NAIZ

Bizitzeko beste moduei eraso

Gasteizko bi ikastoletan margotutako ortzadarrek erasoak jasan dituzte eta, mezu horien ondotik, eraso fisikoak etorri ohi direla ohartarazi dute.

Umandi ikastolako pintaketa iraingarriak berehala ezabatu zituzten.
Umandi ikastolako pintaketa iraingarriak berehala ezabatu zituzten. (NAIZ)

Homofobiak bultzatutako erasoak modu askotan gertatu ohi dira gizartean. Azken urte honetan, Gasteizko bi ikastoletan margotuta zeuden LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko ortzadarrak mezu iraingarriekin zikinduta azaldu dira. Ikusgune behatokiak ohartarazi duenez, mezu horien ondotik, eraso fisikoak etorri ohi dira.

Lehen gertakaria 2021eko ekainean izan zen, Lakua-Arriaga auzoko Umandi ikastolan. Bertako eskola-komunitateak salatu zuenez, LGTBIfobiaren aurkako horma-irudi baten gainean pintada homofoboak eta transfoboak agertu ziren. Mural hori maiatzaren 17an egin zen, LGTBIfobiaren aurkako egunean, «ikastolan lantzen diren balioekin bat». Hala ere, hilabete geroago, “Esto con Franco no pasaba!”, “Transformers no!” eta “Marikas” pintadak agertu ziren horma-irudiaren gainean.

Bigarrena aurtengo otsailaren 8an izan zen aurrekotik oso urrun ez dagoen Salburuako Arantzabela Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoan. Kasu honetan ere, pintaketak egin zituzten ortzadarraren koloreak eta berdintasunaren, errespetuaren eta askatasunaren aldeko leloak zituen mural baten gainean.

Sare sozialen bitartez, ikastola honetako eskola-komunitateak pertsonen duintasunaren aurka eta ikastetxean egindako «lan artistiko, aldarrikatzaile eta parte-hartzailearen aurka» egindako ekintza iraingarria salatu zuen.

Gertakari horien aurrean, bestalde, Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak, Ikusgunek, kaleetan gorroto-diskurtsoak hartzen ari diren norabideaz ohartarazi nahi izan zuen. «Ikasgeletan sexu eta genero aniztasuna ikusarazteko ahaleginak jopuntu bilakatu dira zishetero arauaz haratago bizi eta harremantzea erreprimitu eta ukatu nahi dutenentzat».

Gertatutakoa larritasunez ikusi zuen. «Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, LGTBI+ pertsonen eskubideen erabilerak behera egin du, eta horrek agerian uzten du mezu horien atzetik eraso fisikoak datozela». Ikusgunek egun haietan Basaurin eta Zornotzan izandako gertakariak gogoratu zituen. Erakunde horren iritziz, horrelako mezu eta erasoen helmuga ez da pertsona jakin bat. «Aitzitik, LGTBI+ biztanle guztiei zuzenduta daude, eta, beraz, jendarte osoari, aniztasuna eta askatasuna lortzeko helburuetan erasotuta baitago».

Hala eta guztiz ere, Ikuskgunek nabarmendu zuenez, «Gasteizek azken hilabeteetan erakutsi du ez dagoela prest bere kaleetan gorrotoa onartzeko». Horregatik, gasteiztarrak horrelako erasoen aurka agertzera gonbidatu zituen, «LGTBI+ eta trans banderak ikusaraziz haien leihoetan, jaken hegaletan, udalerriko ikur bihurtu diren oihalezko poltsetan, nahi dituzten une eta espazio guztietan eta eskura dituzten objektu guztiekin. Denon artean egin diezaiokegu aurre gorrotoari».