzarrek eta udalek izan behar duten independentziarekiko abusu eta urraketa horren aurka gaudela adierazi nahi dugu. Jendearen beharrak kontuan hartzen dituen Gobernantza eredu bat aldarrikatu nahi dugu; erabakiak era deszentralizatuan eta artatzen gaituen lurrari lotuta hartzeko aukera ematen duena; eta aberastea helburu bakarra duten enpresa handiei gure lurraldeaz jabetzea eragotziko diena», azaldu dute.