Patrick Poivre d'Arvor telebista auzkezle ezagunaren aurka sexu bortizkeria edo jokabide ez egokiak pairatu izanagatik salaketa jarri duten 20 emazte elkartzea lortu du Mediapart hedabideak.
Gaur, maiatzak 10an, 19.00tik landa, emankizun berezia eskainiko du frantses hedabide digitalak, zeinean emazte horiek denen agerian beraien bizipenen berri emanen dute.
«28 eta 63 urte adin tartean daude emazteak dira. Batzuk kazetariak edo aktoreak dira, baina badira saltzaile, bibliotekari edo enpresa aholkulari gisa lan egiten tuten emazteak baita ere. Horietako batzuk lehen aldiz denen agerian hitz eginen dute», azaldu dute hedabide digitaleko arduradunek emankizun berezi horri buruz.
Iragan apirilaren 28an ezagutu zen TF1 telebista katearen aurkezle famatua izan zen Patrick Poivre d'Arvor kazetariaren kontra ezarritako salaketa berria.
1995an TF1ko egoitza nagusian jasandako bortxaketa salatu zuen Nanterreko epaitegian garaian 24 urte zituen kazetariak.
Orotara 20 bat emaztek salaketak ezarri dituzte PPDAren aurka. Aurkezle ohiak, bere aldetik, horietatik 16ren kontra jo du auzitegietan gezurra esatea eta bera kalumniatzea leporatuz.
Kazetari ohiaren abokatuak aipaturiko salaketak deuseztatu nahian PPDA berak baliaturiko argudioak bere egin ditu. Nonbait «puritarismoaren olatu berriaren»ren baitan kokatuz «mendekuak bultzatutako ekimenak» baizik ez liratekeen salaketa horiek.
Izan ere, kazetari famatuak jarritako salaketa horiengatik kikildu ordez PPDAren aurka jo duten 20 bat emaztek urrats berria eginen dute gaur iluntzean, kamara aurrean mintzatuko baitute urte luzetan haien baitan atxiki dituzten pasarteak azaltzeko.
Telebistan aurpegia erakutsiko dute lehen aldiz
Dagoeneko bart Mediapartek zabaldu zuen emankizunaren aurrerapena zinez indartsua da.
Emazteak, bata bestearen atzean, kamera aurrean laburbiltzen dute salatu duten sexu jazarpena. Horietatik bi adin txikikoak ziren epailearene aurrean salatu duten erasoa gertatu zenean eta zortzi emaztek bortxaketarengatik salatu dute PPDA.
Eraso mota ezberdinak salatu dituzte, data eta tokiaren gainean oso informazio zehatzak emanez, 20 emazte horiek.
Emazkizun berezi horren baitan “Berria” egunkarian lan egin zuen Nora Arbelbide Lete euskal kazetariaren lekukotasuna entzuteko parada izanen da.
Prentsa kolokio bat segitzen zegoela, 2003. urtean, Martinikan, kazetari lapurtarrak Patrick Poivre d’Arvor hondartzan ikusi zuen eta, beste aukerarik ez zuela izanen topaketan aukezle moduan jardun zuen kazetariarekin hitz egiteko pentsatuz berarengana hurbildu zen “Euskaldunon Egunkaria”ren itxierari buruz bi hitz esateko.
Berak zuzentzen zuen albistegietan ez zutela euskal kazetaren itxiera aipatu ere egin nabarmendu zitzaion PPDAri eta ondoren hutsune hori bete ahal izateko Martinikako jardunaldi horien bueltan, Parisen, kasuari buruz informazio osoa emateko prest zela azaldu zion Nora Arbelbide Letek. Bilera hori finkatzeari begira bere telefono zenbakia eta helbide elektronikoa ere eman zizkion frantses telebistaren izar ospetsuari.
Dagoeneko bere lehenengo kontaktu horri buruz «bere begirada ez zela sanoa, ez zitzaidan entzuten ari, berarentzat haragi puska bat baizik ez nintzela sentiarazi ninduen», azaldu zuen kazetari lapurtarrak #metoo mugimenduaren segidan #balanncetonporc frantses Estatuan 2017an martxan eman zen kanpainarekin bat eginez.
Nora Arbelbide Lete kazetariaren lekukotasuna
Arbelbideren lekukotasunarekin segituz, hondartzatik bueltan, aurkezleak bere gelako atea jo zuen. Hotelaren harreran norbaitek euskal kazetariaren gelaren zenbakia eman ziolako PPDAri. Kazetaria ez zegoen bakarrik eta, horri esker, ahal izan zuen TF1ko izarra gelatik bidali.
Euskal Herrira bueltan, PPDAk utzitako mezua bazuela bere telefonoan ohartu zen. «Larunbat ilunabar honetan zu besarkatzeko gogoa dut», adierazten zion mezu horretan.
«Ez gara sedukzioaz ari, ematen du gizon boteredun horiei dena zor zaiela eta hori ez da onartu behar, horrendako mintzatu naiz, bide bat irekitzeko zeren nirea baino kasu larriagoak badira, eta horiek azaltzea erraztea nahi nuke», azaldu zuen berari gertatukoa plazaratzeko hautuari buruz Nora Arbelbide Letek.