Entrevue
Unai Laso
Baikoko aurrelaria
«Enpresan nire estatusa aldatu da; nigatik gehiago arduratzen dira»
Nafarroa Arenaren inguruan zituen kezkak uxatu zituen atzo aurrelari nafarrak, ordubete inguruko entrenamenduarekin. Finalak jokatzera ez omen da inor ohitzen, baina Laso ari zaio aurreko zurrunbilo mediatikoari neurria egoki hartzen.
Lehen finala Buruz Buru, urteko hirugarrena: urte biribila.
Bai, oso pozik nago, batez ere egiten dudan lan fisikoak eta dudan errutinak ekarri dutelako ni hor goian egotea.
Bi nafar Nafarroa Arenan.
Bai, eta aurrekoan ikusi genuen Joseba zezen bat bezala dagoela; fresko dago. Partida oso zaila daukat baina, era berean, oso polita: Arenan jokatzea, gure jende guztiarekin eta pilotalekua beteta.
Zure jendearentzat, Bilbo baino askoz erosoagoa.
Hala da, bai. Aurreko finaletara joan zen jendeak kilometro asko egin zituen Bilboraino. Gainera, igandez... Esfortzu handia da: jendeak lan egiten du astelehenean, eta oraingoan etxean izateak asko laguntzen du.
Garesti ateratzen ari da azkenaldian Lasoren jarraitzaile edo laguna izatea.
Bai, hori esaten didate. Batez ere final honetan salneurria asko igo da. Askori esan diet: dirurik ez badute, telebistan etxean edo elkartean ikusteko eta gero parrandara batzeko.
Sarrera eskaerarik ez zitzaizun faltako.
Oso gutxi eman dizkigute: 160 pilotari bakoitzari, 3.000 sartzen diren leku batean, eta kontuan hartu zenbat konpromiso ditugun. Partida guztietara joaten lagundu didan jendea kanpoan geratu ahal dela jakiteak dezente izorratzen nau. Dezente gehiago eman beharko lizkigukete: azkenean feria honetako tximuak baino ez gara.
Nik aitari uzten diot ardura, baina azkenean, nahi edo ez, zuk zeuk aukeratu behar duzu; esaterako, nori ematen diozun lehentasuna sarrera merkeenetan. Nik kuadrillakoei ez dizkiet 120 euro ordainaraziko. Lotsagarria da: asko ikasleak dira, ez dute dirurik, aurreko partidetara etorri dira… Azkenerako, diru asko da egun baterako: bazkaria, bermuta… Guri sarrera merkeetako gehiago eman beharko lizkigukete; ia beste urteren baterako aldatzen den.
Bestela ere berezia da Buruz Buruko finala?
Nik uste dut, batez ere, tradizioak eta urte osoan gorriz jokatze horrek ematen diotela garrantzia. Nik uste dut ez lukeela modalitaterik garrantzitsuena izan beharko, denak baitira oso garrantzitsuak. Irabaztea gehien kostatzen dena Binakakoa dela esango nuke, lau hilabetez jokatu behar duzu eta.
Txapelarekin ametsik egiten duzu?
Bai, bai, baina partida eguna heldu aurretik ez zait buelta askorik ematea gustatzen. Hori bai: egiten duzun entrenamendu bakoitza [atzo aritu zen lehen aldiz Nafarroa Arenan] final horri begira egiten duzu.
Jokin Altunari finalerdian irabazita, kendu zenuen barruan zenuen arantza?
Bai, partida handia izan zen, eta oso pozik nago behingoz irabaztea lortzeagatik eta, batez ere, irabazi nion moduagatik: nola eman nion buelta egoerari. Horrek gehiago betetzen nau eta, egia esan, oso pozik.
Badakizu zer den finalak jokatzea: bi jokatu dituzu eta biak galdu. Irabazteko garaia da?
Tira... Badakit oso zaila izango dela. Joseba, batez ere, oso fresko dago. Ziurrenik zalantzak izango zituen, bi aste jokatu gabe pasatu ondoren, baina freskoago egote horrek, astero partida gogor bat ere jokatu gabe, laguntzen du.
Zuk, gainera, urte osoa daramazu atsedenik hartu gabe...
Ez dut atsedenik izan, eta batik bat mentalki nekatu naiz; pisu hori urte osoan eramatea nekagarria da, baina ondo daramat. Nahiago dut hau atseden hartu baino. Ezin dut kexatu, beraz.
Igandetik aurrera izango duzu atseden pixka bat.
Bai, finala jokatu eta hurrengo egunean, hain zuzen, oporretara joango naiz. Denbora luzea daramat oporrik gabe. Afizionatuetan nenbilenean ere ez nuen oporrik hartu. Azken oporretan Kubara joan nintzen, duela hiru urte edo.
Nora joango zaren erabakita duzu?
Bai, Greziara joango gara pilotari batzuk. Eguzkitik babesteko txapelarekin bada, hobe.
Asko heldu zara: Jokinen aurkako partida ez dakit duela urtebeteko Unaik aurrera aterako zuen...
