Oihane Larretxea
DONOSTIA

‘Munduari bira eman zion ontzia’, Elkanoren bidaiaz saiakera ilustratua idatzi du Sarrionandiak

Joseba Sarrionandiak jarri dizkio hitzak eta Ares ilustratzaile kubatarrak irudiak. Lau eskuetara eta elkarlan estuan ondu dute ‘Munduari bira eman zion ontzia’ (Pamiela). Getariako itsasgizonak egindako bidaiaren saiakera da honakoa, «bainaz» betea, kontatu zaigun errelatoari interpelazioa.

Ares ilustratzaile kubatarra eta Joseba Sarrionandia idazlea Donostian, astearte honetan.
Ares ilustratzaile kubatarra eta Joseba Sarrionandia idazlea Donostian, astearte honetan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Literaturaren helburua da «errealitatetzat ematen zaigun hori kuestionatzea», dio Joseba Sarrionandiak. Zalantzan jartzea eta «bainaz» betetzea. Galderak egitea eta, ahal dela, deserosoak izatea. Funtzio hori betetzera dator ‘Munduari bira eman zion ontzia’, orain 500 urte Juan Sebastian Elkanok Sevillatik abiatuta itsasoak zeharkatuz egin zuen lehen mundu biraz mintzatzen den obra berria. Baina hau ez da kontatu zaigunaren errelatoaren erreprodukzioa, ez eta gaur arte biziraun duen kontaketa historikoaren narrazioa.

Joseba Sarrionandiak bost mende atzera euskaldunaren gidaritzapean berrehun eta berrogeita hamar bat itsagizonek egin zuten bidaia izan du hizpide, baina oso bestelako modu batean planteatuz bidaia hura, «naufragio» ere izan zena.

Elkano Fundazioaren laguntzaz, eta Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu da liburua, eta astearte honetan aurkeztu dute Donostiako San Telmo museoan.

Neskatoak «benetako historia bat» eskatu dio bere amonari, beti ipuin umekoiak kontatzen dizkiolako, Historia irakaslea izan arren. XVI. mendean Magallaes eta Elkanoren bidaia kontatuko dio orduan bilobari, baina hasi orduko piztu dira galderak eta «bainak». Historia aterako da orduan bere ildotik, eta bihurtuko dute, amonak eta bilobak, antzinako itsas bidaia baten kronika izan zitekeena benetako beste historia asko azaltzeko aitzakia eta bizi garen planeta arraro honi buruzko gogoeta-dialogoa.

«Liburu hau da askatasunari buruz, eta botere harremanak dira planteatzen direnak globalizazioaren aitzakiarekin», azaldu du prentsaurrean. Idazlearen aburuz, guk bizi duguna gaur egun da «enegarren» globalizazioa, lehenago beste hamaika egon direlako. «Gizon zuriaren zama da bestea konkistatu beharra», boterea lortzea eta hori baliatzea beste herriak menpean izateko.

Gogoratu duenez, bidaia hartan 200 eta 300 gizon artean abiatu ziren, eta bakan batzuk baino ez ziren itzuli. Hori bidaia al da? «Hori ez da bidaia heroiko bat, baizik eta naufragio bat». Begirada kontua da, eta horren ondotik eraikitzen den errelatoa. Horregatik planteatu du kontakizuna errelatoaren kontra egindako interpelazio moduan, bilobaren ahotsa baliatuz.

Galderak eta zalantzak dira giltza

Amona eta bilobaren arteko kontakizuna elkarrizketa izango da, umorea ere badago, eta tartean topatuko dituzte gai guztietarako giltzak: botere harremanak, truke ekonomiko desorekatua, kultur bestelakotasuna, arrazismoa, kosmosaren misterioa, lurraren propietatea, matxismoa, emakumearen zapalkuntza edo harrikoa egitearen garrantzia.

Eli Irazuk Pamielako argitaletxetik aurreratu duenez, «ez baita heroi baten istoria, bidaia harrigarri baten kontaketa» baizik, agerian uzten duena iragana eta oraina lotuta daudela. «Lan honek norabide aldaketa bat proposatzen du, bada garaia kontrabirarako», proposatu du.

Lau eskuetara egindako lana da ‘Munduari bira eman zion ontzia’, Ares ilustratzailearen irudiak datozelako kontakizunari ispilu bat jartzera, osatzera. Orain arte egin duen lanekin antzik ez duela izan proiektu honek, aitortu du kubatarrak. «Argitaletxeetatik espazio zuriak ematen zaizkit, eta nik bete egin behar izaten ditut. Baina kasu hau oso bestelakoa izan da, testuak eta irudiak aldi berean sortzen joan garelako. Oso ederra izan da».

«Josebaren testua irakurtzea Historiako klase bikain bat jasotzea bezelakoa izan da, eta konturatu naiz lehen mundu biraz banekiela uste arren, ez nekiela ezer», erantsi du.

Zentzu horretan, «heldu txikiak diren nerabeentzat» idatzi du Sarrionandiak lan berria, «gazte horiek irakur dezaten euskaraz Historia». «Historian sartzeko duen abilidadea, eta mundua behatzeko duen gaitasun berezia miresgarriak dira, orainetik iraganaz egiten duen saiakera eta azterketa da honakoa», adierazi du marrazkilariak.

Ion Irurzunek Elkano Fundazioaren erronka edukien gizarteratzea dela gogora ekarri du, eta hori betetzera datorrela aurkeztu den lana. «Gertaera baten bueltan errelato ezberdinak egon ohi dira», esan du, erantsiz iraganeko gertakariak ospatzeak maiz «itsutu» egiten gaituela eta horrek «analisirako gaitasuna» mugatzen duela. «Hemen, galderak, zalantzak eta dilemak dira muina».