Ion Salgado

Ehun mugimenduak burujabetza «praktikan» jarriko du larunbat honetan Irunen

Ehun mugimenduak «burujabetza praktikan» jarriko du larunbat honetan Irunen egingo duen «ekintza masiboan». «Lapurtutako burujabetza praktikan jartzen saiatuko gara, modu alai batean, modu parte-hartzailean», adierazi du Unai Apaolaza euskal errepublikaren aldeko egitasmoaren kideak.

Ehun mugimenduak iaz Donostian egindako ekimen baten argazkia.
Ehun mugimenduak iaz Donostian egindako ekimen baten argazkia. (EHUN)

Ehunek «ekintza masiboa» egingo du larunbat honetan. Irungo Ficoban izango da, 12.00etan, eta parte hartuko duten lagunei mozorrotuta joateko eskatu die euskal errepublikaren aldeko mugimenduak. Unai Apaolaza Ehun mugimenduko kideak NAIZi azaldu dionez, «burujabetza praktikan» jarriko dute aipatutako ekimenean.

«Burujabetza lapurtu egin digute eta beti mugatu izan gara burujabetza hori eskatzera, hain zuzen burujabetza hori lapurtu digutenei. Eta horrek ez du funtzionatzen. Beraz, burujabetza hori eskatu beharrean, praktikan jarriko digu: eta ekintza hortik joango da, lapurtutako burujabetza praktikan jartzen saiatuko gara, modu alai batean, modu parte-hartzailean», nabarmendu du.

Izan ere, parte hartuko duten lagunei mozorrotuta joateko eskatu die Ehun mugimenduak. Dena den, Apaolazak argi utzi du ez dela beharrezkoa: «Nahiago dugu jendea mozorrotuta joatea, baina norbaitek mozorrorik gabe joan nahiko balu ere ongietorria izango da. Ez dago inongo arazorik».

Helburuari dagokionez, ekintza honen xedea euskal errepublikaren beharra agerian jartzea dela ohartarazi du. «Baina ez protesta modu batean, baizik eta praktikara eramaten gure burujabetza, gure ustez euskal errepublika horrek bermatuko liztuzkeen eskubide eta burujabetza horiek», adierazi du.

Aitortu duenez, ideia honek «oso abstraktua dirudi. Baina larunbateko ekimenaren ondoren jendeak hobeto ulertuko du esaten duguna». Eta herritarrek ere ezagutuko dituzte Ehun mugimenduak aurrera eramango dituen hurrengo ekintzak. «Baditugu prest eta data jarrita, eta larunbatean bertan ziur aski iragarriko dugu noiz izango den hurrengoa», gaineratu du.

Ekimen eta ekintza hauekin Euskal Herriaren burujabetza, edo hobe esanda «burujabetzak», praktikara eramango dituzte, eta espero dute gero eta jende gehiago batzea. «Egingo ditugu jendartearen parte oso zabal batek begi onez ikusiko dituen burujabetza ekintzak», azpimarratu du Apaolazak, eta nabarmendu du «askoz gehiago» ezin duela esan.

Hala, larunbatean bertan ezagutuko dira ekintza honen xehetasunak eta Ehun mugimenduak etorkizunean emango dituen hurrengo pausuak.