NAIZ

Burujabetza mintzagai, David Fernandez eta Unai Apaolaza elkartuko ditu Ehunek Donostian

‘Burujabetza. Iraultzaz Euskal Errepublika’ lelopean, larunbatean Donostian David Fernandez eta Unai Apaolazaren arteko elkarrizketa bat antolatu du Ehun mugimenduak. Era berean «askoren lehenengoa» izango den burujabetza ekintza bat iragarriko dute.

2021eko uztailan Ehun mugimenduak Donostian egin zuen ekintza bat.
2021eko uztailan Ehun mugimenduak Donostian egin zuen ekintza bat. (Jon URBE | FOKU)

Ehun Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduko kide Unai Apaolaza NAIZ Irratian izan da, larunbatean egingo duten ‘Burujabetza. Iraultzaz Euskal Errepublika’ ekimenaren berri emateko.

Donostiako San Jeronimo kaleko kriptan David Fernandez, ANCko lehendakariordea, eta Unai Apaolaza elkarri galdezka arituko dira, bakoitza bere ama hizkuntzan. Era berean, burujabetza ekintza baten berri ere emango dute, bertan parte hartuko duten pertsonak, data, ordua eta lekua iragarriz.

«Gure arazo nagusia da burujabetzak, pluralean, falta ditugula. Eta gainera burujabetza horiek praktikara eramatea ezinezkoa da. Ez Frantzian ez Espainian. Eta beraz hauek praktikara eramaten hasi behar gara baimenik lortu gabe. Horri deitzen diogu burujabetza iraultzailea. Lapurtu dizkiguten burujabetza horiek, normal-normal, gureak direlako praktikan jartzen hastea», azaldu du Apaolazak.

Hori dago 14ko ekimenaren atzean. Fernandezekin izango duen elkarrizketaren harira, «bereizgarri» bat duela nabarmendu du Apaolazak. «Oso freskoa da hitz egiten eta nik uste dut lerroburu bat baino gehiago emango dituela». Kataluniako egoerak, aurrera begira, zein aterabide izan dezakeen jarriko dio mahai gainean Ehun-eko kideak. «Kataluniako prozesua Euskal Herriko prozesuaren isla izan daiteke. Bideak nahiko antzekoa izan beharko du».

Bakoitzak bere hizkuntzan egingo du elkarrizketa. Hau da, Fernandezek katalanez eta Apaolazak euskaraz. «Burujabetzak praktikara eramatearen aldekoak gara, alor guztietan, eta hizkuntzan ere. Beraz, normal-normal bakoitzak bere hizkuntza erabiliko du eta gaztelera ez dugu erabiliko. Hautu erabat politikoa bai».

12.30ean Trinitate plazan ekitaldi politikoa egingo dute eta burujabetza ekintza bat aurkeztu. «Salto kualitatibo bat emango dugu. Burujabetza ekintzak praktikara eramaten hasiko gara. Eta bizi garen garai honetan, Espainia eta Frantziaren patriarkatu eta kapitalismoaren barruan, esan nahi du talka bat sortu dezakeen zerbait egitera goazela. Ez da antzerki hutsa izango». 

Larunbatean zita bat jarriko dute. Eguna, ordua eta lekua jakinaraziz. «Ekitaldi masiboa izatea nahi dugu eta izango da jendartearen gehiengo oso zabal batek begi oso onez ikusiko duen ekintza bat», baieztatu du. «Obeditu egingo dugu, gehiengoaren nahi horri obedituko diogu», gehitu du ekintza «politka, ikusgarria eta interesgarria» izango dela adierazi aurretik.

Hori eta hortik aurrera egingo dituzten gainontzeko ekintzak «alor diferente askotan» izango direla aurreratu du Apaolazak. «Ekintza horiek indartu egingo gaituzte» nabarmendu du Ehuneko kideak. «Ondo pentsatutakoak dira, espiritu positiboz, eta uste dugu jendea pixkanaka-pixkanaka gehitzen joango zaigula».

Haien webgunean burujabetza ekintza hauek praktikara eramateko izena emateko aukera ere badago. «Baditugu ehunka bat pertsona. Baina hau hasiera bakarrik da» eta lehen ekintza horretan jarri du honi bultzada emateko unea.

Independentismoak «errelato sinesgarri bat» egitea «urgentea» dela iritzi du Apaolazak eta hori «Espainian eta Frantzian ezin dela esatetik pasatzen da eta burujabetza horiek praktikara normaltasunez eramatetik».