NAIZ

Itsaso Beltzean beste ontzi errusiar bati egindako erasoa bere gain hartu du Ukrainak

Ukrainar armadak jakinarazi du ‘Vsevolod Bobrov’ ontzi logistiko errusiarra erasotu eta larriki kaltetu duela Itsaso Beltzean, Sugeen Uhartea deitutakotik gertu. Antzeko erasoak biderkatu direla ziurtatu du, ‘Moskva’ hondoratu ostean.

Vsevolod Bobrov ontzia, ukrainar armadak erasotu aurretik.
Vsevolod Bobrov ontzia, ukrainar armadak erasotu aurretik. (Dimitrii Shessier | MarineTraffic)

Ukrainar Armadak ostegun gau honetan iragarri du beste errusiar ontzi bat erasotu eta, ondorioz, larriki kaltetu duela Itsaso Beltzean, Sugeen Uhartea delakotik gertu. ‘Vsevolod Brobov’ izeneko itsasontzi logistikoa da kasu honetan, 95 metro luze eta 22 zabal dituena, errusiar Armadaren berrienetako bat, 2016an itsasoratu baitzuten estreinakoz.

Serhiy Bratchukek, Itsaso Beltzeko Odesa hiriko Eskualdeko Administrazio Militarraren bozeramaileak, Telegrameko bere kontuan eman du operazio militarraren berri. Bratchuken esanetan, Vsevolod Brobov ontzi laguntzaile errusiarra kaltetuta eta sutan gelditu da ukraniar erasoaren eraginez. Errusiaren partetik ez dago erreakziorik oraindik.

«Gure armadaren akzioen ondorioz, ‘Vsevolod Bobrov’ ontzi laguntzaileak, Errusiako flotako berrienetako batek, su hartu du. Dirudienez, oso kaltetuta doa Sebastopolerantz», ospatu du Bratchukek.

Bratchukek erasoaren inguruko informazioa oraindik «guztiz argitzeke» dagoela aitortu du, baina berretsi du ontziak «suge hozkada bat sufritu duela Sugeen Uhartearen gunean», ontziak pairatutako erasoari erreferentzia eginez.

Itsaso Beltzean kokatuta dituen dozena erdi gerraontzi edo ontzi laguntzaile kaltetu edo suntsitu dituela ziurtatu du Ukrainak. ‘Moskva’ gerraontzia da orain artean ezagunena, 1945. urtetik aurrera eraso baten ondorioz hondoratutako handiena izan baita.

‘Moskva’ Itsaso Beltzeko flotaren ontzi-intsignia zen. Ukrainarrek sostengatzen dute bi misil jaurti zizkiotela ontziari, eta Washingotonek hala berretsi zuen.