Nafar Parlamentuko alderdiek torturaren errealitatea izan dute gaur ostiralean Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean. Guztiek onartu dute tortura erabilia izan dela espainiar Estatuan, baina gertatutakoari zein erantzun eman behar zaion eztabaidatzerakoan iritsi dira aldeak.
«Une zaila da, zaila. Ez gara diskurtso politikoaz ari. Gure azalean tortura modu basatian jasan dugun pertsonak gara», hasi da Jorge Txokarro iruindarra nafar Parlamentuan. Txokarro eta Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kideak bertan izan dira, Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak gonbidatuta.
Lau egunez torturatu zuten Txokarro, 1996an, Moratalazen eta Iruñeko komisaldegian eta, 2002an, Tres Cantosen. Gorostiaga ere lau egunez inkomunikatu eta torturatu zuten, 2002an, Tres Cantosen.
«Zaila da gai honetaz hitz egitea. Gure familiarekin edo honelako leku batean. Egia aitortzeko bide honetan ahotsa izatea nahi dugu. Hamarkada askotan jasan behar izan dugun zigorgabetasunarekin amaitzea. Bai inkomunikazioan, bai ondorengo isiltasunean», jarraitu du Txokarrok.
Zehaztu duenez, tortura pairatu duten nafarren erregistroa egiten ari dira, orain arte giltzapetuta mantendu diren hainbat kasu azaleratuz, eta une honetan 822 pertsona torturatu eta 990 tortura kasu akreditatu dituzte herrialdean. «Sufrimendua ezin da ahanzturan erori. Sufrimendu hori legitimatu egingo dugu».
Eta pairatutako tortura horretaz orain arte inoiz hitz egin ez dituzten hainbat kasu topatu dituztela adierazi dute. «Torturatuak kanalean irekitzen ari dira, eta horrek geroko babes psikologikoa eskatzen du».
Gogora ekarri dituzte Antonio Goñi eta Mikel Zabalzaren heriotzak, Igor Porturen kasua edo beste lau nafar herritarren tortura salaketak ez ikertzeagatik espainiar Estatuak Europatik jaso dituen zigorrak. «Horrek errealitate hori ezkutatzeko Estatu egituratu bat erakusten du. Bost egun inkomunikatuta egoteko agintzen bada eta egun horiek torturatzeko erabiltzen badira, erantzukizuna dago», gehitu du Txokarrok.
Errekonozimendua ordain gisa
Gorostiagak sarearen helburuak plazaratu ditu. «Existitu dela aitortzea, guretzako onartzea da. Ez daukagu ezer torturatuak izan garela egiaztatzeko».
Hori dela-eta, «ariketa bat egitea» eskatu diete parlamentariei. «Guardia zibilaren kuartelean sartzen den pertsona baten larruan jartzea, antifaz bat jartzea, jipoitua eta umiliatua izatea. Auzitegiko mediku batek ikusten zaituenean egin dizkizuten sentadilla guztien minetik oihu egiten duzula, esaten dizula aurpegian daukazuna legez kanpokoa dela, baina ez duela ezer egiten. Epailearengana joan eta beste norabait begiratzen duenean. Eta zuzenean kartzelara eramaten zaitu, oihuek jarraitzen duten lekura. Eta isolamenduan sartzen zaituzte. Froga medikoak eskatzen dituzu jaso omen dituzun kolpeak jaso dituzula frogatzeko. Baina inoiz ez da iristen. Horregatik eskatzen dugu errekonozimendua eta erreparazioa. Ez mendekuzko ordaina. Errekonozimendu hori gure ordaina litzateke».
Geroa Baiko Uxue Barkosek, haien testigantza eskertzearekin batera, «giza eskubideen edozein urraketa desagerraraztea» eskatu du, eta tortura «horietako bat» dela azpimarratu. Lehendakari-ohiak partekatutako ikerketaren alde egin du, «egiarako, errekonozimendurako eta erreparaziorako», baina aurretik «bide luzea» dagoela onartuz.
Bere aldetik, Bakartxo Ruizek, EH Bilduko parlamentariak, elkartearen sorrera bera txalotu du. «Feminismoak beti dio, izendatzen ez dena ez dela existitzen. Elkartea sortzea bera, tresna garrantzitsua da, izendatzea». Hori dela-eta, koalizio soberanistako kideak ikerketa independente baten eskariarekin bat egin du eta EAEn egindakoa ekarri du gogora, zeinetan 4.000 kasu baino gehiago akreditatu ziren. «Nafarroa ez da irla bat. Urratsak eman behar dira. Eta ez errepikatzeko bermeak».
Izquierda-Ezkerrak ere «zer gertatu den jakitea» ezinbestekotzat jo du, Marisa de Simon parlamentariaren ahotik. «Argi dago tortura benetakoa izan dela. Gertatu da. Isiltasuna, ezkutaketa eta justifikazioa egon dira. Biktimak biktimak dira, edonondik datozela ere. Ez dago tortura justifikatzen duen ezer. Estatuko indar polizialen aldetik gertatzen denean, horrek zer gertatu den jakitea eskatzen du», insistitu du. Era beran, dokumentuen desklasifikazioak lagundu dezakeela iradoki du. «Ez dakigu zer dagoen, baina egongo balitz, dokumentuak desklasifikatzeak ere balioko luke honetarako. Historia berreskuratu behar da».
Ahal Dugu Nafarroako kide Ainhoa Aznarezek, bere aldetik, elkarteren sorrera eskertu du eta gaia «gehiago sozializatzeko beharra» azpimarratu.
Epaileen esku
Navarra Suma alderdiak, aldiz, «zuzenbidezko Estatu batean, torturak eta tratu txarrak delitu larriak» direla aiderazi du eta «ez direla hitzak bakarrik izan behar» nabarmendu du Iñaki Iriartek. Hala ere, ikerketa independente bat alboratu eta «horretarako justizia daukagula» defendatu du. «Haiek tratatu behar dute zer gertatu den eta nor den arduraduna. Kondenak gertatu direnean, lotsagarria dela ulertzen dugu. Ez ikertzeagatik kondena puntualak eman direnean, lotsa sentitzen dugu, baina epaileen profesionaltasunaz fidatzen garelako eta ez zaigu sistema hoberik bururatzen».
Ez da hortik gehiegi aldendu ere PSN. «Nahiz eta askotan ez dugun bat egiten gauzak nola kontatzen diren, giza eskubideen urraketak gertatu dira, eta badakigu Espainiako Estatuan gertatu direla», esan die Txokarro eta Gorostiagari Inmaculada Juriok. «Pertsona bati egozten zaion delitua oso larria izan arren, ez dago pertsona horren eskubideen urraketa justifikatzen duen ezer. Aitorpen eta erreparazio horretan aurrera egiten ari garela uste dugu. Gobernu hau aurrera doa zentzu horretan», baina ez du ikerketaren aldeko urratsik aurreratu.
Saioaren amaieran, Txokarrok, NAIZi egindako adierazpenetan, alderdi politiko guztiek salbuespenik gabe erakutsitako «tonu ona» nabarmendu du, horrek aitorpen horren aldeko «urratsak egiten jarraitzeko» balioko duelakoan. Aldi berean, tortura salaketekin luzaroan lotuta egon diren hainbat totem eraitsi direla ospatu du.