Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskararen kale erabilerari eustea lortu da baina hizkuntza minorizatua da eta ez dago bermatua

Euskal Herriko karriketan behatutako zortzi lagunetatik bat mintzatzen da euskaraz (%12,6). Datu orokor hori ez da aldatu 2016tik. Ipar Euskal Herrian beherantz doa, eta Gasteizen, aldiz, espazioak irabazten ari da gure hizkuntza. Soziolinguistika Klusterraren 2021eko neurketaren emaitzak dira.

Soziolinguistika Klusterreko kideek Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte, Donostian.
Soziolinguistika Klusterreko kideek Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

2006tik heldu zen jaitsiera gelditu eta datu orokorra egonkor mantendu izana balioan jartzekoa da. Hala ere, hizkuntza minoritarioa eta minorizatua da euskara; Euskal Herriko kaleetan zortzi pertsonatik bat aritzen da soilik hizkuntza honetan. Hego Euskal Herrian gaztelania aditzen da nagusiki; Ipar Euskal Herrian frantsesa. Are gehiago, Baiona, Gasteiz eta Bilboko karriketan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren bertze hizkuntzen erabilera euskararena baino handiagoa da, eta Iruñean, parekoa.

Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten duen Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketaren emaitza nagusietako bat da hori. Euskal Heri osoko kaleetan 600.000 pertsona baino gehiago eta 200.000 elkarrizketatik goiti behatuz egin zen neurketa 2021eko iraila eta urrian. Maialen Iñarra landa lanaren arduradunak erran duenez, gurean inoiz egin den ikerketa kuantitatibo handienetako bat da.

1989an abiatu zen ikerketa eta ordutik 2021era 1,8 puntu hazi da euskararen presentzia. 2006an neurtu zen mailarik handiena (%13,7) eta hurrengo hamar urteetan (2006-2016) behera egin ondotik, azken bost urteetan eutsi egin zaio erabilerari. Olatz Altuna azterketaren zuzendariaren arabera, «baloratzekoa da hori, baina ez da nahikoa».

Xabier Isasi Batzorde Zientifikoko kideak erantsi duenez, hizkuntzaren egoera «ezegonkorra da eta hala izango da aurrerantzean ere. Estatistikoki, oraingo erabilera tasa espero daitekeena baino handiagoa da. Eta euskaldunen erresilientzia ere azpimarratzekoa da, euskarari eutsi diotelako».

Hiztun gehienak, elebidunak

Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak, Imanol Larreak, adierazi duenez, euskara hizkuntza minoritarioa izateaz gain, hiztun gehienak elebidunak dira. Minorizatua ere bada; erdaraz funtzio guztiak bete daitezke erraztasunez, baina euskaraz ez beti eta horrek ekartzen du erabilera baldintzatua egotea, ez delako beti posible solaskide euskalduna topatzea. Baldintza sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalek izugarri eragiten dute hizkuntza hautuan.

«Hori dena mundu mailan globalizazioa handitzen eta bioaniztasunarekin batera hizkuntza aniztasuna galtzen ari den garaian gertatzen da», gaineratu du.

Gipuzkoan mintzatzen da gehien (%31); jarraian datoz Bizkaia (%9) eta Araba, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herria (hirurak %5-6ko erabilerarekin). Arnasguneetan gibelera egin du gure hizkuntzak. Ipar Euskal Herrian ere bai. Gasteizen, berriz, aitzinera doa, baita haurren artean ere. Generoak ere badu eragina: emakumeek gizonek baino gehiago egiten dute, bereziki gazteen artean.

Gasteiz, sakonago aztertzeko moduko kasu interesgarria

Hiriburuetan altuagoa da euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren bertze hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino. Donostian, euskararen kale erabilera %15,3koa da. Gainerako hiriburuetan, %2,5 eta %4 bitartean dago. Nabarmentzekoa da hiriburuen hurrenkeran Gasteiz bigarren lekuan kokatu izana, kontuan hartuta Araba dela erabilerarik txikiena duen lurraldea.

