NAIZ

Igandera arte ateak ireki ditu Bioterrak, 116 stand eta 50 ekitaldi bilduz

Hemeretzigarren urtez ospatzen ari da Bioterra azoka Irungo Ficoban. 116 erakusmahai eta 50tik gora ekintza antolatu dituzte igandera bitarte. Produktu ekologikoak egoteaz gain, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua izango dira protagonistak.

Bioterra azokan ikus daitekeen erakusmahaietako bat.
Bioterra azokan ikus daitekeen erakusmahaietako bat. (Idoia Zabaleta | Foku)

Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren adierazgarri den Bioterra azoka ostiral honetan abiatu da Ficoban eta igandera arte eskaintza oso zabala du hurbildu nahi den edonorentzat.

2004. urtean sortu zen eta hau, beraz, 19. edizioa da. Mardula da aurten bildutakoa:

Bioterrak elikaduratik eta produktu ekologikoetatik hasi eta bioeraikuntzara edo energia berriztagarrietara arteko proposamenak eskaintzen ditu, eta Gipuzkoako azoka-esparruko hiru pabilioiak hartzen ditu.

Monica Pedreira Ingurumen Foru zuzendariak, Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak, Lakuaren izenean, parte hartu dute irekiera ekitaldian.

Antolatzaileek laburbildu dutenez, «Bioterra topagune eta tresna bat da, produktu ekologikoetan interesa duten pertsonen, erakusketarien eta bisitarien arteko lankidetza errazten duena, energia-eraginkortasunarekin, autokontsumoarekin eta kontsumo arduratsuarekin kezkatuta».

Permakultura

Natura-baliabideen, kontsumoaren, ekoizpenaren eta eraikuntzaren kudeaketa jasangarriaren garrantziari buruzko kontzientzia sortu nahi du, bizi-kalitatea, gure osasuna eta planetarena hobetzeko.

Edizio berri honetan «permakulturan jarri nahi dugu arreta –nabarmendu dute–. Filosofia eta bizimodu hori nekazaritza iraunkorrari lotuta jaio zen. Baina gaur egun giza jardueraren esparru guztietara zabaldu da: etxebizitza, teknologia, hezkuntza, osasuna, energia berriztagarriak edo ekonomia, oro har».

Aurten, gainera, «gure itsaso eta ozeanoetan murgilduko gara. Jakin nahi dugu nola dauden, zer erronkari aurre egin behar dioten eta zer egin dezakegun planeta urdin honetan bizi garen pertsona bakoitzak, biodibertsitate-iturri horrek klima-aldaketaren eta kutsaduraren aurrean men egin ez dezan. Itsasoak baitira Lurra bizigarri egiten dutenak».