NAIZ

Zuzendaritzarekin akordioa sinatu arte ez dute greba utziko Irizar E-Mobility-ko langileek

Adunako Irizar E-Mobility enpresako langileek ostiralean lan gatazka desblokeatzea eta enpresarekin aurreakordio bat adostea lortu zuten. Hala ere, larunbat honetan adierazi dutenez, zuzendaritzarekin akordioa sinatu arte ez dute greba utziko. 19 egun daramatzate greban.

Larubat honetan Andoainen egindako ekitaldia.
Larubat honetan Andoainen egindako ekitaldia. (Jon URBE | FOKU)

Adunako Irizar E-Mobility enpresako langileek ostiralean lan gatazka desblokeatzea eta enpresarekin aurreakordio bat adostea lortu zuten. Dena den, LAB sindikatuak ohartarazi duenez, zuzendaritzarekin akordioa sinatu arte ez dute greba utziko. 19 egun daramatzate greban, eta enpresa-Ituna «erabat argitzen eta sinatzen den bitartean», jarraitzea erabaki dute.

«Hiru egun hauetan izan ditugun bilera neketsu hauetatik enpresaren lan baldintzak hobetzeko balioko duen aurre-akordio on bat hitzartu da. Hala ere, aurre-akordio hau greba batzarrean berrestu behar da. Garbi degu hau ez dela bukatuko dagokigun ituna sinatu arte. Oraindik greban jarraitzen degu».

Halaxe azaldu dute manifestazioaren ordez antolatutako batzar informatiboan. LABeko ordezkaritza bat izan da bertan. «Borrokak eta antolakuntzak emaitzak ekartzen dituela berretsi dugu berriro ere; Irizar E-Mobility enpresako langileen lan gatazka, adibide», esan dute.

Irizar E-Mobility enpresako bederatzi ordezkari sindikaletatik zortzi dira LABekoak. Sindikatuaren arabera, «azken asteetan borroka eredugarria eraman dute aurrera, langileen lan baldintza duinen alde».

Egunotan jaso duten elkartasuna itzuli nahi izan dute orain. Izan ere, manifestazioa bertan behera utzi arren, Elkartasun Eguna bere horretan mantendu dute, eta bertan izan dira Alconza enpresako langileak. Andoainen antolatutako jaialdian bildutako dirua Berangoko enpresan euren lanpostuen defentsan greba mugagabean dauden langileentzat izango da.