Jakina da frontoiak pilotaren hotsak jasotzeko baino askoz gehiagorako gai direla. Ibarrako plazako frontisean, hain justu, mundu mapa erraldoi bat zegoen zintzilik iragan ostiralean eta, bertan, hainbat mugarri: Honduras, Nigeria, Maroko, Portugal, Kuba… hamar herrialde denera. Kantxa, hain zuzen, haietatik etorritako ordezkariek hartuta zegoen.
Pentsa liteke atzerritarrak izatea zutela amankomunean, baina oso oker ginateke. Denek Ibarrako Uzturpe ikastolan dituzte seme-alabak, denak sartzen dira «ikastolako gurasoak» kategoria horretan. Eta aurtengo Kilometroak festa ikastolari egokitu zaionez, euren ekarpena ere egin nahi zuten: nazioarteko gastronomia azoka bat. Nigeriako arroza pikantearekin hasi eta Honduraseko entxiladekin jarraitu; handik Marokora, bertako pastel gazi-gozoekin, edo kus kus-arekin, edo Nikaraguako quesadillas izeneko horiekin… Eta zergatik ez hartu tarte bat benetako kakaoa dastatzeko? Nikaraguatarrek diote euren «txanpona» izan zela hainbat mendez. Ziurrenik Saharako tea ezaguna egiten zaigu, ez ordea, ukrainar pontxiki gozoak. Hein handi batean, iragan ostiralean munduari bira eman ahal zitzaion Ibarrako plazatik atera gabe. Ez da makala.
Gozoak eta gaziak
Urriaren 2an Kilometroak-en eguna ospatuko da, bai eta ordura arteko beste hainbeste. Hauxe da, hain justu, aurtengo aldaketa nagusietako bat. «Eguna» heldu bitarteko mugarrien artean hamaika ekitaldi antolatu dira: herri kirolak eta bertso saioak; eskultura erakusketa bat (41 euskal eskultorek hartu dute parte); munduan zehar digitalki zabaldutako ekimen bat; nazioarteko gastronomia aire zabaleko azoka… Zalantzarik gabe, Kilometroak 2022ko egitasmoko talde bitxiena izango da honako hau: hamar hizkuntza, ala gehiago, biltzen ditu, eta gaztelania dute elkarri ulertzeko balio diena. Batzuk euskara ikasten hasiak dira, baina denbora behar da horretarako, eta egunerokoak ez du bidea errazten.
Badira urte batzuk Patricia Chavarria Hondurasetik iritsi zela gurera eta, egun, Izaskun auzoko aiton bat zaintzen du. 31 urtekoa Tela hiri ederrean jaiotakoa da. Turismo agentziek iragartzen duten «paradisu» horietako bat omen da, baina, Patriciak dioenez, turistek baino ezin dira bertan bizi. Ibarran ere ez da erraza izaten ari berarentzat, oraindik bere tokia bilatzen ari dela diosku. Ali, aldiz, ekialdetik iritsi zen Euskal Herrira, Pakistandik, hain juxtu. «Nola? Paperik gabe, jakina. Gehienok bezala», dio ikastolan bi ume dituen punjabitarrak. Tolosako kebab jatetxe batean lan egiten du eta gustura dagoela dio.
Gerta liteke ere mundura errefuxiatu gune batean etortzea, Aljeriako basamortuaren erdian. Lala eta Eliza sahararren seme-alabak Euskal Herrian jaioak dira, eta euskaraz nahiz hassanieraz bikain mintzo dira txikiak. Ama biek «harro» daudela diote. «Bertako hizkuntza ikastea ezinbestekoa da, edonora zoazela ere», diosku Mariletek. Duela 12 urte iritsi zen, Nikaraguatik. Euskara ulertzen duela dio eta, hainbatetan, hitz-egiten ere ausartzen dela.
Plazaren isla
Nadia ere duela 12 urte bertaratu zen Ibarran (Ukrainatik, «maitasunak ekarrita») eta bere gaurko eskaintzak sekulako arrakasta izan du txikienen artean. Ulertzekoa da, berak egin baititu pontxiki, golubtsi eta nalsunuki opil gozoak. Andriy eta Anastasia ditu ikastolan, biak hemen jaioak dira, baina oraindik ez dute ezagutu bere gurasoen jaioterria. Familia Ukraina mendebaldeko baserri batekoa da, Txernivtsi hiritik gertu. Tokia ederra oso omen da, bizitzaz beteriko baso baten erdian. Urteak elkarren atzetik igaro eta ezin umeak eraman aiton-amonengana, beti zegoen zerbait. Eta gero COVID-ak eztanda egin zuen, eta gerrak jarraian… Udaberri honetan ziren joatekoak, baina planak bertan-behera erori dira berriz.
«Kezkatuta nago. Egoera honi ez diot irtenbide onik ikusten», damu du Nadiak. Ez du etsi. Tolosaldeko beste ukrainar batzuekin bat egin eta Eslovakiako mugarantz jo zuten pasa den apirilean, Ukrainatik zetozen errefuxiatuei laguntzera. Ahal duen guztia egiten ari dela errepikatu du.
Arratsaldeko 8tarako apenas zegoen deus jateko, eta taldea jasotzen hasia zegoen. Uzturpeko Hizkuntza Errefortzuko irakasle Ixiar Urkolak ase zegoela zioen, «pozik egindako lanaz»; helburua zera zen, harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea. Zakua beteta. Txaramakoa «errealitate berria»z ere ari zen, «aberatsa bezain konplexua» den horretaz. «Ikastola plazaren isla besterik ez da, gure gizartearena alegia».