Orduak baino ez dira falta Zegama-Aizkorri lasterketaren 21. ekitaldiari hasiera emateko. Eta den-denen ahotan baieztapen bat dago: aurtengo edizioak inoizko maila handiena izango du. Gogora dezagun, pandemiaren erruz, azken bi urteotan Euskal Herrian zein atzerrian sona handia duen mendi maratoi hori ez dela jokatu.
Aurten, aldiz, bai; eta ziur aski Golden Trail World Series zirkuituarentzat baliagarria delako, lehen lerroan dauden (elitea) nazioarteko lasterkari asko Zegamako irteera puntuan izango dira. Zalantzarik gabe, Salomon etxeak antolatutako zirkuitu hori “amu” oso erakargarria da; izan ere, saritan kantitate garrantzitsuak banatzen ditu. Beraz, Zegama-Aizkorrik duen tiradizoak eta zirkuitu horrek elitearentzat duen ospeak kimika berezia sortzea lortu dute.
Maratoi horretan lehiatuko diren korrikalarien izenak soilik aipatzeak “beldur” pixka bat ematen du. Irabaztea izango dute helburu, baina, bide batez, probaren errekorrak hobetzen saiatuko dira. Batetik, diru gehiago irabaziko dutelako. Eta bestetik, errekorraren jabearen izena indartuko delako. Nesketan, Maite Maiorak du denbora onena. 2017. urtean 42 kilometro eta 2.736 metroko goranzko desnibela dituen ibilbide hori 4:34:27 denboran egin zuen. Mutiletan, berriz, Stian Angermund norvegiarra protagonista izan zen. Urte berean, kronoa 3:45:08an geratu zuen. Xede horren bila joango direnek ez dute batere erraza izango. Oso sasoiko iritsiko dira eta egundoko eskarmentua dute, baina eguraldiak eta ibilbidearen baldintzek berebiziko garrantzia izango dute. Hots, erabateko eragin zuzena.
Maude Mathys, faboritoa
Balorazio horretan, bederen, ez da inolako zalantzarik. Emakumezkoen kategorian, Zegama-Aizkorri bezalako probetan lasterkari suitzarra erregina da. Izen handia duten hitzorduetan gailendu da, baina Nienke Brinkman parez pare izango du. Herbeheretarrak asko hobetu du, eta badirudi oraindik ez duela sabaia jo. Ibilbidea lehor badago, Mathysek ondo kudeatu beharko du lasterketa. Teknikoagoa eta igoeretan indartsuagoa da, baina Brinkman oso azkarra da.
Courtney Dauwalter-en inguruan galdera ikur asko daude. Ultramaratoietan egungo espezialista handiena da, baina, agian, maratoi hau estatubatuarrari motz geratuko zaio. Ida Nilsson, Emilie Forsberg, Marcela Vasinova… horiek ere lehen postuetan izango dira. Eta euskal korrikalarien artean, Oihana Kortazar eta Sara Alonso. Elgetarrak, adibidez, badaki zer den Zegama-Aizkorri irabaztea. Donostiarra, berriz, mendi lasterketetan edo trail munduan egundoko progresioa izaten ari da.
Eta Kilian Jornet?
Bada, galdera hori katalanak berak erantzun beharko du. Maratoi horretan hamargarren txapela erdietsi nahi du, eta inork ez du ezbaian jartzen duen gaitasuna. Azken urteotan lehiak pixka bat alde batera utzi ditu, baina ezagutzen duten guztiek dioten bezala, beti oso-oso sasoiko dago.
Jornet ez da Zegama-Aizkorri hitzorduaren errekorra duen Angermund-en ondoan izango; norvegiarrak erabaki du parte ez hartzea. Alabaina, eliteko beste lehiakide batzuekin nor baino nor jardungo du. Manuel Merillas espainiarra oso sasoiko dago eta ezustekoa eman dezake. Petro Mamu eritrearrak, berriz, Jornet jaitsiera batean irabazi dio, baina ez da katalanaren mailara heldu. Rami Bonnet aurrean ikusiko dugu. Gazte suitzar hori oso azkarra da, baina Zegaman batean kale eta bestean bale ibili da.
Lasterkari tekniko zein azkarren artean, honakoak aipatu behar dira: Frederic Tranchard, Anders Kjarevik, Francesco Puppi… Hauek guztiak maila bat beherago daude. Aritz Egea, Asier Larruzea eta Ander Iñarra euskal ordezkari esanguratsuenak dira.
Bestalde, Zegama-Aizkorri lasterketan izango den “armada” kenyarraren berri emango dugu. Bet Kitmai liderra da, eta Afrikako atleta honek erakutsi du gaitasun handia duela traileko lehietan. Iaz, Euskal Herrian izan zen; hain zuzen ere, Gorbeia Suzien lasterketan. Hirugarren postua sinatu zuen.
Azkenik, aurreratu behar dugu Zegama-Aizkorri maratoia bertatik bertara ikusteko aukera ez duenak, telebistaz edo streaming bitartez jarraitzeko aukera izango duela. Euskal Telebistak, adibidez, datorren 29an jokatuko den hitzordu handi hori zuzenean eskainiko du.