Ampo Ordiziak Ligako finalerdiak jokatzeko txartela eskuratu du gaur eguerdian Altamiran Ciencias talde sevillarra 26-20 menderatu ostean. Gipuzkoarrek etxean jokatzeak ematen duen abantaila baliatu dute zaleen bultzadarekin garaipen estua bezain bikaina lortzeko, eta moralez beteta joango dira hemendik bi astera El Salvadorren zelaira finalerdi horiek jokatzera.
Neurketa oso parekatua izan da hasieratik. Etxekoak aurreratu dira hamargarren minutuan Asier Alvarez de Eulateren entsegu batekin, baina andaluziarrek berehala irauli dute markagailua Guillermo Mateuren entsegu batekin eta Cormac Eoin Foxen bi zigor kolperi esker.
Ciencias 7-13 aurretik zen 25. minuturako eta argi utzi du ez zizkiola gauzak erraz ipiniko Ordiziari. Hori bai, goierritarrek ere kolpe bat gauzatu dute Valentzin Cruzen eskutik lehen zatiaren amaieran eta atsedenaldian 10-13koa zen emaitza, dena airean utziz.
Eta bigarren zatian ere antzeko bidetik jarraitu du neurketak. Berriz ere Ampo izan da hasi eta berehala lehen puntuak ospatu dituena, Oier Goiak sinatutako entsegu batekin (17-13), baina ondoren Axel Paparen erantzuna iritsi da 57. minutuan Ciencias 17-20 aurreratzeko.
Azken txanpan, ordea, Valentin Cruzen ostikoek erabaki dute dema. Hamar minutu eskasean bi zigor kolpe gauzatu ditu argentinarrak eta drop bat makil tartean sartu du, emaitzari buelta eman eta Ordizia 26-20 aurretik ipintzeko. Eta azken minutuetan bikain defendatu du bere errenta talde goierritarrak.
朗 Aurtengo azkena Altamiran.
— AMPO ORDIZIA (@ORDIZIARUGBY) May 15, 2022
Bi final aurretik. pic.twitter.com/Bwtpj1qDy3
Sekulako festa Altamiran eta ilusio bete-betea finalerdietan ere maila ona emateko. Burgos 20-14 menderatu duen El Salvador indartsuaren zelaian jokatu beharko dute gipuzkoarrek hemendik bi astera, Valladoliden.
Beste adarrean Santboianak 30-23 irabazi dio Barçari eta aurkaria ezagutzeko zain geratzen da, Alcobendas eta Cisnerosen arteko kanporaketa atzeratu egin delako Van den Berg kasua argitu arte.