Bai, hala da. Nik uste dut asko heldu nintzela kanpoan egon nintzenean, hala egokitu baitzitzaidan halabeharrez. Kolpea oso gogorra izan zen; ongi etorri zitzaidala esango nuke, nahiz eta hala esateak gordina dirudien. Baina, bai, heldu egin naiz; batez ere, jokoan. Dagoeneko ez ditut egiten hamar pilota galtzen nituen partida horietakoak; tarteka izango dira halakoak, baina momentuz nahiko ondo. Eta prest egon behar dut gauzak gaizki datozenerako. Hori ere askotan pentsatzen dut, orain dena oso polita dela, baina inora ez heltzea ere gerta zitekeen, eta prest egon behar da.
Azkar ematen du-eta buelta...
Horixe. Orain hemen zaude eta gero agian urte txar bat datorkizu... Halakoa da kirola eta hori dena kudeatzen jakin behar da. Ez da erraza. Askoz ere zailagoa da gaizki doakizunean, baina ondo doakizuenen ere, ondo kudeatu behar duzu. Gerta daitekeelako, euforia handi bat izan ondoren, bidetik irtetea. Dena lasaitasunez eraman behar duzu: egunero egiten dituzun gauzak eginez.
Eta baduzu egiterik? Unai Laso gaur egun modako pilotaria da, famatua...
Bai, nik gauza berak egiten ditut. Batez ere, nabari dut jendeak askoz gehiago ezagutzen nauela; medio guztietan agertzen naiz eta, bai, igartzen da; kalean zabiltzala bakarren batek beti esaten dizu zerbait... Baina polita ere bada: jendeak egiten ari zarena aitortzea, eta tarteka errietaren bat jasotzea... Unearen araberakoa da: norbaitek ezagutu eta zerbait esaten dizunean, pentsatzen duzu «berriro ere»? Baina hauxe dugu; urte batzuk izango dira eta pasako da. Ez zait burura igo, ordea.
Aspaldi ikusi gabeko lagun batekin elkartu eta «famatua zara eta!» esatea, hala ere, ez zait gustatzen, baina tira... Argazkiak atera beharra ere pixka bat arraroa egiten zait; sekula ez naiz ohitzen. Nik ere, famaturen bat ikusten badut, esaten dut «begira nor dagoen hor», eta tipo normala izango da. Pertsona normala naizela esaten didate, edonorekin hitz egiten dudala.
Bi final galdu ostean, presiorik bada?
Badakit irabaztea eta ez irabaztea gerta daitekeela. Behin finalera helduz gero, irabazi nahi dut, noski, pilotaren historian egon nahi dut, baina 25 urte ditut, bete berriak gainera, eta badakit orain ez bada, geroago izan daitekeela, eta ez bada ere, berdin dio. Lesiorik ezean, urte asko izango ditut horretarako, eta alde horretatik lasaitasunez eraman nahi dut. Gero, noski, partidan atzetik bazoaz burura datorkizu «berriz ere galdu behar al dut?». Baina horixe du lehiak: egunen batean helduko da, beste batzuei heldu zaien bezala. Bide honetatik jarraitzen badut, lehenago edo geroago, helduko da.
Enpresan zure estatusa ere aldatuko zen, ezta?
Bistakoa da: nigatik gehiago arduratzen dira. Pixka bat arraroa da: duela urtebete Irurtzungo torneoa ari nintzen jokatzen, eta orain Buruz Buruko finala.
Enpresaren motorra zara orain.
Bai, argi dago: pilotari on asko gaude enpresan, baina oraintxe nik jende asko eramaten dut frontoira eta ondo ari naiz jokatzen. Ez dut gehiegi pentsatzen horretan: normaltasunez daramat.
Txapela aitzakia izan daiteke «ni hemen nago» aldarrikatzeko?
Helduko da, bai; heldu beharko du. Baina txapelik gabe ere, irabaziko banu bezala, nire ustez.
Kontratua amaituko zaizu?
Urte eta erdi geratzen zait, baina nik uste dut zerbait egingo dugula aurretik.
Jon Mariezkurrenak zer ematen dizu?
Botilero batek ez du zertan “pilotako lizentziatua” izan, sekulako jakintza duena... Konfiantzazkoa izan behar du eta zu eramaten dakiena, nolakoa zaren ondo ezagutzen duena. Jon eta biok oso lagunak gara, ondo ezagutzen nau, badaki noiz lasaitu behar nauen, noiz partida geratu... Berak ere asko bizi du hau guztia; badaki zer den eta ulertzen nau.
Musean ere bikote zarete?
Oso txarra da eta! Hiruren aurka aritzea bezalakoa da!
Sports
«Sistema berria atera bitartean, polita litzateke berdin sentitzen garenon dimisioak pilatzea»
Pays Basque
Gipuzkoak mila urte beteko ditu 2025ean
Pays Basque
Asociaciones memorialistas recurren contra el Ayuntamiento en favor de demoler Los Caídos
Pays Basque
Fallece el navarro Ricardo Insausti, referencia mundial en la lucha contra el Alzhéimer
Musique