NAIZ
Iruñea

Maiatzak 3.566 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Apirileko beheranzko joerari segida emanez, Hego Euskal Herrian erregistratutako langabezia 3.566 pertsonatan jaitsi zen maiatzean. Hilabete amaieran 145.414 pertsona zeuden enplegu bulegoetan izena emanda.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen.
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Maiatzaren bukaeran 145.414 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 3.566 gutxiago, Enplegu Ministerio espainiarrak argitaratutako datuen arabera.

Apirilean gertatu zen bezalaxe, langabezia erregistratuak lau herrialdeetan egin du behera, bereziki Nafarroan. Bertan, apirileko datuekiko, jaitsiera %4,08koa izan da, 1.364 lagun gutxiago baitaude langabezian (32.062 dira guztira).

Gipuzkoan, beherakada %2,04koa izan da, apirilean baino 629 langabe gutxiagorekin. 30.162 pertsona zeuden enplegu zerbitzuetan izena emanda hilabete amaieran.

Bizkaian 63.793 pertsona daude langabezian, apirilean baino 1.287 gutxiago, hau da, %1,98ko jaitsiera.

Araban jaitsiera zertxobait txikiagoa izan da, %1,45ekoa, 286 langabe gutxiagorekin eta 19.397 guztira.

Azken hamabi hilabeteetako bilakaerari dagokionez, Nafarroan hobetu dira gehien datuak Hego Euskal Herri osoan, langabezia erregistratua %16,85 jaitsi baita.

Gainerako herrialdeetan jaitsiera nabarmen txikiagoa da: %8,11 Bizkaian, %7,42 Gipuzkoan eta %5,91 Araban.

Estatu espainiarrean, oro har, 99.512 langabe gutxiago erregistratu ziren maiatzean, 2.922.911 guztira; beraz, hiru milioitik behera egin du 2008tik lehen aldiz.