NAIZ

Osasun zerbitzuak «ahalik eta azkarren» berreskuratzeko eskatu dio Lautadak Lakuari

Arabako Lautadako Kuadrillak langileak, ordutegiak eta osasun zerbitzuak «ahalik eta azkarren» berreskuratzeko eskatu dio Osasun Sailari. EH Bilduk kritikatu egin du EAJk ez duela eskaera hau babestu Iruraiz-Gauna, Barrundia edo Donemiliagako udaletan egin duen bezala.

Araiako herritarrek egindako elkarretaratzea murrizketen aurka.
Araiako herritarrek egindako elkarretaratzea murrizketen aurka. (ASPARRENAKO UDALA)

Arabako Lautadako Kuadrillak Osasun Sailari eskatu dio pandemia aurreko osasun arreta «azkar» berreskuratzeko, langileei, ordutegiei eta zerbitzuei dagokienez. Ekimena EH Bildurena izan da eta EAJk aurka bozkatu du. Dulantziko DTI talde independenteko ordezkariek, aldiz, mozioa babestu dute.

Gustavo Fernandez Villate EH Bilduko taldeko bozeramale eta Kuadrillako presidenteordeak ohar batean adierazi duenez, «Lautadako herritarrek kezka handiz bizi dute eskualdeko osasun zerbitzuen egoera tamalgarria ehunka sinadura bilduz eta, horregatik, EH Bilduk adostasuna lortzeko ahalegina egin du. «Gure bizilagunentzako lehen arretako osasun zerbitzu duin baten aldarrikapenean batasuna erakusteko unea da, gure landa izaera, sakabanaketa eta biztanleria zahartua kontuan hartuko dituena. Tamalez ez dugu lortu», deitoratu du.

Nolanahi ere, onartutako mozioan, pandemiaren aurreko osasun zerbitzua berreskuratzeaz gain, Osasun Sailari eskatzen zaio konpromisoa har dezala egungo eskaera eta etorkizuneko aurreikuspena aztertzeko, baliabide egokienak zehazteko. Era berean, Sailarekin batera lan egiteko konpromisoa hartu du Kuadrillak, «baliabideak benetako beharretara egokitzeko».

Fernandez Villatek gaineratu duenez, «mozio hau onartzearekin ez da ezer amaitzen, dinamika bat hasi behar da orain onartutakoa bete dadin eta Kuadrillako presidenteak du jarraipena egiteko ardura gure osasun zentroetako Lehen Arretaren funtzionamendu eskasari irtenbideak emateko helburuarekin lan egiten dela bermatu dezan».

Eskualdeko zenbait udalerritan murrizketen aurkako mozioak onartu dituzte. Iruraiz-Gauna, Barrundia edo Donemiliagako udaletan, esaterako, EAJk ere babestu zituen ekimenak, eta Asparrenan abstenitu egin zen.