Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Entrevue
Imanol Alvarez
Bera Berako entrenatzailea

«Gozatua izan da Kopan sufritu zuten horiei ordainsaria ematea»

Bera Berako entrenatzaile gisa bigarren etapa ari da bizitzen Imanol Alvarez (Ermua, 1967). Dagoeneko lau urte egin ditu segidan karguan, Kopa bat eta hiru Liga erreskadan irabaziz. Ez da jarri atzera begira, eguneroko lanaz disfrutatzen baitu.

Imanol Alvarez, Bera Berako entrenatzailea.
Imanol Alvarez, Bera Berako entrenatzailea. (Jon URBE | FOKU)

«Nik idealizatuta daukadan jokamoldetik gertuago ikusi dut taldea aurten», onartu du Imanol Alvarezek NAIZi eskainitako elkarrizketan. Bere laugarren Liga irabazi berri, lasai dago ermuarra, eguneroko lanean zentratuta –txirrindularitza zalea izanda, hori bai, Giroa «apur bat» ere ikusten du–. Liga titulua jada eskuan duten arren, datozen hiru partidak irabazten saiatuko dira, «arerioei errespetuagatik» eta, bide batez, denboraldia borobiltzeko. Garaipenen atzean dagoen lana nabarmendu nahi izan du.

Kanpotik sentsazioa da nahiko erraz aritu zaretela Ligan. Horregatik, agian, oharkabean pasatu da eskuratutakoa?

Erraza ez da izan. 23 partida jokatu eta soilik bat galdu eta beste bat berdintzea ez da inoiz erraza. Beste kontu bat da jende guztiak gu faboritotzat ematea aldez aurretik. Hori, baina, gehigarri bat da guretzat, esan nahi baitu gauzak ondo egiten ari garela.

Eli Cesareok Bera Berak irabazitako Ligak ez direla hainbeste baloratzen ematen duela aipatu zuen elkarrizketa batean.

Bakoitzak eman behar dio balioa. Denboraldi osoa jaitsiera saihesteko borrokan bazaude eta ez bazara jaisten, ospatzeko moduko lorpena da, garaipena. Hemen, urte guztia lehen postuan eman dugunez, badirudi mundu guztia gure akatsen zain dela. Kopatik kanporatzen bagaituzte, beti dirudi gure akatsa; Liga irabazten ez badugu, gure errua da... Bidegabea da. Ulertzen dut garaikur asko irabaztetik gatozenez jendeak hori espero duela, baina titulu oro ospatu behar da. Taldean, gure erara ospatu genuen Gijonen eta seguru oraindik ere afari gehiago egingo ditugula!

Elxen irabazi eta Rocasak galdu ostean, urrats handia eman zenuten. Nola mantentzen da taldea motibatuta jakinda Liga esku-eskuan daukala?

Beti faboritoa zarenean, presio hori motibagarria da. Jendeak ez du galdu nahi. Egia da Elxen irabazi osteko astean eta gero Gijonek galdu eta guk irabazi genuenean, abantaila handitu genuela eta horrek lasaixeago uzten zaituela. Zure esku dago guztia.

«Hain aste zaila pasa ostean, hemen nagoenetik aste zailena, ondo errekuperatu ginen beste final bat genuela jakinik»

Taldeak behar zuen Gijonen lortutako garaipena Kopa eta gero apur bat animatzeko?

Bai, bagenekien lau saiakera genituela partida bakar bat irabazteko. Baina hain aste zaila pasa ostean, hemen nagoenetik aste zailena, ondo errekuperatu ginen beste final bat genuela jakinik. Batez ere, Gijongo pabiloira zaleak sartu ziren une hori hauspo handia izan zen. Denok genekien bertan egongo zirela, baina, zaleak taldea animatzen ikustean, aurreko astean eman ez geniena itzultzeko aukera ederra ikusi genuen guztiok.

Guardesen aurkako Kopako porrota Ligan bi aste lehenago arerio bera oso erraz menderatu eta gero iritsi zen. Ez zen, baina, batere arerio makala...

