NAIZ

Oinarrizko eskubideen aldeko konpromisoa azpimarratu du EH Bilduk Konferentzia Munizipalistan

Herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatzea, bizi kalitate hobetzea eta zerbitzu publikoak indartzea da EH Bilduren konpromisoa udaletan. Horrela nabarmendu du Azpeitiko alkate Nagore Alkortan Iruñean egiten ari diren Konferentzia Munizipalistan.

Nagore Alkorta, Iruñeko EH Bilduren Konferentzia Munizipalistan.
Nagore Alkorta, Iruñeko EH Bilduren Konferentzia Munizipalistan. (EH BILDU)

«Atzean inor ez uzteko eta herritar ororen oinarrizko eskubideak bermatzeko balorea, herritar ororen bizi kalitatea handitzeko eta gure udalerrietan punta-puntako zerbitzu publikoak izateko konpromisoa» da EH Bilduk udaletan duen jardueraren ezaugarri nagusi Iruñean egiten ari diren Konferentzia Munizipalistan Nagore Alkorta Azpeitiko allkateak nabarmendu duenez.

«Herritarrek eskertu eta saritu egiten dute gure egiteko modua. Saritu eta eskertu egiten dute erakusten dugun gertutasuna, herritarrak entzutea, haien eskaerak aintzat hartzea, haien ekarpenak politika publiko bihurtzeko esparruak sortzea eta elikatzea. Saritu egiten dute sortzen diren arazoei eta beharrei aurre egiteko erakusten dugun sormena. Saritu eta eskertu egiten du udalerri hobeak egiteko erakusten dugun konpromisoa eta gaitasuna. Lehen ere esan dizuet, eta errepikatuko dut. Gehiago izango gara laster!», gaineratu du Alkortak.

«EH Bilduko udal hautetsien egiteko modua bereizgarri bat da. Hori da besteengandik bereizten gaituena. EH Bilduko alkateok herritarrekin batera gobernatzen dugu. Harremanak indartzea eta haiekin elkarlanean aritzea gure-gurea den bereizgarria da.  Gares da horren adibide. Herritarren borondateei eta ekarpenei bide ematea eta horiek politika publiko bihurtzea. Gure egiteko moduaren beste bereizgarri bat. Durango eta udalerria berrantolatzeko proposamena eta egindako galdeketa horren lekuko dira. Kohesioa lantzea eta komunitate bakarra garenaren ideia sustatzea eta indartzea, horrek eraginkortasunean indar biderkatzailea daukala sinetsita. Hor gure egiteko moduan hirugarren bereizgarria. Errenterian ondo ikus dezakezue hori. Eta amaitzeko, desberdinekin lan egin eta adostasunak lortzeko gaitasuna. Galdakaon ondo ikus daiteke hori. Lau indar politiko elkarrekin udal gobernuan, egunero-egunero akordioak eginez, udalerriaren eta herritarrez hobe beharrez», nabarmendu du.

Intxaurrondoaren analogia

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Izaro Elorzak, Oñatikoak, irakurri dute ekitaldiaren amaieran mugimendu munizipalistaren manifestu fundazionala. Bertan berretsi dute EH Bildu herri eta hiriak «ingurune kapazitanteak» bihurtzeko ahaleginean ari dela, «ingurune bizigarriak» sortzen saiatzen, «pertsona guztientzako bizimodu duinak bermatzeko helburuarekin».

«Ongizatearen neurria gutxien dutenen ongizateak ematen digu, eta bizimodu bizigarriak eraikitzeko beharrezkoak diren eremu guztiak hartzen ditugu aintzat, hala osasuna nola enplegua, hala hezkuntza nola kultura», adierazi dute.

Intxaurrondoarekin egin dute analogia: «Intxaurra da ingurune kapazitantea». Hala, mamia, zaindu behar den hori, «oinarrizko eskubideek eta zaurgarrienak diren pertsonen eta kolektiboak» osatuko lukete. «Babesik handiena horrek behar du, eta hor azaleratzen diren premiek interpelatu egiten gaituzte, bortizki», ohartarazi dute.

Oskol zaintzailea, berriz, «komunitate senak» osatuko luke. «Herri edo hiri bat ehun delikatu bat da, sare indartsu bihurtzen dena bertan bizi direnak euren inguruan gertatzen denarekin konprometitzen direnean», ondorioztatu dute.

Eta, azkenik, azala, «testuingurua». Testuingurua ere sortu egin behar dela defendatu dute Hernando eta Elorzak, eta hau «onuragarria» zein «lagungarria» izan behar dela. «Hiriaren antolakuntzaz ari gara, hain zuzen ere –argitu dute–; bertan dugun mugikortasunaz, naturaz gozatzeko dugun gaitasunaz, arnasten dugun aireaz edota edaten dugun uraz; interakzioa erraztu, kohesioa sustatu eta oinarrizko bizi baldintzetara sarbidea ematen duten azpiegitura sozialak edota espazio fisiko partekatuak».

Aipatutako guztia gauzatzeko, EH Bilduk beharrezkoa deritzo «agenda politiko propioa eraikitzeko gai den gobernantza eredua» erdiestea. «Lidergo eredu berri bat, eragile eta herritarrekin harremana indartu eta elkarlanean jarduteko espazioak etengabe zabaltzen dituena» eta «kohesioa» landuko duena.

«Lan egiteko eredu honek helburu etiko eta politiko bat du: haien burua subjektu politiko, ekonomiko eta kultural bezala duten herritarrek osatutako komunitate ahaldundu bat eraikitzea», nabarmendu dute.

Bidea ez dela erraza aitortu dute, batik bat «inoizko ziurgabetasunik handiena» bizi duen garaian, baina «itxaropena eraikitzeko» prest direla segurtatu dute EH Bilduko ordezkariek: «Euskal Herria behetik gora eraikitzen ari garen mugimendu munizipalista gara, eta berdinen errepublika, Euskal Herria euskalduna, feminista, anitza, justua eta solidarioa dugu helburu».