Alaia Sierra

Mundu konektatuaren inguruko hausnarketa egin du Lizar Begoñak, poesia eta botanikaren bitartez

Lizar Begoña olerkari sopeloztarrak bere bigarren poema bilduma argitaratu berri du, ‘Gepardo japoniarrak’ izenekoa. Mundu konektatua dauka hizpide lan berri honek, botanikaz baliatuta eta poesiaren forma «bihurrituz».

Lizar Begoñaren ‘Gepardo japoniarrak’ poema liburua aurkeztu du Susa argitaletxeak.
Lizar Begoñaren ‘Gepardo japoniarrak’ poema liburua aurkeztu du Susa argitaletxeak. (Gorka RUBIO)

Lizar Begoña sopeloztarraren bigarren poema liburua da ‘Gepardo Japoniarrak’. Mundu konektatuaren inguruan hausnarketa egiten duten olerkiak bildu ditu, bost ataletan, botanika baliabide estilistiko bezala hartuta eta poemen formarekin jolastuz. 2020an argitaratu zuen lehenengo liburua Begoñak, ‘Aro beilegia’, Balea Zuria argitaletxearekin.

Japonia edonon egon daitekeela dio Begoñaren liburu honetako ‘Japoniak’ poemak. Hortaz, Japonian berez gepardorik ez dagoen arren, munduan zehar gepardo japoniarren bat egongo dela aldarrikatu nahi du idazleak bere bigarren lan honen izenburuarekin. Hainbat aldetatik konektatuta dagoen munduari erreferentzia eginez, alegia.

Edukiari dagokionez, konexioa eta deskonexioa, antzinako panteoiak eta arte garaikidearen azken fenomenoak, espazio pribatuaren eta publikoaren izaera, lorategiak eta belar txarrak, Agnes Grey eta Brontë, indibidualismo digitala eta egoa eta gazte zahartuen bilaketa bitalak aurki daitezke, besteak beste.

Bost atal, bukaeratik hasierara

Bost ataletan banatuta dago liburua, ostegun honetan Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak lanaren aurkezpenean zehaztu duenez. ‘Hasiera” eta ‘Amaiera’ kapituluek ireki eta ixten dute liburua. Editorearen hitzetan, «elkarri ispilu» egiten baitiote.

Hortaz, amaieratik hasi eta hasieratik bukatzen den poema bilduma da, «dena biltzeko» asmoarekin, Lizar Begoñaren hitzetan. Beste hiru atalak ‘Intentziorik gabeko kimuak’, ‘Cyperus rotundus’ eta ‘Hirugarren paisaia’ deitzen dira.

Bigarrenean «intentziorik gabeko poemak» bildu ditu Begoñak, belar txarrekin analogia eginez. Berak azaldu duenez, honetan, «nahi ez ditugun landareak» ditu erdigune, «batez ere trataera aldetik».

‘Cyperus rotundus’en espezie inbaditzaileenetariko baten izen zientifikoa izan du lagun. Bestalde, Jorge Oteizaren ‘Itziar, elegía y otros poemas’ bilduman oinarritu da. «Oso interesgarria iruditu zitzaidan Oteizak poesian forma eskultorikoekin, hitzen kokapenarekin eta gramatikarekin egindako jolasa», zehaztu du idazleak.

Hirugarren paisaia, liburuaren laugarren kapitulua, prosan idatzitako lau piezak osatzen dute. Bakoitza espezie baten ingurukoa da: anemona, palmondoa, bonsaia eta kaktusa, alegia.

Botanikarekin ere lotura estua dauka ‘Gepardo japoniarrak’, beraz. Begoñak aurkezpenean azaldu duenez, ez du zaletasun pertsonal handirik botanikarekiko, eta bere lanean «aitzakia testual edo poetiko» gisa hartu du, figura literario bezala.

Azala Guillermo de Foucault artistak egindakoa da. Adreilu inguruetan hazitako landareak irudikatu ditu eta, idazlearen iritziz, liburuan zehar jorratzen den hiria eta landareek daukaten loturari erreferentzia ona egiten dio.

Aurkezpenean azaldu duenez, Gilles Climent botanikari, paisajista eta idazle frantsesaren lana izan du oinarri eta inspirazio. Liburuaren «oinarria» hain zuzen, hasieran agertzen den botanikariaren aipu bat da.

«Liburuak iradokitzeko gaitasuna dauka, irakurleari espazioa uzten baitio. Poemek misteriozko pilulak dirudite batzuetan, irakurlea ezagun ez zaizkion lurretara eramaten dituena, durduza batean, mugetan ageri diren eremu horietara», laburbiuldu du Leire Lopez Ziluagak.