NAIZ

Lehen Hezkuntzaren eraldaketa jorratuko du Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoetan

Hik Hasik 31 ikastaro emanen ditu Udako Topaketa Pedagogikoetan, uztail hasieran. Horien artean bat nabarmentzen da EHUrekin eta Lakuarekin elkarlanean antolatua. «Badator berrikuntza pedagogikoa Lehen Hezkuntzara, ikastetxeak eraldatzen ari dira, eta gure aletxoa jarri nahi dugu», adierazi dute.

Hik Hasik Udako Topaketa Pedagokikoak aurkeztu ditu astearte honetan Donostiako HEFAn.
Hik Hasik Udako Topaketa Pedagokikoak aurkeztu ditu astearte honetan Donostiako HEFAn. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoek 31 ikastaro eskainiko dituzte EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin (HEFA) elkarlanean. Uztailaren 4, 5 eta 6an izanen dira, Donostiako HEFAn. Matrikula dagoeneko zabalik dago hikhasi.eus-en, ekainaren 15era arte. Leku mugatuak izanen dira eta Hik Hasiren harpidedunek eta EHUko ikasleek lehentasuna eta prezio berezia izanen dute.

Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunak eta Beñat Amenabar HEFAko dekanoak aurkeztu dute topaketa. «Aurten ikastaro bat nabarmendu nahiko genuke, EHUrekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatu duguna: ‘Lehen Hezkuntza eraldatzen’», erran du Agirrezabalak.

Hainbat ikastetxetako irakasleak izan dira ikastaro honen beharra azaldu dutenak. Erreferentziak, esperientziak, aukerak eta markoa landuko dituzte. Lehen egunean, eraldaketarako oinarria jarriko dute Begoña Pedrosa sailburuordeak, Berritzegune Nagusiko Birgina Pozok, Hik Hasiko kide eta Ikastolen Elkarteko Matematika arloan sorkuntzan dabilen Aritz Larretak eta Amaia Artolazabal Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako Curriculumaren arduradunak.

Bigarren egunean, Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoarekin aukera honetan hezitzaileek izan beharreko rolaz mintzatuko dira. Bestalde, Herrialde Katalanetako Ripollet herriko El Martinet eskolaren esperientzia eraldatzailea ezagutzeko aukera izanen da, eta Ondarroako Zaldupe Herri Eskolarena ere bai.

Haur filosofia

Ikastaro berezi honetaz gain, beste 30 emanen ditu Hik Hasik. «Haur Hezkuntzatik Batxilergora, hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzat interesgarria den eskaintza osatu dugu. Argiaren pedagogia, artea, Montessori pedagogia, neurosiaren prebentzioa, mugen gaia, naturaren lanketa, euskararen erabilera adin tarte ezberdinetan, eskola kirolaren gogoeta, pedagogia sistemikoa, kultur transmisioa…», esplikatu dute.

Horiez gain, Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekan aipamen berezia jaso zuten Jakin-min praktika filosofikoen elkartearen ikastaro berria nabarmendu du Agirrezabalak, haur filosofia landuko duena.

«Euskal Herriko herrialde ugaritako hezitzaileak elkar aberastuaz ezagutu eta formatzea dute xede topaketok, baita Hik Hasiren formazio jarraituak ere. Datorren ikasturteari begira, indartu egingo dugu urte osoko formazio jarraitua, eta horietatik hiru aurrez aurrekoak izango dira», iragarri dute.