NAIZ

Begoñan aurki litezkeen giza aztarnen aurreikuspena hirukoiztu egin dute: 4.000 inguru

Aranzadi Begoñako hilerrian arkeologia-indusketak egiten hasi zenean lanean hasi zenean 1.300 pertsona desobiratzea aurreikusi zuen baina, hilabete batzuk geroago, Zientzia Elkarteak aurreikuspena hirukoiztu du. 36ko Gerrarekin eta Karlistadekin lotutako hobi komunak aurkitu dituzte bertan.

Aranzadiren indusketak Begoñako hilerrian.
Aranzadiren indusketak Begoñako hilerrian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aranzadi Zientzia Elkarteak, unibertsitateekin elkarlanean, Begoñako hilerriaren historia ikertzeko ‘Begoñako Argia’ proiektua jarri zuen martxan urrian. Kanposantu hau 1813tik 2006ra egon zen erabilgarri. Hasiera batean, 1.300 pertsona desobiratzea aurreikusi zuen baina, 36ko Gerrarekin eta Karlistadekin lotutako hobi komun aurkitu ondoren, aurreikuspena hirukoiztu du.

Joan den martxoan Aranzadik jakinarazi zuen 36ko Gerraren hobi komun handienetariko bat aurkitu zutela kanposantu horretan, 1937ko ekainaren 14tik 18ra bitartean Artxanda mendian izandako borroketan hil ziren 46 pertsonen gorpuzkiekin.

Gorpuak lurpetik atera ondoren, gudariak identifikatzen saiatzen ari dira orain. Batzuekin lortu dute, eta senideei eman dizkiete gorpuzkiak.

Halaber, hilabete lehenago, lehen gerra karlistako 30 gorpuren aurkikuntzaren berri eman zuen.

Gainera, hilerrian intereseko ondare-elementuak aurkitu dira, hala nola mausoleoak eta artelanak.

Diru-laguntza publikoa handitzea

Hasieran, Bilboko Udalak 325.000 euroko diru-laguntza eman zion Aranzadiri lan hauetarako, baina aurreikuspena hirukoiztu egin dela eta lanek denbora gehiago iraungo dutela ikusita, diru-laguntza 570.000 eurotan handitzea erabaki du.

«Aurkikuntzak aurreikuspenak gainditzen ari dira. Ez dago asterik zerbait agertzen ez denik», esan du Asier Abaunza Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak.

EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aldeko botoa eman dute, eta PP abstenitu egin da.

Carlos Garcia PPko zinegotziak adierazi duenez, «ez dago behar bezala justifikatuta» dirulaguntza handitzea.