Jon Ormazabal

Ideiak argi eta exekuzio hobearekin, merezitako txapela jantzi du Jon Alberdik Labriten (22-11)

Pilota luze ibiliz eta batere presarik gabe, 7-0eko zuloa ireki dio berean asmatzerik izan ez duen Salaberriari eta partida guztiak irabazita amaitu du txapelketa.

Pozez ospatu du Alberdik txapela eman dion tantoa.
Pozez ospatu du Alberdik txapela eman dion tantoa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ezer berririk asmatu gabe, baina etxetik prestatuta zuen hori praktikara bikain eramanda jantzi du Jon Alberdik ondo baino hobeto merezitako Promozio mailako Buruz Buruko txapela, Iker Salaberriari 22-11 gailenduta. Inor gutxik ulertu zuen erabaki batean, hasterako Joanes Bakaikoaren aurkako atarikoa jarri zion enpresak eta hura ez ezik, jokatu dituen beste bost partidak irabazita, bere ibilbideko bigarren txapela lortu du azpeitiarrak, Salaverrirekin batera jantzitako Binakakoaren ostean.

Pronostikoetan zertxobait faborito bazen ere, uste baino errazago nagusitu da aurrelari gipuzkoarra, espero zen estiloen arteko talkan, partida berehala berak nahi zuen eremura eramateko gai izan baita, nahiz eta lehen sakea goizuetarrari egokitu. Gaur egun beste erritmo bateko partidetara ohituak bagaude ere, azpeitiarrak ez du batere presarik izan eta botez luze jokatzearen aldeko hautua egin du, partida luzatzeak mesede egingo ziola erabat sinistuta. Eta ideia on bat edukitzea garrantzitsua bada, pentsatutako hori gauzatzea are eta baliagarriagoa izaten da, nahiz eta sarri, estrategiarik sinpleena aurrera eramatea zaila izaten den oso, are gehiago final bateko tentsioa gainean dela.

Jon Alberdik, ordea, bikain asmatu du eta pilotakada bakoitzean denak ematera joan gabe, Salaberria frontisetik urrun mantentzea lortu du, 7-0eko takada batekin zulo handia irekiz.

Sakearekin ezin asmatu Salaberriak

Aukera gutxi eman dizkio Salaberriari azpeitiarrak, baina izan dituen apurretan ere goizuetarrak ez du nahi beste asmatu. Sakea, zuzenean ez bada bidarren pilotakadan erasora pasatzeko, funtsezkoa zuen Aspeko aurrelariak partida aurrera ateratzeko eta oso gutxitan atera dio etekina. Izan du tartetxo bat, 15-4tik 15-9ra gerturatu denean, lehen pilotakadarekin min eginda jokoa nahasten asmatu duena, baina Alberdik erasorako errekurtsoak ere badituela erakutsi du gantxoz goizuetarraren takada moztu eta, ia zuzenean, 22.kartoira iristeko.

FITXA TEKNIKOA

Alberdi: 22

Salaberria: 11

Pilotakadak: 266. Iraupena: 51,54 minutu. Markagailua: 7-0, 7-3, 13-3, 13-4, 15-4, 15-9, 21-9, 21-11 eta 22-11. Sakeak: 6 Alberdik eta 3 Salaberriak. Egindakoak: 11 Alberdik eta 5 Salaberriak. Galdutakoak: 3 Alberdik eta 5 Salaberriak. Gorabeherak: Sarrera ona baina betekadarik gabe Iruñeko Labriten. Angel Alberdi aritu zen Jon semenaren botilero lanetan eta Jon Apezetxea Iker Salaberriarekin.