«Unerik gogorrena izan ohi da jarraituko ez duten jokalariak agurtzea». Tati Garmendiak, Bera Berako eskubaloi arloko arduradunak, hasieratik abixatu du eta bere hitzaurrean hunkitu ez bada ere, Mirene Morenok hitza hartu duen unean bertan ezin izan dio negarrari eutsi. «Oso gogorra» egin zaio azken denboraldi hau ermuarrari, baita Ainhoa Etxeberria eta Maria Prieto O'Mullonyri ere. Bakoitzak bere arrazoi propioengatik, «zaila» izan dela nabarmendu dute baina une oro babestuak sentitu direla.
Penaz baina «harro» agurtzen dute Bera Bera, «sekula ez nuelako pentsatu hiru denboraldiz hemen jokatuko nuenik». Zintzoak izan dira adierazpenetan hiruak eta beraien etapa bukatu dela onartu dute. «Nik aspalditik neukan pentsatua eskubaloia uztea, hurrengo ikasturtean Oviedora noalako barneko mediku egoiliarrerako (BAME) azterketa prestatzera», adierazi du Ainhoa Etxeberriak, zeinak argi daukan bere etorkizuna medikuntzan dagoela.
Mirene Morenok ez du baztertzen eskubaloian jarraitzea baina oraindik erabakitzeke dauka. Maria Prieto O'Mullonyk, bestalde, eskubaloian jarraituko du baina oraindik ez du erabaki non jokatuko duen datorren urtean. Zenbait hedabidek Valladoliden kokatzen dute baina aste honen bukaeran iragarriko duela esan du.
Hiruak 2019an iritsi ziren Bera Berara eta bakoitzaren ibilbidea ezberdina izan bada ere, «oso eskertuta» agertu dira Bera Berarekiko. «Babestuta» sentitu direla ere behin eta berriz aipatu dute. «Etxean bezala sentitu naiz», adierazi du Etxeberriak, «bihotzeko zati handi batean» kluba eramango duela onartuz.
Medikuntzako ikasketak eta goi-mailako eskubaloia uztartzea zaila egin zaiola onartu du eta bide horretan, klubak «gauzak erraztu dizkiola». «Zoragarriak zarete», adierazi du. Mirene Morenok Tati Garmendiari begietara begiratuz adierazi dio eskertza eta donostiarrak ezin izan dio negarrari eutsi, ez eta ermuarrak berak ere. «Zortekoa izan naiz hemen jokatzeagatik», azpimarratu du eta espero du «Ermua-Donostia konexioak» aurrera jarraitzea.
Minutu gutxi jokatu eta inoiz amore ez ematea izan da Etxeberriarentzat ikasgairik garrantzitsuena, goi-mailan jokatzeak dakarren guztia nabarmendu du Mirene Morenok eta O'Mullony lesio bakoitza irakasgaia izan dela sinetsita dago. Zamorakoa jokalari garrantzitsu izateko iritsi zen Donostiara baina lesioen ondorioz, ez du jarraikortasunik eduki. Nolanahi ere, «lesioek kendu didaten baina gehiago eman didate», adierazi du, indartsu bide berriari ekiteko. «Bera Beran laguntza eskatzen ikasi dut», nabarmendu du.
Oro har, arantzarik gordetzen ez dutela ere adierazi dute eta balantzan gauza positibo gehiago daudela negatiboak baino, «egon badaudelako». Hunkituta, «ondo zainduak» izan diren leku bat atzean utziko dute baina bertan ikasitako guztia «beste alor batean, lanean, esaterako» erabilgarria izango dela konbentzituta daude. «Etxetik joatea bezalakoa da hau», laburbildu du Etxeberriak eta «pasa den txar guztia orain positibotzat» jotzen duela.