Gabi Daraspe GKS Gazte Koordinadora Sozialistako kidea iragan ostiralean atzeman zuen Ertzaintzak Itziarren.
Horren ondotik Martuteneko espetxean presondegiratua izan da gazte urruñarra, urte erdiko zigorra betetzeko.
Ipar Euskal Herriko GKSk ohar baten bidez jakitera eman duenez, «espetxe zigorrak 2018ko ikasle greba baten gertakariekin du lotura, hots, Gabi Daraspe lan politikoa egiteagatik sartu dute preso».
Martuteneko kartzelan sartu dutenetik lapurtarra «bakarturik eta informaziorik gabe atxikitzen dute, covid protokoloaren estakurupean» jakinarazi du GKSk.
Salatu duenez, orain arte Daraspek ezin izan du bere konfiantzazko abokatuarekin harremanik ukan ezta presondegiratzearekin batera ohikoa den telefono deia egin.
Bere oharrean gaineratu duenez, «estatuen izaera autoritarioa eta errepresiboa geroz eta agerikoagoa den testuinguru honetan, militantzia politikoaren kontrako ofentsiba salatu eta lan politikoa egiteko baldintzak defendatzea dagokigu»
Gabi Daraspe gazte militantearen berehalako askapena galdeginen dutela ekainaren 3an, ostiralarekin, Baionan eginen den mobilizaziorekin iragarri du Ipar Euskal Herrik GKSk.
Manifestazioa Baionako San Andres plazatik abiatuko da, arratsaldeko 19:00 orenetan, «Gabi askatu - Amnistia osoa» lelopean.
Bestalde, gaur 13.45ean Baionako Etxepare Lizeoko atarian elkarretaratzea antolatu dute bertan iraskasle bezala jardun duen urruñarraren askatasuna eskatzeko.