Isasiren irakurketaren arabera, badirudi Gobernua Lakuan kokatu izanak eragin positiboa izan duela eta azken urteotako egoera soziolinguistikoak, batez ere gazteen artean, euskararen alde jokatu duela. Altunak zehaztu du emakumezko gazteak ditugula aurrean euskararen biziberritze prozesuko hainbat ekimenetan. «Interesgarria litzateke Gasteizko euskararen erabileraren goranzko joera hau zer faktorek gehiagok eragiten duten aztertzea».

Generoaren aldagaiak ere sakonago ikertzea merezi duela defendatu du Soziolinguistika Klusterreko ordezkariak. Azterketa honetan bakarrik ez, unibertsitateetako kale neurketetan, ikastetxeetako jolas garaietan eta eskolaz kanpoko kirol jardueretan ere joera bera ikusi dute: «Duela 15-20 urte ez bezala, fenomenoa orokortu egin zaigu; emakumeek gehiago hitz egiten dute euskaraz gizonek baino. Adin tarte guztietan gertatzen da hori adinekoen artean izan ezik».

Bertze hizkuntzen kale erabilera, %3koa

Jatorri atzerritarreko biztanleak eta turistak dira bertze hizkuntza horien hiztun potentzial nagusiak. Jatorri kanpotarreko biztanleei dagokienez, azken 20 urteetan hirukoiztu egin da Nafarroan biztanlerian duten pisua eta laukoiztu EAEn. Hego Euskal Herriko biztanlerian duten pisua %10 eta %16 bitartekoa da. Esanguratsua da multzo horren barrenean jatorritik gaztelania hiztunak erdia baino gehiago direla.

Kale erabileran, bertze hizkuntzen hiztunak gutxiengoa dira eta, hortaz, bertze hizkuntza horietan mintzatzeko aukera mugatua dute. Jatorri atzerritarreko biztanleria hazi arren, bertze hizkuntzen erabilera maila berean mantentzen da (%3an). Horrek iradokitzen du populazio horrek tarte labur-ertainean lurraldean ohikoenak diren gaztelania eta frantsesa erabiltzen dituela karrikan.

Arnasguneak, atzera

Eremu erdaldunena euskaldunduz joan den bitartean, eremu euskaldunena erdaldunduz joan da. Erdiko eremu soziolinguistikoetan gero eta udalerri gehiago daude; aldiz, muturreko eremuetan, gero eta gutxiago.

Balioan jartzekoa da duela hamarkada batzuk euskararik aditzen ez zen hainbat lekutan euskararen erabilera hazi egin dela. Aitzitik, eremu euskaldunenean erabilera jaitsi egin da. Iñaki Iurrebaso Batzorde Zientifikoko lagunak azaldu duenez, arnasguneak estrategikoak dira biziberritze prozesuan, euskara modu naturalean elikatzen delako. Horregatik, arretaz jarraitu behar dira udalerri horietan hizkuntzaren bizi indarrari eragiten dioten aldaketak: inguruan bertan bizi proiektuak garatzeko aukerak, hirigintza proiektuen eragina, barne eta kanpo migrazioak...

«Zonalde gotorrenak poliki-poliki ahultzen doaz. Ia fluxu guztiak udalerri horien euskalduntasunaren kalterako dira. Bertako biztanleak kanpora joatea, baita kanpokoak etortzea ere, profil linguistiko ahulagoa dakartelako: edo erdaldunak dira zuzenean edo ez dituzte bertakoen hizkuntza ohiturak. Hau guztia ‘naturala’ izateak ez du esan nahi konformatu behar dugunik, behar ditugulako eremu hauek. Lehentasunezkoa da, beraz, sendotzea eta horretarako politikak bideratzea», aldarrikatu du.

Euskararen erabilera gaztetu egin da

Biztanleen adin piramidea zahartu egin da; euskararen erabilera, ordea, ‘gaztetu’. Euskarak adin piramidea irauli izana txalotzeko modukoa dela nabarmendu dute. Izan ere, munduko hizkuntza gutxitu gehienetan galera-prozesuaren hurrenkera mantentzen da: adinekoek erabiltzen dute gehien eta gazteenek, gutxien. Euskararen kasuan, haurrak eta gazteak dira euskaraz gehien mintzatzen direnak. Hortaz, «biziberritzerako egoerarik mesedegarrienean aurkitzen da euskara belaunaldien arabera».