NAIZ
IRUÑEA

Euskara Aurrera ekimena aurkeztu dute Nafarroan, kulturgintzatik babesak batuz

Euskararen egoerak Nafarroan bizi duen egoerarekin kezkaturik aurkeztu dute ostegun honetan Euskara Aurrera ekimena. Kulturgintzatik atxikimenduak jasotzearekin batera, datorren maiatzaren 21ean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin dute.

Ekimenaren aurkezpena, Iruñeko Takonera parkean.
Ekimenaren aurkezpena, Iruñeko Takonera parkean. (Euskara Aurrera)

«Euskararen egoerarekin kezkatuta gaude», aitortu dute. Arrazoiak ez dira falta: euskararen ofizialtasun eza Nafarroa osoan, azken urtean izan diren euskararen aurkako erabaki judizialak,  euskararen erabilera datuek erakusten duten geldialdi zantzua, pantailetan euskarak duen presentzia murritza, euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea edo azken hilabeteetan Nafarroako Parlamentuan hartutako erabakiak.

Iragan apirilean Donostian Euskara Aurrera ekimena aurkeztu ondoren, beste hainbeste egin dute ostegun honetan Nafarroan, testuingurua zein den irudikatzeko eredu batzuk emanez. Zerrenda luzeagoa da. Agerraldian izan dira Oier Zuñiga artista, Ane Eslava kazetaria, Mikel Irure LABAko kidea, Pantxika Lamur pailazoa eta Ibai Sueskun Agerraldia ekimeneko kidea. Enrique Villareal ‘El Drogas’ musikariak eta Saioa Alkaiza bertsolariak ez dute bertaratzerik izan, baina ekimenari babesa azaldu diote.

Salatu dutenez, euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki politiko eta juridikoek ez dute  etenik, are gehiago Nafarroan. Bestetik, kultur globalizazioaren ozeano zabalean euskararen  presentzia lausotzen ari da. «Gaur, gazteen lekukoa hartu eta Nafarroan ere euskararen aldeko olatura igotzeko hautua egiten dugu», esan dute.

Egoera irauli asmoz, eta euskararen aldeko konpromisoa berretsi asmoz, maiatzaren 21ean 17.30tan Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan «urrats erraldoia ematera» animatu dituzte «euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duzuen herritar guztiak».