Nahiz eta zuk erraz irabazi, edozein taldek garaitu zaitzake. Beste gauza bat da gu oso konstanteak garela. Askotan esan ohi diet jokalariei irabazten dugunean ez dela besteek huts egiten dutelako, baizik besteek baino hobeto jokatu dugulako. Okerrago jokatzen badugu, galdu egingo dugu. Eta Atletico Guardesen aurka hori gertatu zen. Oso adibide ona da bi aste lehenago etxean ondo nagusitu ginelako eta A Guardan ere ondo nagusitu ginelako.

Bera Berak irabazi dituen zortzi Liga tituluetatik lautan zu izan zara entrenatzailea. Azken hiru Ligak segidan irabazi dituzu. Nola sentitzen zara?

Ez naiz jarri pentsatzen, egunerokoan soilik pentsatzen dut. Irabazten dugunean, bakarrik egotea gustatzen zait, niregan pentsatu, egin dugun lanean, familian... Eta gero taldearengana joan, zaleengana. Gozatu handia izan da Kopan hainbeste sufritzen zuten horiei ordainsari hain gozoa ematea. 

Lehen etapan denboraldi bakar batean hiru garaikur irabazi zenituen. Orain hori errepikatzea zailagoa da?

Uste dut Liga hobetu egin dela,  baita taldeak ere. Reyes Carrerek irabazi zituen lehen aldiz hiru garaikur, eta gero nik 2013-2014 denboraldian, baina orduan jada senak esaten zidan gero eta zailagoa izango zela. Aurreko urteetan zenbait taldek krisi ekonomiko latza jasan zuten, batzuk desagertu ere egin ziren, Itxako tartean. Bera Berak gauzak ondo egiten jakin zuen, etxea teilatutik hasi gabe, eta horrek eraman du gorenera. Hamarkada batez urtero gutxienez garaikur bat irabaztea ez da kasualitatea, gauzak ondo egiten diren seinale baizik. Baina Liga hobetzen ari da, jokalariak kanpora joaten dira baina maila handiko gazteak daude eta guztiek ezin dute Bera Beran edo Rocasan jokatu. Dena parekatzen ari da.

Nostalgiko hutsak gara?

Guztiok gogoratzen ditugu Realak irabazitako Ligak eta hori nostalgikoentzat ondo dago. Oroitzapen hori lehen pertsonan bizi duten horiek sortzen dute eta hori helarazi nien Gijonen, Bera Beraren historian lerro batzuk idaztear ginela: 21. titulua, hirugarren Liga erreskadan... 

Urte guztian zehar konstantzia hori mantentzeko orduan, talde zabala izatea gako izan al da? Irakurri dut ez duzula nahi hain talde zabala izatea…

Uste dut gehiago dela mentalitate kontua, ez dut uste konstantzia hori jokalari kopuruarekin lotuta dagoenik. Iaz hamalau jokalarirekin geratu ginen hiruk min hartu zutelako (Sara Gil, O’Mullony eta Boada), eta bigarren faseko partida guztiak irabazi genituen, onenen aurka lehiatzen gainera. Ez da hainbeste jokalari kopurua, baizik eta dauden jokalariek maila zehatz bat izatea –eta hemen denek dute– eta guztiak inplikatuta egotea. Gero eta jokalari gutxiago izan, are inplikatuago sentituko dira denak. Batzuetan, entrenatzaileok denbora gehiago eman behar izaten dugu jende guztiari baliagarri izan daitekeela helarazten...

«Oreka mantentzea errazagoa da 14-15 jokalariko talde batean. Gainera, horrela harrobiko jendearekin lan gehiago egitera ere derrigortuta zaude»

Eta hori zaila da?

