NAIZ

Bilgune Feministak topagunerako motorrak berotu ditu Algortatik Deustura egindako martxan

Bilgune Feministak martxa feminista bat burutu du igande honetan Algortatik Deustura. Hamarnaka emakumek hartu dute parte hiru aste barru Oñatin ospatuko duten topagunerako beroketa ekimen honetan.

Martxako parte-hartzaile bat Algortan, ekimenari hasiera emateko txupina jaurtitzen.
Martxako parte-hartzaile bat Algortan, ekimenari hasiera emateko txupina jaurtitzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Masailak gorrituta eta 27 gradu markatu dituzten termometroek iradokitako sargoriarekin iritsi dira 35 emakume Deustuko Done Petri plazako frontoira. Bilgune Feministak hala antolatuta, Algortatik (Getxo) abiatu, Leioa eta Erandio zeharkatu eta, azkenik, Deustura iritsi den martxa feministan baitute parte emakumeek. Ibilaldiari igande honetako goizeko 10.00etan ekin diote eta, bidean geldialditxo batzuk egin ostean, arratsaldeko 15.15 aldera iritsi dira helmugara.

Parte-hartzaileen kalkuluen arabera, 25.800 pausu emanez, 70 oini esker eta 35 azal izerdituz heldu dira Deustura, gero bertan irakurketa orokorra egin, eta lunch batez ekimenari amaiera emateko.

Hori horrela, jai giroa nagusitu da bai bidean zehar eta bai amaierako ekitaldian, baina ospakizun huts bat ez dela argitu dute Bilgunetik. Izan ere, Bilgune Feministak esplikatu du bere hogei urteko ibilbidearen «gogorapen, ospakizun eta jarraipena» goraipatu nahi izan dituela.

«Erretrobisoreak erakutsi digun bezala, egin dugu gaurko bidea, beste bide luzeago baten zati bat baino ez dena. Txikitik handira. Eta bide handi zein txikietan, erre ditugu azalak, zapatilen zolak, enbrageak, betazalak eta erraiak. Baina berdin-berdin jarraituko dugu gauzak erretzen. Jarraituko dugu paradisuak erretzen!», aldarrikatu dute ekitaldi amaierako irakurketan.

Topagunea aurki

Hori horrela, dinamika handiago baten barruan sartu da martxa eta, hortaz, ‘Eztandak dardara gaitzala’ lelopean aurkeztu dute, datorren ekainaren 11an eta 12an Oñatin (Gipuzkoan) ospatuko duten topagunerako beroketa ariketa gisa. «Ekimena Bilgunearen 20. urteurrenari begira da; apur bat berotzeko, topagunea dator eta», azaldu du Bilgune Feministako Irati Gonzalez Larenak.

«Topagunerako sarrerak salgai daude jada, online eskuratu daitezke. Mundu guztia animatu nahi dugu super txuloa izango delako, oso ondo pasatuko dugulako eta zinez berezia izango delako», aurreratu du Gonzalez Larenak.