NAIZ

Athleticeko kapitain Garazi Murua, «oso pozik» beste urtebetez «etxean» jarraitzeagatik

Garazi Murua kapitainak Athleticekin kontratua berriztu du beste urtebeterako. Getxoko futbolaria «oso pozik» agertu da «etxean» jarraitzeagatik. Bere bederatzigarren urtea beteko du elastiko zuri-gorria defendatzen.

Garazi Murua Joseba Aguirre kirol-zuzendariarekin hitzarmena luzatu berritan.
Garazi Murua Joseba Aguirre kirol-zuzendariarekin hitzarmena luzatu berritan. (ATHLETIC CLUB)

Garazi Muruak Athleticen jarraituko du beste urte batez. Getxoko futbolariak 2023. urtera arte berriztu du hitzarmena eta hala, bere bederatzigarren denboraldia beteko du klub bizkaitarrean. Lezamara 2010-2011 denboraldian iritsi zen, Bizkerretik eta 2015. urtean egin zuen debuta lehen taldearekin, 20 urte zituela eta AEBtako Unibertsitate ligan denboraldi bat eman ostean (East Tennessee-ko unibertsitatean). Hurrengo denboraldian jarraikortasun handia izan zuen taldean eta bere lehendabiziko liga irabazi zuen.

Athleticeko kameren aurrean eskainitako adierazpenetan «oso pozik» agertu da beste urte batez Lezaman jarraitzeagatik: «Oso pozik nago elkarrekin jarraituko dugulako beste urte batez. Hemen egin dut nire ibilbide profesional guztiaeta beraz, oso pozik nago».

Onartu du berarentzat «oso berezia» dela Lehen Mailan etxean jokatzeko aukera izatea, «lagunekin, familiarekin, taldearekin...». Elastiko zuri-gorria gehien defendatu duen zerrendan hemezortzigarren jokalaria da. 178 partida jokatu ditu goi-mailan eta klubak nabarmendu bezala, 200 partida jokatu dituztenen zerrendan sartu daiteke hurrengo denboraldian.

«Getxoztarra jokalari erregularra eta sendoa da atzeko lerroan eta taldeko liderra da zelai barruan eta bertatik kanpo», deskribatu du Athleticek bere kapitaina.

Muruak, bere aldetik, onartu du iazko denboraldia «oso gogorra» izan zela eta aurtengoa, «hobea» izan dela. Martxotik aurrera galdu duten erregulartasun hori nabarmendu du eta hurrengo denboraldira begira, «nortasuna mantentzen» saiatu behar direla, «lehiakorrak izateko eta sailkapeneko goiko postuetara iristeko».