Entrenatzea baino zailagoa! Jokalaria berekoia da, bere lana da eta hobetu nahi du, onena izan nahi du, eta taldekideekin lehian dago. Beste modu bateko lehia da, baina, azken finean, lehia. Uste dut oreka mantentzea errazagoa dela 14-15 jokalariko talde batean. Gainera, horrela harrobiko jendearekin lan gehiago egitera ere derrigortuta zaude. 17 jokalari baldin badituzu, harrobikoen parte hartzea bigarren planoan geratzen da. Eta gure harrobiko jendeak edo gure harrobira etor daitekeen jendeak ikusi behar du lehen taldearekin jokatzea ez dela urruneko kontu bat.

Hala ere, minutuak banatu dituzu guztien artean, ez duzu desoreka handirik sortu. 

Hemen guztien maila antzerakoa da, zorte hori daukagu. Ni jokalaria izan naiz eta jokatu gabe egon naizenean eta bat-batean jokatzea egokitu zaidanean norbaitek min hartu duelako ez da gauza bera. Taldearen parte sentitu behar duzu, benetan, ez soilik hitzez. Oso garrantzitsua da jokalarien artean minutuak banatzea eta, hamar minutu jokatzen badituzu, topera izatea.

Lau urte jarraian bete dituzu dagoeneko bigarren etapa honetan. Nola sentitzen zara?

Oso pozik. Itzuli nintzenean erabaki nuen entrenatzaile bezala bizitzen saiatu nahi nuela jubilatu arte eta, horretarako lekurik egokiena, nire etxea da. Ezer arrarorik gertatzen ez bada eta hemen nahi banaute, hemen jarraituko dut. Espainiako selekzio absolutuan ere banago orain eta ea nola joaten den uda. Juniorren selekzioa uzteko asmoa neukala iritsi zitzaidan absolutuaren deia. Uda familiarekin denbora gehiago egoteko behar nuen, deskonektatzeko, uste dudalako beharrezkoa dela. Aurten egun gehiago hartzen saiatuko naiz, urtea aurrera doan heinean higadura hori igartzen baitut.

Bera Berak zer behar du Europan lehiakorra izateko?Aurten izan zarete, Paris 92 kanporatu zenuten...

Bai, baina beti baldintza kaskarragoetan lehiatzen gara eta hori onartu behar dugu. Beraiek aurrekontu hobeak dituzte eta, beraz, beste gauza batzuetan saiatu behar dugu aurkariak baino hobeak izaten: jokoan, partiduen prestaketan, gehiago borrokatzen... Inoiz lortu dugu multzoen fasera iristea eta horrek esan nahi du posible dela.

Zer duzu nahiago, EHF European League jokatzea edo maila baxuagoko txapelketetan finalera iritsi?

Gauzak lortzea kostatzen zaigun txapelketa horiek jokatu behar ditugu, multzoen fasera iristea kostatzen zaigun horiek. Ahalik eta urrunen iristeko borrokatzea beharrezko dugu; konfort gunean geratzen bagara, akabo.

Aurten, partidu hasieretan arazoak izan dituzue batzuetan...

Bai, eta azkenean aurrera atera ditugu partiduak, baina ezin gara despistatu. Badakit oso zaila dela Gijonen erakutsi genuen maila urte guztian mantentzea. Gijonen motibazioa izatea erraza zen, mundu guztiak nahi ditu halako partidak irabazi. Baina horra iristeko, Zonzamasen irabazi behar da, Tenerifen… Era berean, egia da Bera Beraren aurka jokatzea erraza dela, inork ez dauka ezer galtzeko. Dena dela, ez litzaidake gustatuko horrelako egoera batean egotea; nahiago dut beti irabazteko behar hori izatea. Erakargarriagoa da, estresagarria ere bai, baina hori kudeatzen jakin behar da.

Cristina Poloniok zioen berarentzat zailagoa dela jaitsiera saihesteko borrokan ibiltzea.

Poloniok bi jaitsiera bizi izan ditu eta oso gogorra da. Jaisten zarenean, urteko esfortzua ez duela merezi izan dirudi. Etxean Kopatik kanpo geratze baino gogorragoa da. Jaitsiera bat sufritzen duzunean, gauza asko jartzen dituzu zalantzan.