NAIZ

Arabako kirol jardueren alorreko gatazka amaitutzat eman dute langileek

Arabako kirol jardueren alorreko lan gatazka amaitutzat eman dute, sektoreko langileek patronalak eginiko azken eskaintza onartu eta gero. Astearte honetan hastekoa zuten greba bertan behera utzi dute.

Gamarrako igerilekuetako bat, Gasteizen. (Jon HERNÁEZ/ARGAZKI PRESS)
Gamarrako igerilekuetako bat, Gasteizen. (Jon HERNÁEZ/ARGAZKI PRESS)

Arabako kirol jardueren alorrean ordezkaritza duten sindikatuek astearte honetatik aurrera deituta zuten bost eguneko greba bertan behera utzi dute, langileek patronalaren azken eskaintza ontzat eman ondoren. Ondorioz, lan gatazka bukatutzat eman dute, LABek ohar batean jakinarazi duenez.

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, langileek erakutsitako «determinazioari esker eta egindako borrokari esker, akordio on bat» lortu dute, eta aurrerapen «garrantzitsuak» beren lan baldintzetan: 2020-2023 urteak hartzen dituen hitzarmenak KPIaren arabera eguneratuko ditu soldatak; sektoreko gutxieneko soldatak 1.200 euro garbiak gaindituko ditu; esperientzia eta zerbitzuan emandako urteak saritzen duen antzinatasun plus bat izango dute; urteko lanaldia 55 ordura arte murriztuko da kategoria batzuetan; lan zentroen arteko joan-etorriak mugatuko dira; subrogazio eskubideari berme gehiago emango zaizkio etabarne promozioak arautuko dira, besteak beste.

Lortutako edukiez harago, LABek nabarmendu du «langileek negoziazioa behar bezala gauzatzeko izan duten antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna». «Nabarmentzekoa da langileen ordezkariek azken aste hauetan egindako lan eskerga, lantokiz lantoki joan baitira greba deialdira lankideak batzeko eta konbentzitzeko».

Sindikatuaren arabera, Gasteizko Udalak, sektoreko enpresa esleipendun nagusien bezero nagusia herrialdean, «bitartekari lanak egin ditu greba deialdia saihesteko». Joan den ostiralean bilera bat burutu zuen enpresekin, eta azken hauek atzoko egunean egindako mugimenduak ikusita, «badirudi hala izan dela». LABentzat, «guztiz adierazgarria da zenbait hilabeteren ondoren eta inolako aurrerapenik gabeko bileren ondoren, atzo egindako bileran hainbat proposamen trukatzeko aukera izan genuela bi ordu baino gehiagoz, besteak beste batzarrean langileen oniritziarekin onartu zena».

Azkenik, langileak zoriondu ditu «egindako borroka eredugarriagatik, beste behin ere agerian geratu baita antolaketarik eta borrokarik gabe ezinezkoa dela lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak ematea».