Hamar eguneko itxialdiak poesia jarioa ekarri zion Izaskun Igoa Jaimerena (Ziga, 1995) idazleari. Edo, gutxienez, ondoren poesia liburu bat ondu ahal izateko mamia, abiapuntua. Argitalpenaren metxa hamar eguneko konfinamenduan piztu zen, egunero sortu zuen galdera bakoitzean. «Zein zabalera du marra batek?», «Zein da poesia eta galderaren arteko diferentzia?», «Zergatik deitzen diogu distantzia elkar askatzearen saiakerari?»…
Hamar egun eta hamar galdera, eta horien ondotik sortutako poemak bilduz irabazi du DK Poesia Sariaren V. edizioa. Ostegun honetan aurkeztu du Balea Zuria argitaletxeak ‘Hotza bazkatzen’, Igoaren lehenengo lana.
Bi elementuren bueltan idatzi ditu poemak. Bata da denbora. «Bi denbora mota daudela dirudi, bat da guk denbora bizitzeko dugun manera, mundu azeleratu eta modernoan bizi duguna; eta bestetik dago naturarena», esan du egileak.
Beste elementua da airea. Islatu nahi zuen aireak badituela bi dimentsio: «Bata da librea edo mugabea» eta bestea da itolarriak sortzen duena. «Ezin duzunean ondo arnastu, edo estresak hartuta zaudenean, hor airea izaten ahal da muga bat. Antsietateak sortzen duena bezalakoa».
Ez daki zenbat poesia idatzi dituen, baina jira biran horietan dabil beste erreferentzia konstante bat: zenbat jenderekin solastu ahal garen momentu berean, dela sakelekoarekin, dela dei edo mezu bidez, dela parean dugunarekin… «Gauza horien guztien nahasmenean etorri zazkidan pentsamendu eta sensazioak bildu ditut», laburtu du.
Galderak nora garamatza
Konfinamenduan sortu den unetik, pausatik egindako lana da, besteengandik distantzia hartzen denean egindakoa. «Eta nola egin duzu galderen bilaketa?», jakin nahi dugu. «Batzuetan sortu dira gehiegi pentsatu gabe, bertzeetan zen burutan aurretik nuena eta orain idatzitakoa. Bertze batzuetan poemak idatzi bitartean gero sortu direnak, alegia, alderantziz. Ez dakit galderak erantzun duen zerbait gero, edo poemak ahalbidetu didan bertze galdera bat sortzea. Eta ez dakit galdera erantzun dudan ere, baina nire helburua zen sortzea galderak, eta ez hainbertze erantzunak. Galderak mugitzen gaitu, eta hori bilatzen nuen», azaldu dio NAIZi.
Akaso irakurleren batek pentsa dezake, galdera batzuk irakurrita, «ze galdera klase den hau», onartzen du. Baina idazleak defendatzen du «akaso hori ez dela inportanteena». «Galdera hori erantzunda ere ez dakit nora iritsiko zaren, baina ni justu gauza horietan fijatzen naiz, poesian batez ere gauza horiek ikusten ditut. Gauza horiek ‘absurdoak’ direnak, kakotxa artean».
«Galderak konpartituak izan daitezke batzuendako, eta bertze batzuri sortuko die ‘absurduaren’ sensazioa, baina hain justu uste dut absurdutik leku ezezagun eta interesgarrietara iritsi zaitezkeela », eransten du.
Lehen aldia da idatzitakoa argitaratu duela liburuxka batean, orain arte dena gorde du. Jauzia eman du, eta gustatzen zaio sormena zerbait dinamikoa eta bizia bezala ulertzen eta praktikatzen duelako. «Gauza bitxia da sormena. Behar izaten dut gauzak soltatu, eta arras zaila izan arren zuk idatzitakoa uztea, askatzea, aldi berean askatzen duzunean freskatzen zarela uste dut, eta orduan segitzen duzu sormen hori landu ahal izaten: beste gauza batzuk idazten eta beste gauza batzuk agurtzen».
Izenburuak, ‘Hotza bazkatzen’, Baztanen erabiltzen den esapide bati egiten dio erreferentzia. Kanpoan hotz bada, eta hala ere jendea pilatzen bada kalean, zaharrek ohitura ei dute galdetzeko: «Zertan ari zarete, hotza bazkatzen?». «Deskribatzen zuen ondo galderekin sortu nahi nuena. Gauza batzuk elikatzea izaten ahal da absurdoa, ustez. Gure jendartean tristura edo beste zenbait emozio gauza negatiboekin lotzen direnak elikatzea ez dugu arras produktibotzat edo egokitzat ikusten, eta horrek ondo deskribatzen zuen sensazio hori».